Espainiako Eskola Kontseiluak esan du salbuespenetan bakarrik onartzeko sakelakoak eskoletan

Eskola Kontseiluak eskatu du Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetara ez eramateko sakelako telefonorik; institutuetan, eramanez gero, itzalita eduki beharko dituzte. Proposamena datorren astean aztertuko dute erkidegoetako ordezkariekin.

Teknologia eta gazteak
Haur batzuk sakelakoarekin, artxiboko irudian. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urtarrilaren 25a
15:21
Entzun

Ikastetxeetan sakelakoa erabili behar dute ala ez? Horixe da azkenaldian hezkuntzan sortu diren eztabaidetako bat. Gaur Espainiako Eskola Kontseiluak aztertu du gaia, eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezekin eta Hezkuntza ministro Pilar Alegriarekin bildu ostean, erabakia hartu dute: sakelakoak debekatzea onartu dute, salbuespen batzuetan izan ezik.

Debekua, ikasleen adinaren arabera, malguagoa edo zurrunagoa izango da. Kontseiluaren proposamenean, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei proposatu diete ikasleek ez dezatela sakelako telefonorik eraman zentrora, kasu jakin batzuetan izan ezik; osasun egoeragatik behar dutenen kasua aipatu dute salbuespen gisa. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, telefonoa eskolara eramanez gero, itzalita eduki beharko dute. Salbuespena zehaztu dute kasu horretan ere: hezkuntzarako erabili ahal izango dute, irakasleek gainbegiratuta.

Sanchezek eta Alegriak berak proposatu diote Espainiako Eskola Kontseiluari ikastetxeetan telefonoak debekatzea. Gainera, Alegriak datorren asteazkenean helaraziko die kontseiluaren proposamena autonomia erkidegoetako ordezkariei, eta hura eztabaidatzeko bilera egingo dute.

Jaurlaritzak, debekurik ez

Eusko Jaurlaritzak joan den astean egin zuen sakelakoen erabilerari buruzko agerraldia. Ez zituzten debekatu, eta esan zuten urtea amaitzerako ikastetxeek barne araudi bat sortu beharko dutela sakelakoaren erabilera erregulatzeko. Nafarroako Gobernuak oraindik ez du argitu zein iritzi duen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.