Memoria

Espainiako Estatuak 1978ko sanferminetako gertaeren erantzukizuna har dezala eskatu dute

Polizia armatuak hildako German Rodriguezen anaia Fermin eta 78ko Sanferminak Gogoan plataformako Sabino Cuadra parlamentuan izan dira, eta taldeei lau eskaera egin dizkiete, estatuak ezarritako «zigorgabetasuna amaiarazteko»

78ko Sanferminak Gogoan taldearen elkarretaratzea iragan irailean. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2021eko apirilaren 14a
11:58
Entzun

«1978ko gertaerak izan zirenean, nik 20 urte nituen, eta ordu hartan ezin nezakeen imajinatu orain, 63 urterekin, egia eta justizia bila jarraituko nuela». German Rodriguezen anaia Fermin Rodriguez Nafarroako Parlamentuan izan da, eta ozen salatu du 43 urteotan informazioa lortzeko bidean estatuak oztopoak jarri dizkiola eta ikertzeko borondate politikorik eza erakutsi duela. 1982an, auzia itxi zuten epaitegietan, eta Rodriguezek etengabe eskatu ditu dokumentu jakin batzuk Barne eta Defentsa ministerioetan, baina erantzun bera eman izan diote: jakinarazi diote ez dagoela eskatutako dokumentu hori, edo zuzenean ez diote erantzun.

Fermin Rodriguezekin batera izan da Sabino Cuadra, 78ko Sanferminak Gogoan plataformako kidea, eta azken urteetan kasuaren inguruan egin diren urratsen berri eman du. Alde batetik, Rodriguezen sendiak eta Poliziaren oldarraldian kaltetuak izan zirenek, plataformak eta peñen federazioak kereila aurkeztu zuten Iruñeko epaitegian, eta, lehen auzialdian eskaera atzera bota bazen ere, Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain daude. Halaber, Manuela Servini Argentinako epaileak frankismoko eta trantsizioaren lehen urteetako krimenak ikertzen ari da, eta bertan sartuta dago 1978ko Iruñeko sanferminetan izandako Poliziaren oldarraldi bortitza. Iazko irailean Rodolfo Martin Villa Barne ministro ohiari deklarazioa hartu ondotik, ebazpenaren zain dago. 

Politikoki, berriz, Nafarroako Parlamentuak bi adierazpen bidez babestu du euren jarduera, Cuadrak gogora ekarri duenez. 2017ko azaroan, ia aho batez, 1978ko gertaerekin zerikusia zuten dokumentu guztien desklasifikazioa eskatu zuen, baina oraingoz Espainiako Gobernuak entzungor egin dio. 2019an, berriz, epaitegietan aurkeztutako kereilari babesa adierazi zion legebiltzarrak.

Memoria demokratikoaren legeaz
Halaber, Espainiako Gobernuak iazko irailean memoria demokratikoaren legearen aurreproiektua aurkeztu zuen. Memoria historikoko elkarteen plataformek aurreproiektu horri adierazitako hitzak bere egin ditu 78ko Sanferminak Gogoan taldeak. Hala, azpimarratu du Zapateroren 2007ko memoria historikoaren legearekin alderatuta «aurrerapauso nabarmena» dela, baina, era berean, ez dela «estatuko zigorgabetasun erregimenarekin hausten», eta «gabezia handiak» dituela.

Urratsen artean daude frankismoaren biktimak aitortzea, diktadurako sinbologiak eraistea, memoria historikoa eskoletan lantzea, frankismo kutsua duten fundazioen aurka egitea... Halaber, diktadurako epaitegien ebazpenak baliogabetzeko asmoa du legeak, eta, urrats horrek «balio sinbolikoa» duela onartu arren, kritikatu du ezingo zaiela «ez estatuari ez eta enpresei ere ondare arloko ardurarik eskatu». Gaineratu du aitortza egiterakoan biktimak kontuan hartzeko definizio zurruna egiten duela aurreproiektuak. Halaber, beharrezkotzat jo du 1977ko amnistia legea indargabetzea, sekretu ofizialeko agiriak desklasifikatzea, eta diktaduraren krimenak gizateriaren aurkako krimen gisa ez dituela hartzen.

Lau eskaera parlamentuari

Hala, lau proposamen egin dizkiote Nafarroako Parlamentuari. Alde batetik, 2017an eta 2019an legebiltzarrak sekretu ofizialeko dokumentuak desklasifikatzeko eta aurkeztutako kereilei babesa adierazteko ebazpenak berresteko eskatu die taldeei. Bigarrenik, memoria historikoko elkarteekin bat eginez, beharrezkotzat jo du Kongresurako tramitera iristean memoria demokratikoaren legean gizateriaren aurkako krimen gisa izendatzea orduko hilketak. Hirugarrenik, gogora ekarri du estatuak inoiz ez duela aitortu 1978ko sanferminetan izandako gertaeren erantzukizun zuzena, eta parlamentuari eskatu dio hori exijitu dezala. Azkenik, sekretu ofizialen legea «indargabetu edo erreforma sakona» bultzatu dezala eskatu diote, gardentasun printzipioaren arabera herritar orok eskubidea izan dezan egun sekretutzat jotako agiri horiek ikusteko. 

Fermin Rodriguezen arabera, Alemanian ez dago egun Adolf Hitlerrek babestutako legerik, ezta Italian ere Mussolinik bultzatutako legerik. Alta, gogora ekarri du Espainian sekretu ofizialen legea diktaduraren garaikoa dela. «Erabateko boterea ematen dio estatuari zer informazio eman eta zein ez erabakitzeko. Zigorgabetasunaren babeslekua da».

Taldeei dagokienez, PSNko Inma Juriok nabarmendu du espero duela konponbide bat bilatzea eta, alde horretatik, haren edukiarekin erabat ados ez daudela ulertu arren, azpimarratu du memoria demokratikoaren legea aurrerapauso bat izan daitekeela. Geroa Baiko Uxue Barkosen arabera, erresistentzia ahalmena erakutsi dute 43 urteetan, eta instituzioetatik haien jarduna babesteko konpromisoa adierazi du. EH BIlduko Bakartxo Ruizek adierazi du Kongresuan diktaduraren krimenak gizateriaren aurkakoak izendatzeko zuzenketa eskatuko dutela.

Iriarte eta Rodriguezen iritzi trukea

Navarra Sumako Iñaki Iriartek errespetua adierazi dio sendiaren minari, eta azaldu du 1978ko sanferminetan Poliziaren esku hartzea «indiskriminatua eta negargarria» izan zela, eta ondorengo urteetako epaitegiek ez zutela behar beste ikertu: «Ez zuten jakin edo ez zuten nahi». Dena den, azpimarratu du indarkeria handiko testuinguru politiko batean gertatu  zela, «batzuei» ez zitzaiela inporta hiltzea, eta horrek «trantsizioa are zailago egiten» zuela.

Fermin Rodriguezek Iriarteri zuzendu dizkio azken hitzak: «Oso ondo jabetzen naiz garai hartan izandako biktima guztiez eta haren minaz, baina ezin dut onartu halako alderatzerik. Ezin dezaket onartu borroka armatuan aritzen zen erakunde batek hiltzea justifikazio bat denik Poliziak gehiegikeriaz jarduteko. Ezin liteke Donostiako autobusen gidari bat bahitu, torturatu eta ondoren Bidasoa errekan bota. Ezin daiteke onartu munizio errealarekin jendearen aurka tiro egitea. Argudio hori ez da baliagarria. Sentitzen dut». Agerraldia amaituta, Iriartek Rodriguezengana jo du harekin solas egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.