Hauteskunde emaitzen inguruan, Otegik aitortu du EH Bilduk ez dituela lortu espero zituen helburuak. “Egia da emaitzak ez direla onak izan”. Garrantzi handiagoa eman dio, ordea, “sakonean dauden mugimenduak” aztertzeari. Alde horretatik, azpimarratu du koalizioak “bete-betean" asmatu duela egin duen diagnostikoan. “Kanpainan, esan dugu Espainiako Estatua ezin dela demokratizatu. Gaur hori edozeinek ikus dezake, argi eta garbi”. Egoera ikusirik, Euskal Herrian “prozesu konstituziogile eta herritarra” abiatzea proposatu du Otegik, “burujabetza berreskuratu” eta “eraldaketa soziala” bultzatzeko. “Espainian ezin dena Euskal Herrian posible da”, ziurtatu du.
Otegik argitu du inori ezer “aurpegiratu” gabe egiten duela proposamena, "ez aldaketa estatuan posible zela sinisten zutenei, eta ez beste inori". Haren hitzetan, “herri justuagoa” nahi dutenei egiten die “gonbidapena”.
11 urte legebiltzarretik kanpo
"Urte asko dira hemendik atera gintuztenetik", esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiak legebiltzarrera iritsitakoan; 11 urte dira, hain justu. "Egun pozgarria da, esanda bezala, itzuli naizelako". EH Bilduko legebiltzarkideekin lan bilera egitera joan da, "legebiltzar taldeari egiten ari diren lanagatik eskerrak ematera", eta egoera politikoari buruz bere ikuspuntua ematera.
Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkidearekin iritsi da, eta besarkada banarekin hartu dute Unai Urruzuno, Rebeka Ubera, Juanjo Agirrezabala eta Eva Blanco legebiltzarkideek. Segidan, bilera egin du Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidentearekin.