Datorren urriaren 20an hiru urte beteko dira ETAk jarduera armatua behin betiko bukatu zuela jakinarazi zuela, eta Espainiako Estatuko Fiskaltzak aitortu du, hiru urtera, haren erabakia «irmoa» dela. 2013ko memoria aurkeztu du fiskaltzak, Espainiako Justiziaren urte politikoaren hasiera ekitaldian, eta estatuko polizia indarren txostenetan oinarrituta atera du ETAren jardun armatuaren bukaerari buruzko ondorioa. Txostenak dakar ez dela hura ekintza armatura itzuliko den «adierazlerik». Aspalditik daukate aterata ondorio hori Euskal Herriko eragile gehienek eta nazioarteko aditu eta erakunde esanguratsu askok, jendaurrean ere maiz azalduta daudenez.
Hala ere, fiskaltzak uste du ETA «ezin egon» dagoela gatazkaren ondorioetan aurrerapausorik ez duelako ikusten. Txostenak dio ETAk, horregatik, «mehatxu gaitasuna operatibo» eduki nahi duela, nahiz eta «bere azpiegiturak gaurko egoerara egokitu dituen, Frantziako egitura batzuk Europako beste herri batzuetan kokatuta».
Orain bi urteko irailean Eduardo Torres-Dulce fiskalburuak adierazi zuen ETAk «edozein unetan» has zezakeela berriz ere borroka armatua, «2011ko erabakia ez baita atzeraezina». Haren aburuz, ETAko buruzagi talde txiki batek hartu zuen jarduera armatua uzteko erabakia, eta horrek «kontraesanak eta kritikak» sorrarazi zituen.
Fiskaltzaren oraingo iritzia da ETAk orain euskal presoen egoerari eman nahi diola lehentasuna, batez ere haiek Euskal Herriko kartzeletara eramatea erdiesteko.
59 atxiloketa iaz
Iazko txostenean ere agertzen denez, Espainiako eta Frantziako estatuek euskal militante ugari atxilotzen segitu zuten, egoera duela hiru urtetik arrunt desberdina izan arren. Hala, ETArekin lotuta, 59 lagun atzeman zituzten joan den urtean, 2012an baino bederatzi gehiago. 59 haietatik 41 Espainiako Estatuan atxilotu zituzten eta Frantziakoan, 14.
Torres-Dulce fiskalburua bera izan zen atzo, Madrilen, Justiziaren urte politikoaren hasiera hitzaldian parte hartzen, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidente Carlos Lesmesekin batera. Ekitaldian izan zen Felipe VI.a erregea, beste 450en bat ministro, PP eta PSOEko arduradun, epaile eta fiskalekin batera.
Bi hitzaldietan estatuko ustelkeria eta Kataluniako egoera izan ziren hizpide nagusi.
Espainiako Fiskaltzak orain aitortu du ETAren erabakia «irmoa» dela
Erakundea jarduera armatura itzuliko den adierazlerik ez dagoela dio 2013ko txostenak.Ustelkeria eta Katalunia dituzte kezka nagusi

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu