Espainiako Gobernuak 7.000 milioi euroren etxebizitza plana onartu du

Hirukoiztu egin du aurrekontua, nagusiki alokairuko etxe publiko gehiago eraikitzeko. Rodriguez ministroaren arabera, plana «aurrerapauso garrantzitsu bat da» etxebizitzaren arazoa «behin eta betiko» konpontzeko.

Isabel Rodriguez Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda ministroa. ZIPI ARAGON / EFE
Isabel Rodriguez Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda ministroa. ZIPI ARAGON / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko apirilaren 21a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak datozen lau urteetarako etxebizitza plana onartu du. Etxebizitzaren krisiari aurre egitea du helburu, eta, horretarako, oraingo aurrekontua aurreko egitasmoarena halako hiru izango da: 7.000 milioi eurorena. Ministroen Kontseiluak gaur eman dio oniritzia planari, eta bi berrikuntza nagusi ditu: batetik, aurrerantzean babes ofizialeko etxebizitza guztiak behin betiko izango dira hala Espainian; eta, bestetik, nabarmen handituko dira alokairuko etxebizitza publikoak eraikitzeko laguntzak.

Isabel Rodriguez Etxebizitza eta Hiri Agenda ministroak Ministroen Kontseiluaren ostean eman ditu azalpenak. Esan du herritarrak akordio bat eskatzen ari direla «pairatzen ari diren arazo handienari aurre egiteko», eta plana «aurrerapauso garrantzitsu bat» dela etxebizitzaren arazoa «behin eta betiko» konpontzeko, «krisi errepikakor bat bilakatu ez dadin».

«Ziurtatzen dugu aurrekontu honetako euro bat bera ere ez dela espekulatzeko erabiliko, etxe eskubidea bermatzeko baizik»

ISABEL RODRIGUEZ Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda ministroa

Madrilek duela zazpi hilabete eman zuen planaren ildo nagusien berri, eta gaur baieztatu ditu. Hiru dira: babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraikitzea, jada eraikitakoak birgaitzea, eta herritarrek bizitoki bat izateko duten eskubidea babestea «espekulazioaren eta irabazien gainetik». Finantzaketaren %60 Espainiako Gobernuak jarriko du, eta %40 autonomia erkidegoek. Dena den, oraindik itxi gabe daude Madrilen eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza akordioak, eta, beraz, uztailera arte plana ez da indarrean sartuko erabat.

Etxebizitza Ministerioak azpimarra egin du babes ofizialeko etxebizitzek izaera hori ez galtzeko neurrian. Hego Euskal Herrian ez da nobedadea, Euskal Autonomia Erkidegoan 2003tik baitago indarrean arau hori, eta Nafarroan 2022tik. Azken lau hamarkadetan Espainian lege hori aplikatu izan balitz, 2,7 milioi etxebizitzako parke publikoa izango luke eskura Madrilek; orain, ordea, merkatu librean daude etxebizitza horiek guztiak. Hori ez dela berriz gertatuko argi utzi du Rodriguezek: «Ziurtatzen dugu aurrekontu honetako euro bat bera ere ez dela espekulatzeko erabiliko, etxebizitza eskubidea bermatzeko baizik».

Beste berrikuntza handi bat ere ekarriko du planak: Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek datu base bateratu bat osatuko dute. Alokairuaren merkatua gardenago bilakatzea izango du xede, eta, urtebeteko epean, autonomia erkidego bakoitzak fidantza erregistro bat sortu beharko du. Horri esker, une oro jakin ahalko da zenbat alokairu kontratu dauden indarrean, zer preziotan, zenbat aldatzen diren maizterrak eta zenbatekoa den eskaintza, eta informazioa zehatza eta fidagarria izango da. Hego Euskal Herriko erakundeek jada jasotzen dituzte datu horiek, nahiz eta ez dituzten modu berean argitaratzen.

Eraiki, birgaitu eta emantzipatu

7.000 milioi euroen %40 etxebizitzak eraikitzera eta erostera bideratuko ditu Madrilek. Zehazki, 85.000 eurora arteko diru laguntzak emango ditu etxebizitza publikoak eraikitzeko, lehen halako bi, eta etxebizitza horiek, nagusiki, alokatu egingo dira, gehienez ere hilean 900 euroren truke. 

Aurrekontuaren %30, berriz, eraikinak birgaitzera eta efizienteagoak egitera eta irisgarritasuna hobetzera bideratuko da. Horretarako laguntza zuzenak emango dituzte: egiturazko lanetarako, gehienez 8.000 euro etxebizitzako; irisgarritasuna hobetzeko, gehienez 13.000; eta efizientzia energetikoa hobetzeko, etxe bakoitzeko 20.500 euro, energia kontsumoaren, etxearen tamainaren eta kostuaren arabera. Badaude laguntza gehiago ere: hirigune historikoetan dauden edo babestuta dauden eraikinak birgaitzeko, esaterako, 30.000 eurora artekoak.

Aurrekontuaren gainontzeko %30 gazteak emantzipatzeko laguntzetarako erabiliko da, baita indarkeria matxistaren biktimen edo pertsona zaurgarrien estaldura hobetzeko ere. Gazteentzat, 300 eurorainokoak izango dira lehen etxebizitza alokatzeko laguntzak, eta 200 eurorainokoak logela bat alokatzekoak. Biak, gehienez, errentaren %60 ordaintzeko erabili ahalko dira.

Plana azken hilabeteetan Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek izandako bileren emaitza da, eta, printzipioz, urtearen bigarren erdian jarriko da martxan, hasieran iragarritakoa baino hilabete batzuk beranduago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA