Josu Mujika Aiestaranek 24 urte zituen hil zutenean, 1975eko uztailaren 30ean, Madrilen ETAko kide talde baten kontra egindako polizia operazio batean. 51 urte geroago, Espainiako Gobernuak biktima gisa aitortu du, eta «ilegitimotzat» jo ditu haren kontrako epaiak. Era berean, martxan da jazoera hura argitzeko auzia Madrilgo epaitegi batean, eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak jakinarazi du epailearen esku utzi berri dituela hiltzailearen datuak.
Moncloak Espainiako Memoria Demokratikorako legea baliatu du «aitorpen eta erreparazio pertsonalerako adierazpena» onartzeko. Idatzi horrekin, biktima gisa aitortzeaz gain, gobernuak onartzen du Mujikaren kontrako zigor, zehapen edota ebazpen judizial eta administratiboak «ilegitimoak eta baliogabeak» direla.
Aurrez, Eusko Jaurlaritzak ere aitortu zuen Mujika Aiestaran biktima gisa. Balorazio batzordeak ebatzi zuen bizitzeko eskubidea urratu ziotela eta ez zela ikerketa judizialik egin: «Exekuzioa nahiko egiaztatua dago».
Hala esan du GEBehatokiak: «Estatuaren biktimak egia sozialaren jabe ziren, eta orain egia instituzionala eskuratzen ari dira». Halere, aitortza horiek, garrantzitsuak izan arren, ez diete «justizia eskaerei» erantzuten, eta, «fiskaltza sozialaren» rola hartuta, epaitegietan ere bidea egin beharra nabarmendu dute. «Hurrengo urrats logikoa da justizia penalaren aurrean salaketa jartzea, iker dadin eta ezar daitezen torturatzaileen, betearazleen eta giza eskubideen urratzaileen erantzukizunak».
Berez, gobernuak emandako aitortzak bezala, justizia eskuratzeko eskubidea ere jasota dago Memoria Demokratikorako Legean, eta zehazten da ez preskripzioa, ezta 1977ko Amnistia Legea ere, ez direla frankismo betean izandako «gizateriaren aurkako, genozidio eta tortura gertakariak» ukatzeko aitzakia.
Halere, «bide bihurria» da egia judiziala eskuratzeko asmoz egin beharrekoa. GEBehatokiak salatu izan du auzitegiek legeari «entzungor» egiten diotela, eta Amnistia Legea lehenesten dutela kereilak eta errekurtsoak atzera botatzeko eta «kriminal frankistei epaiketa ukatzeko».
Arrakala bat bunkerrean
«Testuinguru negatibo horretan», baina, salbuespen «positibo» bat da Mujikarena. Familiak eta Giza Eskubideen Behatokiak lortu dute Mujikaren kasuak auzitegietan bidea egitea. 2024ko udan jakinarazi zuten kereila kriminal bat aurkeztu zutela Bergarako Epaitegian, Mikel Lejarza El Lobo ETAn infiltratutako poliziaren, Jorge Cabezas komisarioaren eta beste hainbat poliziaren kontra. Hain zuzen, Lejarzaren eta Cabezasen egiletza aipatzen zuen balorazio batzordearen ebazpenak ere.

Bergarako Epaitegiak ebatzi zuen hark ez zuela eskumenik auzia bere gain hartzeko, eta Madrilgo epaitegietara jo zuten urte bereko irailean. Hark tramiterako onartu zuen auzia, eta hura jada albiste ona izan zen familiarentzat, «bunker judizial negazionistetan arrakala bat irekitzeko». Oraindik ere martxan da prozesu judizial hura, eta Giza Eskubideen Behatokiak datu gehiago aurkeztu dizkio instrukzio epaileari.
Behatokiak jakinarazi du Mujika hil zuen polizia identifikatu duela. Haren datuak helarazi dizkiote instrukzio epaileari, baina ez dituzte jendaurrean jakinarazi. Hori bai, zehaztu dute Jorge Cabezas kazetariaren Yo maté a un etarra (Etakide bat hil nuen nik) liburuan Danuel Abad komisarioa ezizenaz aipatzen den kidea dela.
Era berean, polizia operazio hartan esku hartzeren bat egin zuten beste lau agintari ere identifikatu dituzte: Juan Valverde Diaz CESED inteligentzia zerbitzuetako burua zena, Federico Quintero Morente teniente koronela, Carlos Anechina Checa Madrilgo Informazio burua eta Jose Garcia Valiño Madrilgo informazio brigadako komisarioa. Azken hori, GEBehatokiaren arabera, sarekadan zuzeneko parte hartzea izan zuen zortzi ikuskatzaileetako bat da.
«Tiroz josia»
1975eko uztail hartan, Mujika Madrilen zen, Felix Egia Intxaurraga Peli, Jose Maria Lara Fernandez Txepe eta kidetzat zuten Lejarzarekin batera. Autoan zirela, haiei jarraitzen ari zirela konturatu ziren, eta autoa geratu eta saltaka ihes egin zuten. Jazarpen hartan, tiroz hil zuten Mujika.
Bertsio ofiziala bestelakoa izan zen: bere buruaz beste egin zuela. Mujika Aiestaranek, baina, tiroak zituen bizkarrean, hainbat lekukoren arabera. Legazpiko alkate Prudentzio Larrañagak, argazki bat ikusita, egiaztatu zuen «tiroz josia» zegoela.
Segoviako ihesean parte hartu behar zutenentzat nortasun agiriak plastifikatzeko makina bat alokatu zuten Madrilen, eta Mujikak berak agiri faltsu bat zeraman hi zutenean. Espainiako hiriburuko Almudenako hilerrian hobiratu zuten, Marcos Perez Gonzalezen izenean, eta familiak ez zuen lortu haren gorpua Legazpira eramatea 1977ra arte.