Maiatzaren 22-ko hauteskundeak

Espainiako Gobernuak Bilduren zerrendak inpugnatzeko bidea eman dio Estatuaren abokatuari

"Zerrendak aztertzen ari gara", esan du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak. Poliziak atzo bidali zion bere txostena Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari. "Sorgin ehizarekin" amaitzeko eskatu du Maiorga Ramirez Bilduren Nafarroako hautagaiak.

2011ko apirilaren 20a
16:19
Entzun

Espainiako Gobernuaren ministro kontseiluak baimena eman dio gaur Estatuaren abokatuari "behar izanez gero" Bilduren hauteskundeetarako zerrendak inpugnatu ditzan. Estatuaren abokatuak bere aldetik ezin du hori egin ministro kontseiluaren baimenik ez badu, eta modu horretan bidea eman nahi izan dio ministroen kontseiluak.

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak eman du baimenaren berri. Inpugnazioa Estatuaren abokatuaren esku utzi badute ere, bidea ematea euren borondatea agertzen duen keinua ere bada, susmoa agertzen duelako. Emandako baimenarekin 2003ko martxoaren 23an Auzitegi Gorenak eman zuen epaiaren eraginkortasuna bermatu nahi du Espainiako Gobernuak.

Epai horrek HB-EH-Batasunaren ondorengo alderdi, erakunde edo koalizio eta zerrendei hauteskundeetara aurkezteko debekua ezarri zuen. "Zerrendak aztertzen ari gara", esan du Perez Rubalcabak. Gainera, atzo Poliziak bere txostena Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari bidali ziela jakinarazi du. Zerrendak inpugnatzen badituzte, Auzitegi Gorenera joango da auzia, eta horrek erabaki beharko du; erabakia Auzitegi Konstituzionalak berretsi beharko du.

Rubalcabak gaineratu duenez, koalizioak ez dira bere inpugnatu daitezkeenak, baizik eta soilik koalizioa osatzen duten alderdiak. Alderdi bat legez kanpokoa den epaileek erabakitzen dutela azpimarratu nahi izan du. Oraingoz Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren lana "oso zehatza" dela aurreratu du, "Sorturen kasuan izan ziren bezala".

"Onartezina"

Maiorga Ramirez Nafarroako presidentetzarako Bildure hautagaiak Espainiako Gobernuaren jarrera salatu du, eta onartezina dela esan du. Bilduren zerrendek zilegitasun osoa dutela azaldu du, "giza eskubideen defentsan ibilbide argia duten bi alderdiren koalizioa delako, eta biolentzia erabat errefusatzen dutelako". Gobernuaren susmoak ez duela oinarri juridikorik esan du, eta jazarpen politiko eta ideologikoa salatu du.

 

"Sorgin ehiz ilegalarekin amaitu behar da, eta Bilduri baldintza berberetan aurkezten utzi behar diote", esan du. Bere iritziz, alderdien legea salatu eta abertzale, independentista eta ezkerrekotzat duen oro susmopean jartzeko estrategia dago. "Espainiako Estatuaren kalitate demokratikoa ezbaian jartzen du horrek", esan du Ramirezek. Bilduren zerrendak inpugnatzen badituzte, Estatu prefaxista delako susmoa zabalduko duela ohartarazi du.

Bide batez, ustelkeria kasuetan nahastutako hautagai guztiak euren zerrendetatik kentzeko eskatu dio Nafarroako hautagaiak PSOEri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.