Espainiako Gobernuak estatuaren 63 biktima aitortu ditu, erdiak euskal herritarrak

Batzorde tekniko batek osatu du zerrenda, Memoria Demokratikorako Legea oinarri hartuta. Espainiako segurtasun indarren, GAEren, Triple Aren eta BVEren biktimak ageri dira zerrendan, baina GALenak ez.

Aldana tabernako biktimei egindako omenaldi bat. MIGUEL TOÑA / EFE
Aldana tabernako biktimei egindako omenaldi bat. MIGUEL TOÑA / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko ekainaren 18a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak batzorde tekniko baten esku utzi zuen txosten bat lantzea 1979tik 1983ra bitarte segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek hildakoak aitortzeko. Bada, ia bi urteren ostean, batzorde hark argitaratu du bere lana: 63 biktima aitortu ditu, eta hor pisu nabarmena dute euskal gatazkaren testuinguruan hildakoek. Izan ere, aitortutako biktimetatik 31 euskal herritarrak ziren; besteak beste, Gladys del Estal, Karlos Saldise, eta Aldana tabernan hildako lau lagunak. Batzordeak, baina, Espainiako Gobernuak hala aginduta, kanpoan utzi ditu erakunde armatuetako militante zirela hildakoak.

Memoria Demokratikorako Legean xedapen gehigarri bat ezartzea adostu zuten Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk, bide emateko 1983ra arteko giza eskubideen urraketa larriak ikertzeari. Eta tratu haren emaitza da gaur argitaratutako txostena. Izan ere, batzordeak 1979ko abenduaren 29tik —Espainiako Konstituzioa onartu zenetik— 1983ko abenduaren 31ra arteko tartea hartzen du. Hau da, Felipe Gonzalezen lehen gobernuaren lehen urtea ere kontuan hartu dute. Hain zuzen, epe hartan hildako bi lagun aitortu ditu batzordeak. Halere, biak ere Espainian gertatutako kasuak dira: Salvador Sampedro de Dios —eskuin muturrak Valladoliden hildako taxi gidaria— eta Juan Felix Dominguez —Guardia Zibilak Toledon hildako haurra—.

1983an bahitu, torturatu eta hil zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala ere, baina horiek txostenetik kanpo geratu dira. Espresuki zehaztu dute arrazoia batzordeko kideek. Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluaren aginduari jarraituz, «eredugarritzat» jotzen diren biktimak soilik hartu dituzte aintzat lanean, eta zerrendatik at utzi dituzte hil zituzten garaian «erakunde terroristetan zeuden, indarkeriaren bitartez ordena konstituzionala asaldatzeko ekintzetan parte hartzen zuten» kideak, nahiz eta hori ziurtatzen duen ebazpen judizialik ez izan. Horiek horrela, ez dituzte kontuan hartu BVEk eta GALek hildako etakideak.

Aitortutakoen zerrendari erreparatuz gero, berriz, bi bloke handitan banatu daitezke: 34 lagun eskuin muturreko taldeen biktima dira, eta 29, berriz, estatuko segurtasun indarrek hildakoak. Lehen taldeari dagokionez, Euskal Herriko kasu ugari jaso dituzte txostenean. Besteak beste, Batallon Vasco Españolek hildako 11 lagun ageri dira: Tomas Alba, Ana Teresa Barrueta, Jesus Maria Zubikarai, Felipe Sagarna, Maria Jose Bravo del Valle, Miguel Maria Arbelaiz, Luis Mari Elizondo, Joakin Antimasbere, Jose Camio, Jean Pierre Haramendi eta Francisco Javier Ansa. Horiek 1979tik 1981era bitarte hil zituen eskuin muturreko taldeak.

Badira, baina, beste talde parapolizial batzuek hildako kideak ere. Esaterako, Triple Ak 1979an hildako Jose Ramon Ansa, eta Alonsotegiko (Bizkaia) Aldana tabernako atentatuko biktimak. GAEk (Grupos Armados Españoles) lehergailu bat jarri zuen establezimendu hartan, bertan ezker abertzaleko kideak biltzen zirelakoan. Leherketaren ondorioz, lau lagun hil ziren —Liborio Arana, Manuel Santacoloma, Maria Paz Armiño eta Pacifico Fica—, eta beste hamar bat zauritu. Auziaren gaineko ikerketaren buru Jose Amedo jarri zuten, ondoren GALeko kide izateagatik zigortuko zutena; ez zuten egilerik atzeman. Hain zuzen, epeak eta aurrez ezarritako baldintzak kontuan izanik, ez da aitortu GALen biktimarik.

Poliziak hildakoen artean dira, berriz, Gladys del Estal, Iñaki Kijera, Felix Minguela eta Justo Lopez de Zubiria. Del Estal guardia zibil batek hil zuen tiroz, Tuteran (Nafarrao) egiten ari ziren protesta batean; Kijera, Espainiako Poliziak, Donostian, euskal preso eta iheslarien aldeko manifestazio batean; eta Minguela eta Lopez de Zubiria, azkenik, kaleko jantzitako polizia batek, Lopez de Zubiriak Gasteizen zuen tabernan.

Espainiako kasuen artean ere badira Euskal Herrian sona handia izan zutenak; adibidez, Almeria kasua txostenean jaso du batzordeak. 1981eko maiatzaren 10ean, guardia zibilek Juan Mañas, Luis Montero eta Luis Manuel Cobo gazteak atzeman, torturatu eta hil zituzten, ETAko kideak zirelakoan. Bertsio ofizialaren arabera, berriz, autoan atxilotuta zeramatzatela, hura gidatzen ari zen poliziaren kontra oldartu ziren gazteak, eta guardia zibilek tiroka erantzun zuten.

Txostenean aitortutako biktimetako bat da Yolanda Gonzalez bilbotarra ere. Militante komunista zen, eta Fuerza Nueva eskuin muturreko taldeko kideek 1980ko otsailaren 1ean bahitu eta hil zuten, Madrilen. Poliziaren lehen erantzuna Gonzalezen etxebizitza arakatzea izan zen, eta haren pisukidea atxilotuta eraman zuten, ETArekin izan zezaketen harremanaz galdekatzeko.

Hala, 63 izeneko zerrenda osatu arte. Eta baliteke zerrenda luzatzea, batzordekideen esanetan, Espainiako Gobernuari galdegin baitiote zabalik eduki dezala eskaerak egiteko bide «eskuragarri, seguru eta garden» bat. Era berean, uste dute hildako biktimetatik harago ere jo beharko litzatekeela, eta giza eskubideen bestelako urraketa batzuk ere ikertu, hala nola torturak eta tratu txarrak.

Ikerketa falta

Batzordeak, biktimak aitortzearekin batera, garai hartako egoera aztertu ere egin du txostenean. Nabarmendu du «diktadura frankistatik demokraziarako trantsizioa», 1976tik 1982ra bitarte kokatzen duena, «indarkeria politikoak» markatu zuela. Bi talde nagusitan banatzen ditu indarkeria horren eragileak. Batetik, «indarkeria terrorista», eta hor ETA nabarmentzen du. Bestetik, «indarkeria erreaktibo» gisa sailkatzen duena. Hor kokatzen ditu eskuin muturreko zenbait talde, eta gogoratu horiek sarri lotura zuzenak zituztela Espainiako segurtasun indarrekin, haien «onespena eta inpunitate bermea» baitzituzten. Hain zuzen, horri lotuta, txostenean adierazi dute diktaduran «indarkerian inplikatuen zeuden segurtasun indarren garbiketarik ezaren» ondorioz giza eskubideak larri urratzen segitu zela.

Hain zuzen, inpunitate horren adierazle, batzordekideek salatu dute horien krimen gehienak ez zirela ez ikertu eta ez epaitu, eta horrek «inplikazio nabarmena» izan zuela «terrorismoaren kontrako borroka» deritzonean. Izan ere, argudiatu dutenez, «talde terroristek» egindako atentatu gehienetan ikerketa polizialak eta ebazpen judizialak egon badira ere, ez da gauza bera jazo segurtasun indarrak edota eskuin muturreko taldeak direnean biktimarioak: «Ez da hori izan ohikoena estatuko agente batzuen, eskuin muturreko terrorismoaren parte baten eta elementu kontrolatugabeen kasuan». Eta horren ondorio izan da estatuaren biktimei «egia, justizia erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea ukatu izana».

Aitortza instituzionala

Batzordea historia eta zuzenbide arloko hamabi adituk osatu dute, Espainiako Memoria Demokratikorako estatu idazkaritzako goi kargudunekin batera. Izen nabarmenetako batzuk dira Nicolas Sartorius PCEko goi kargudun izana eta Paca Sauquillo abokatu eta ekintzailea. Era berean, Jon Mirena Landa EHUko Unesco katedrako zuzendaria ere aritu da lantaldean. Hain zuzen, Landa Eusko Jaurlaritzaren motibazio politikoko biktimak aitortzeko balorazio batzordeko kide ere bada.

Horiek, zerrenda osatzeaz gain, zenbait «gomendio» ere egin dizkiete erakunde publikoei. Eskatu diete biktima horiei «aitortza instituzional, moral eta sinbolikoa» egiteko, eta nabarmendu dute aitortza horrek «indarkeria politiko edo instituzionalaren beste biktima batzuenaren» neurrikoa izan behar duela.

Horiek horrela, hartu beharreko zenbait neurri aurkeztu dituzte. Batetik, aitortzarako adierazpen indibidualak egitea, «demokraziaren, oinarrizko eskubideen eta balio demokratikoak indartzeko borrokaren esparruan» kokatuz haien biktima izaera. Era berean, memoria demokratikorako ekinaldietan horiek kontuan hartzeko eta egiten zaien aitortza oro publikoki zabaltzeko eskatu dute.

Are gehiago, kontuan izanik biktima horietako askok ez dutela izan justizia era egokian eskuratzeko modurik, batzordeak adierazi du «egia judiziala» lortzeko mekanismoak martxan jarri behar direla, Memoria Demokratikorako Legeak berak ezarritako baliabideak baliatuta. «Neurri hauek aitortzarako politika publiko koherente batzuen pean txertatu behar dira», zehaztu du batzordeak, eta gogoratu: «Eskubide urraketa berberak gertatzen direnean, biktimei eskubide berberak aitortu behar zaizkie».

Aitortzak

  • Felipe Baz Gonzalez. 1979ko urtarrilaren 6an Guardia Zibilak tiroz hila, Galdames eta Gueñes artean (Bizkaia). 19 urte zituen. 
  • Jose Ramon Ansa. 1979ko maiatzaren 6an Triple Ak Andoinen (Gipuzkoa) hila, 17 urte zituela.
  • Gladys del Estal. Ekintzaile ekologista, guardia zibilak tiroz hil zuen Tuteran (Nafarroa) egindako protesta antinuklear batean.
  • Vicente Vadillo. Jatorriz jaendarra zen (Espainia), eta transformista aitzindaria izan zen. Errenterian bizi zela (Gipuzkoa), Espainiako polizia batek tiroz hil zuen 1979ko ekainaren 10ean.
  • Justo Lopez de Zubiria eta Felix Minguela. Kaleko jantzitako polizia batek tiroz hil zituen, Lopez de Zubiriak Gasteizen zuen tabernan, 1979ko abuztuaren 25ean. 
  • Iñaki Kijera. 19 urte zituen 1979ko irailaren 1ean Espainiako polizia batek tiroz hil zuenean, preso politikoen aldeko mobilizazio batean.
  • Tomas Alba. Herri Batasuneko zinegotzia zen Donostian; BVEk hil zuen 1979ko irailaren 28an.
  • Francisco Caballero. PCE alderdiaren ingurukoa; kaleko jantzitako polizia batek hil zuen 1979ko azaroaren 6an, Bilbon, haren autoaren kontra tiro eginda.
  • Mikel Arregi. 1979ko azaroaren 11n hil zuen Guardia Zibilak. Herri Batasuneko zinegotzia zen Lakuntzan (Nafarroa). 
  • Ana Teresa Barrueta. 1980ko urtarrilaren 8an, 18 urte zituela, BVEk bahitu, bortxatu eta labankadaz hil zuen.
  • Karlos Saldise. Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea zen, eta GAEk hil zuen 1980ko urtarrilaren 16an, tiroz.
  • Liborio Arana, Manuel Santacoloma, Maria Paz Armiño eta Pacifico Fika. Alonsotegiko (Bizkaia) Aldana tabernaren kontrako atentatuan hil zituzten, 1980ko urtarrilaren 19an; beste hamar lagun ere zauritu ziren leherketan. GAEk bere gain hartu zuen ekintza hura.
  • Yolanda Gonzalez. Bilbotarra zen. Madrilen ikasketak egiten ari zen Fuerza Nuevako kideek bahitu eta hil zutenean, 1980ko otsailaren 1ean. 
  • Jesus Maria Zubikarai. Euskadiko Ezkerra alderdiko jarraitzailea; 1980ko otsailaren 3an tiroz hil zuen BVEk, Eibarren (Gipuzkoa).
  • Felipe Sagarna. Zapata denda bateko jabea; BVEk hil zuen 1980ko apirilaren 19an, Hernanin (Gipuzkoa).
  • Maria Jose Bravo del Valle. 16 urte besterik ez zuen BVEk bortxatu eta hil zuenean, Donostian, 1980ko maiatzaren 8an.
  • Manuel Luciano Perez. Bastidako herritarra zen (Araba). Haron (Errioxa, Espainia) hil zuen tiroz Guardia Zibilak, 1980ko ekainaren 30ean. 
  • Jesus Maria Etxebeste. 1980ko abuztuaren 28an hil zuten tiroz, Irunen (Gipuzkoa). Covitek ETAri egozten dio hilketa, baina estatuaren biktima gisa aitortu du batzordeak.
  • Luis Quintana. PSOEko eta UGTko militantea; polizia batek hil zuen 1980ko irailaren 6an, Bilbon.
  • Miguel Maria Arbelaiz eta Luis Maria Elizondo. Hernanin hil zituen BVEk, tiroz, 1980ko irailaren 7an. 
  • Jose Luis Sancha. Barakaldoko Los Arcos tabernan (Bizkaia) hil zuen kaleko jantzitako polizia batek, 1980ko urriaren 16an. 17 urte zituen.
  • Joakin Antimasbere. 1980ko azaroaren 14an hil zuen BVEk; argudiatu zuen Antimasbere ETAko kidea zela.
  • Jose Camio eta Jean Pierre Haramendi. 1980ko azaroaren 23an Hendaiako Hendayais hotelaren (Lapurdi) kontrako erasoa egin zuen BVEk. Bi lagun horiek hil eta hamar bat lagun zauritu zituzten.
  • Francisco Javier Ansa. Lanera joateko autobusaren zain zegoela, BVEko kideek tiroz hil zuten, Andoainen (Gipuzkoa). 1981eko martxoaren 3an izan zen. 
  • Pablo Garaialde. Taxi gidaria zen. 1982ko urtarrilaren 2an hil zuten, Berastegin (Gipuzkoa). Triple Ak bere gain hartu zuen hilketa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE