Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak «hitzezko akordio» bat erdietsi dute atzerrian lortutako unibertsitate tituluak homologatzeko aferak kalte egindakoek tramite eta gastu gehigarririk egin behar izan ez dezaten eta homologazio eskaeren antzinatasuna gal ez dezaten. Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak eman du albistea, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez.
Ikusi gehiago
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2024ko otsailean adostu zuten atzerritarren ikasketa tituluak homologatzeko eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uztea, baina, aurtengo martxoan, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen transferentzia, argudiatuta atzerrian lortutako ikasketa tituluen homologazioa Espainiako Estatuarena dela «bakarrik». Erabaki horren ondorioz, berrehun bat eskari tramitatu gabe geratu dira.
Perez Iglesiasek jakinarazi duenez, bere departamentuak hiru proposamen egin dizkio Espainiako Gobernuari tituluak homologatzeko afera konpontzeko: batetik, eskatu dio Eusko Jaurlaritzari aurkeztutako homologazio eskaera guztiak Espainiako Gobernuari zuzenean bidali ahal izatea, «eskatzaileak tramite gehigarririk egin behar izan gabe»; bestetik, eskatzaile guztiei eskaera erregistratu zuten «jatorrizko data errespetatzea» galdegin dio, pertsona horiek antzinatasuna gal ez dezaten; eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzak zera proposatu dio, transferentzia bertan behera uzteagatik kalteak jasan dituztenek «berriro ordaindu behar ez izatea» homologazio prozesutik eratorritako tasak.
Perez Iglesiasek zehaztu du proposamen horiek begi onez hartu dituela Madrilek, eta «ahoz» lotu dutela akordioa, baina oraindik behin betiko erantzunaren zain daudela erabat ixteko.
EH Bilduko legebiltzarkide Ayem Oskozek «poza» agertu du konponbide horrekin, baina ahozko akordioa idatziz egiteko eskatu. Izan ere, ohartarazi du Espainiako Auzitegi Gorenak transferentzia bertan behera utzi izanak «blokeatuta» utzi dituela ehunka pertsonak aurkeztutako homologazio eskaerak.
Oskozen ustez, homologazioa eskubide bat da, baina «ezin da esan benetakoa denik» lortu ahal izateko urteak itxaron behar badira. Hori dela eta, epeak «zentzuzkoak» izateko eta tramiteak gehienez sei hilabetean ebatzi ahal izateko eskatu du. Azken eskaera horri dagokionez, Perez Iglesiasek esan du ez dela bideragarria neurri horretako tramitazioa eskatzen duen prozedura bat sei hilabetean ebaztea.