Atzerrian lortutako tituluak homologatzeko aferaren inguruko eztabaidari heldu dio Eusko Legebiltzarrak ikasturteko azken txanpan, gaur. Izan ere, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek legez besteko proposamen bat eraman dute legebiltzarrera, defendatzeko «legezkoa eta konstituzionala» dela atzerriko goi mailako hezkuntzako tituluen homologazioa Eusko Jaurlaritzaren esku uztea; proposamena babestu ala ez bozkatu behar izan dute legebiltzarkideek. Han zeuden 74 lagunetatik 66k bozkatu dute alde; PPk eta Voxek soilik bozkatu dute kontra.
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2024ko otsailean adostu zuten atzerritarren ikasketa tituluen homologazioaren eskumena Jaurlaritzaren esku uztea, Iñigo Urkullu lehendakariaren azken txanpan. Aurtengo martxoan, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen transferentzia, argudiatuta atzerrian lortutako ikasketa tituluen homologazioa Espainiako Estatuarena dela «bakarrik».
Jaurlaritzaren haserrea eragin zuen epaiak, eta, zenbait egunez hausnartu ostean, Konstituzionalera joko zuela adierazi zuen. Halaber, EAJk eta PSE-EEk legez besteko proposamen bat erregistratu zuten garai berean, eta Eusko Jaurlaritzari dei egin zioten «eskura dituen mekanismo guztiak erabil ditzan». Proposamen horri zuzenketa partzialak eta osokoak aurkeztu zizkioten EH Bilduk eta Sumarrek, eta gaur esku artean izan duten testua lau aldeen arteko erdibideko bat izan da.
Alde batetik, aldarrikatu dute «guztiz legezkoa eta konstituzionala» dela atzerriko goi mailako hezkuntza sistemetan lortutako tituluak homologatzeko eta baliokidetzeko funtzioak eta zerbitzuak Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren esku uztea. Hala, Eusko Jaurlaritzari sostengua adierazi diote babes errekurtsoa jartzeko prozesuan.
Bestetik, tituluak homologatu ezin izan dituzten pertsonei eta «euskal gizarte osoari» eragindako kalteak deitoratu dituzte. Erakunde eskudunei eskatu diete azter ditzatela, segurtasun juridikoz, izapideak arintzeko neurriak.
Autogobernua hizpide
EH Bilduko Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak ezberdinen arteko akordioa goraipatu du. «Autogobernua defendatzeko, ezinbestekoa da elkarrekin jardutea». Baina harago joan behar dela aldarrikatu du. «Kamustutako eta gutxietsitako estatutu bat dugu. Noiz arte eutsi behar diogu? Tresna berriak behar ditugu. Estatutu berria behar dugu».
Joseba Diez EAJko legebiltzarkideak ere autogobernuan jarri du arreta homologazioen transferentzian baino. Autogobernua defendatzeko fronte komun baten beharraz hitz egin du. Bat egin duten alderdiez gain, sindikatuei eta kaltetuei ere batzeko deia egin die, eta, bereziki, Alderdi Popularrari zuzendu zaio. «Autogobernua denona da, ez soilik abertzaleena. Pentsatu nahi dut PP ere autogobernuaren alde dagoela, eta uste dut garrantzitsua dela gaur alde agertzea, euskal gizartearentzako garrantzitsua den tresna bat delako».
Laura Garrido Alderdi Popularreko eledunak hitza hartu bezain pronto argi utzi du ez dutela halakorik egingo, epaitegiek esandakoa «errespetatu» behar delako. Gainera, transferentziaren aurka egin zuten zazpi elkargoek —Lanbide Arteko Batasunak, fisioterapeutenak, arkitektoenak, erizainenak, odontologoenak, medikuenak eta abokatuenak— horretarako eskubidea dutela azpimarratu du.
«Kamustutako eta gutxietsitako estatutu bat dugu. Noiz arte eutsi behar diogu? Tresna berriak behar ditugu»
OIHANA ETXEBARRIETA EH Bildu
PSE-EEko Ekain Ricok erantzun dio. Zehaztu du Eusko Legebiltzarrak ez duela errekurtsorik jarri, Eusko Jaurlaritzaren erabakiari babesa eman diotela, sinetsita daudelako ez duela araurik urratzen. Gainera, gogorarazi du gobernuak ere errekurtsoa jartzeko eskubidea duela parte interesduna baita, eta hori dela ebazpen judizial bati errespetua izatea: arautegiak jasotzen dituen baliabideekin erantzutea.
Sumarreko Jon Hernandez bozeramaileak ere aitortu du elkargoek badutela errekurtsoa jartzeko aukera, baina haiek interes partikularrak lehenesten dituztela zehaztu du. «Guk, politikari garen aldetik, interes orokorrei begiratu behar diegu». Estatus politikoaren eztabaidari ere ez dio muzin egin, eta Espainia federal baten alde hitz egin du.
Imanol Pradales lehendakariak bertatik bertara jarraitu du eztabaida, hitzik hartu ez duen arren. Osoko bilkuraren hasieran areto nagusian izan da, baina alde egin du ondoren; homologazioen inguruko eztabaidarako itzuli da. Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua ere bertan izan da.
Oporren itzulera astuna
Ordubetetik gorako eztabaida izan da. Eguneko beste gaiak ere aintzat hartuta, osoko bilkura luzea izan da. Sei ordu baino gehiago iraun du saioak. Besteak beste, osasun publikoko langileen esklusibotasunari buruz aritu dira. Pertsona migratzaileen egoera erregularizatzeko legez besteko proposamen bati buruz ere eztabaidatu dute, harmailetatik dozena bat herrigabe begira zituztela.
Aste Santuko, San Prudentzioko eta Maiatzaren 1eko jai egunak medio, azken asteetan mugimendu gutxi izan da Legebiltzarrean. Aste honetan berreskuratu dute ohiko martxa. Bihar, esaterako, kontrol saioa egongo da.