Ministroen batzarra egin dute gaur Espainiako Gobernuko kideek, eta bilkura horretan erabaki dute joan den larunbatean Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak oniritzitako estatutu proiektu berriaren, Ibarretxeren Planaren, aurka helegitea aurkeztea.
Michavilak azaldu duenez, Estatuko Zerbitzu Juridikoek proposamenari buruzko azterketa aurkeztu dute gaurko ministroen kontseiluan, eta, funtsean, planak "ehun aldiz baino gehiagotan" Konstituzioa urratzen duela atzeman dute. "Azken batean, autonomi estatutuaren aldaketa baten itxuraren azpian Espainiako Estatuaren zati batean Konstituzioa suntsitu nahi du Eusko Jaurlaritzak", agertu du.
Albiste horren berri izan eta gutxira, Josu Jon Imaz Jaurlaritzako bozeramailea elkarrizketatu dute ETB1ean. Imazek esan duenez, Espainiako Gobernuaren ekimen hori okerra da, "arazoa ez baita juridikoa, politikoa baizik". Jaurlaritzako bozeramailearen iduriko, Ibarretxe lehendakariarenproposamenaren bidez euskal gizartean piztu den eztabaida eragotzi nahi du Jose Maria Aznarren Gobernuak, "euskal gizartearen hitzari beldurra baitio". Michavilak iragarritako neurri hori, Legebiltzarren kontrako azkenaldikoak, zein gaur bertan Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuaren inguruan izan den eztabaida estrategia horretan kokatu ditu Imazek: "Egoera tentsionatzea da PPren jokoa. Tentsionatzea eta larritasuna sortzea, hartara eztabaida lasaia eragozteko".
Bestalde, gaur arratsaldean Josu Jon Imazek eskaini duen prentsaurrekoan, partidu politiko guztiei Ibarretxe Planaren aurrean duten jarrera azaltzeko eskatu du.
Ibarretxeren Plana
Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean Ibarretxeren Planaren aurka
Jose Maria Michavila Espainiako Justizia ministroak iragarri duenez, Ibarretxeren Planaren aurka helegitea aurkeztuko du Aznarren Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean. Michavilaren arabera, Eusko Jaurlaritzak joan den larunbatean onartutako estatutu proiektu berriak "ehun bider baino gehiagotan" urratzen du Espainiako Konstituzioa. Josu Jon Imaz Jaurlaritzako bozeramaileak albiste horren berri izan duenean, Aznarren Gobernuak euskal gizartearen baitako eztabaida eragotzi nahi duela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu