Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak egindako proposamen bat onartu dute autonomia erkidego denek. Horrenbestez, Pedro Sanchezen gobernuak 368 milioi euro banatuko ditu, ospitaleetan, osasun zentroetan, tokiko kontsultategietan eta osasun sare publikoko beste gune batzuetan klimatizazio eta eraginkortasun energetikoko jarduketetarako; baita hezkuntza zentro publikoetan beste horrenbeste egiteko ere. Eusko Jaurlaritzak 17,5 milioi euro baino gehiago jasoko ditu, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, ia 6,3 milioi euro.
Joan Groizard Espainiako Gobernuko Energiaren estatu idazkaria buru izan duen topaketa telematikoan, autonomia erkidegoek eta hiri autonomoek onetsi egin dute Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren proposamena.
Bi laguntza lerro horiek Espainiako Energia Efizientziaren Funtsaren bidez finantzatutakoak dira, tokiko gobernuek egingo dituzte deialdiak, eta baita laguntzak jasotzeko irizpideak, irismena, intentsitatea eta baldintza espezifikoak ezarri ere. Halaber, aukera izango dute erabakitzeko diru hori zuzenean emango duten edo lehiaketa publiko bidez.
Ministerioari atxikitako Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua izango da koordinatzailea, eta lurralde bakoitzari helaraziko dizkio funtsak. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 7.612.781 euro jasoko ditu ospitaleak eta osasun zentroak klimatizatzeko, eta 9.932.568 euro ikastetxe publikoetarako. Nafarroako Gobernuak, berriz, 2.789.064 euro jasoko ditu erietxeetarako, eta 3.475.023 ikastetxeetarako.