Espainiako Gobernuak prostituzio iragarkiak debekatzea aztertuko du

Estatu Kontseiluak egindako txosten batek dio komunikabideen autoerregulazioa «alferrikakoa» izan dela

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Leire Pajin Espainiako Osasun ministroak bilera batzuk egingo ditu alderdi politiko eta komunikabideetako arduradunekin prentsa idatzian prostituzio iragarkiak debekatzeko aukera aztertzeko. Modu horretan, Estatu Kontseiluak egunotan prostituzio iragarkiak debekatzeko edo mugatzeko egindako aholkuari erantzun nahi dio Espainiako Gobernuak. Nolanahi ere, AEDE Espainiako egunkari argitaratzaileak biltzen dituen elkarteak dagoeneko agertu du neurri horren kontrako iritzia.

Astelehenean ezagutzera emandako txostenean Estatu Kontseiluak «onargarritzat» jotzen du prentsan argitaratzen diren prostituzio iragarkiak debekatzea edota horiei «muga zorrotzak» ezartzea. 2010eko maiatzean orduko Berdintasun ministro Bibiana Aidok egindako eskaera bati erantzuten dio Estatu Kontseiluaren txostenak, eta adierazten du prostituzioaren publizitateari dagokionez hedabideen autoerregulazioa «alferrikakoa eta nabarmenki ez-nahikoa» izan dela. Hori dela eta, neurri murriztaileak ezartzeko arrazoiak badaudela iritzi dio Estatu Kontseiluak.

Gobernuak prentsa idatziko iragarkien inguruan galdetu bazion ere, Estatu Kontseiluakbeste esparru komunikatiboei buruzko iritzia ere eman du txostenean. Hain zuzen ere, telebistan haurren babeserako ordutegietan debekatuta egoteaz gain, iragarkiak beste ordu batzuetan ere debekatzeko aukera aztertu behar dela dio txostenak. Interneti dagokionez, «mugaren bat ezartzearen egokitasuna» aztertzeko eskatu du. Kontseiluaren iritziz, Espainiako Gobernuari dagokio erabakitzea debekuak zein eremutan izan behar duen eragina; hau da, prentsa idatziari bakarrik lotuko zaion edo komunikabide guztiei eragingo dien.

Gainera, prostituzioari lotutako iragarkiak prentsa idatzitik desagerrarazteak «bidezko helburu bat» duela gaineratu du. Horri lotuta, lege izaera izango lukeen neurri bat onartu beharko litzatekeela deritzo kontseiluak, eta prostituzio publizitatearen barruan sexu harreman zuzenak ahalbidetzen dituzten «telefono erotikoak eta bideoklub pornografikoak» ere sartu beharko liratekeela proposatu du. Izan ere, Estatu Kontseiluak ondorioztatu du gaur egungo legeek ez dutela ahalmenik iragarkiak debekatzeko.

Egunkariak, kontra

FACUA Espainiako kontsumitzaileen elkarteak babestu egin du Estatu Kontseiluaren txostena, eta prostituzio iragarki askok «emakumeen duintasunari» eraso egiteaz gain adingabeen eskuetara ere irits daitezkeela agertu du.

Aitzitik, Espainiako egunkari argitaratzaileak biltzen dituen AEDE elkartea iragarkiak mugatuko lituzkeen edozein neurriren kontra azaldu da. AEDEren iritziz, Estatu Kontseiluaren txostenari kasu egingo balio, gobernuak prentsa idatzia baztertu eta «legezko jarduera baten publizitatea egiteko oinarrizko eskubidea» urratuko luke. Egunkari argitaratzaileek diotenez, «jardueraren bat delitua edo osasunarentzat kaltegarria bada, hori debekatu beharko lukete, ez horren publizitatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.