Politika

Espainiako Gobernuaren ustez, Lopezek "aldaketa lasaia ahalbidetuko du"

Maria Teresa Fernandez de la Vegak dio "oso lehendakari ona" izango dela PSE-EEko kidea. PPrekin negoziatzean EAEko sozialistei ezer ez dietela ezarri adierazi du.

2009ko martxoaren 27a
18:26
Entzun
PSE-EEk eta PPk lortu duten akordioa dela-eta, Patxi Lopez sozialista izango da Eusko Jaurlaritzako lehendakari berria, "oso ona, gainera", Maria Teresa Fernandez de la Vega (PSOE) Espainiako Gobernuko presidenteordeak gaur adierazi duenez, Madrilen. "Aldaketa lasaia ahalbidetuko du Lopezek eta euskal herritar denak bizikidetzan txertatuko ditu".

Espainiako Estatuan PSOE eta PP muturtuta dabiltza beti baina, 2007an Nafarroan bezala, orain Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bat egin dute. "Guk ez diogu PSEri ezarri irizpiderik", esan du De la Vegak, "berak hartu ditu erabakiak". 2007an PSOEk agindu zion PSNri zer egin behar zuen, eurek aitortu zutenez -UPNk Nafarroako Gobernuko lehendakaritza hartzea ahalbidetu zuen PSNk-.

PPren esku geldituko da Eusko Legebiltzarreko presidentetza, eta PSE-EEk bi postu izango ditu Mahaian. Beste biak EAJ, Aralar, EB eta EAren artean banatuko dituzte. Apirilaren 3an egingo dute osoko bilkura. Horretaz gain, PSE-EEk eta PPk Eusko Jaurlaritzak izan beharreko oinarriei buruz "oinarrizko akordioa" lortu zuten atzo. Arloak: ETAren aurkako borroka, krisiari aurre egiteko neurriak, «askatasunen defentsa», hezkuntza, osasuna, etxebizitza, azpiegiturak eta komunikabideak.

Biek gehiengo osoa izango dute Legebiltzarrean (25 eta 13 aulki), beti ere martxoaren 1eko hauteskundeetako emaitza ofizialen arabera. Izan ere, Espainiako Justiziak D3M baleko jo izan balu eta honen botoak kontuan hartuta (100.000 boz, 7 aulki), ez lukete izango gehiengo osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.