Espainiako Kongresuak Memoria Demokratikorako Legearen erreformarako lege proiektua onartu du, eta bide eman dio 1968tik 1978ra bitarte errepresio frankistak hil edo larri zauritu zituen herritarrei kalte ordainak emateari. Espainiako Gobernuak aurkeztu du proiektua, eta hura osatzen duten alderdiek EH Bilduren, EAJren, ERCren, Podemosen, BNGren eta Compromisen babesa izan dute. JxCren abstentzioa ere erabakigarria izan da, PPk, Voxek eta UPNk aurkako boto eman baitute.
Espainiako Gobernuak martxoaren 3an dekretu bat onartu zuen Memoria Demokratikorako Legea erreformatzeko, eta hura berresteko bozketa izan da gaurkoa. Izatez, ez da halako zerbait onartzen den lehen aldia. 2007ko Espainiako Memoria Historikorako Legeak modua emana zuen 1968tik 1977ra bitarte hildakoei eta lesio larriak pairatutakoei kalte ordainak emateko. Lege hura, baina, Memoria Demokratikorako Legeak ordezkatu zuen 2022an, eta eten egin zen aukera hori.
Orain, lege proiektuari bide emanda, hura berreskuratuko da. Gainera, orduan ezarritako epea zabaltzearen alde egin da, eta 1978ko abendura arte luzatu; hau da, Espainiako Konstituzioa onartu arte. Era berean, duela ia bi hamarkada onartutako kalte ordainak berritu dira: errepresioaren ondorioz hildakoen familiek 250.000 eurorainoko kalte ordainak jaso ditzakete, eta lesio larriak jasandakoek, 500.000 euro bitartekoak.
Espainiako Gobernuak negoziatu egin behar izan du lege proiektua aurrera atera ahal izateko, eta ikusteko dago erreformak aldaketarik izango ote duen gerora. Angel Victor Torres Memoria Demokratikorako ministroak elkarrizketak izan ditu, besteak beste, EH Bildurekin eta EAJrekin, eta prest azaldu da horien proposamenak araudira batzea aztertzeko.
EH Bilduri dagokionez, koalizioak uste du ezarritako epea ez dela egokia, eta hura 1983 amaierara arte luzatzea defenditu du. Izan ere, legean erreferentzia zuzena egin zitzaion 1978tik 1983ra bitarteko giza eskubideen urraketak ere aztertzeari, baita horien aitortzarako eta erreparaziorako neurriak hartzeari ere. Hain zuzen, Torresek aldaketa hori egiteko konpromisoa hartu du, ERCrekin hala adostuta.
Hura ez da alderdiek proposatutako aldaketa posible bakarra. Espainiako Gobernuaren proposamenean ukatu egiten dituzte talde armaturen bateko kide izandakoentzako kalte ordainak, baina JxCk kritikatu egin du erabaki hori. Alderdi katalanak galdetu du ea demokrazia batek nola ukatu dezakeen «diktadura bati aurre egiten lagundu zutenen aitortza, hori armen bidez egin bazuten ere». Uste dute haiei aitortza ematea ez litzatekeela «indarkeria goraipatzea», garai hartako testuingurua ulertzeko modu bat baizik.
Kontrara, PPk gogor kritikatu du gobernuaren proposamena. Alderdi Popularraren arabera, «aberrazio historiko bat» da, 1977ko bozetan hautatutako diputatuak «errepresioaren konplizetzat» jotzen dituelako.
Garzon, egiaren batzordeko buru
Espainiako Gobernuak Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohia izendatu du 36ko gerrako eta diktadura frankistako giza eskubideen urraketak ikertzeko Egiaren Batzordeko presidente. Epaile lanetan, Garzon euskal gatazkari lotutako hainbat auzitan aritu zen, tartean GALi lotutakoetan, eta Dena da ETA printzipioaren sustatzaile nagusietako bat ere izan zen. Haren esku zegoen kasu baten ondorio izan zen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiari torturak ez ikertzeagatik jarritako lehen zigorra ere.
Â
Egiaren Batzordea hogei lagunek osatuko dute, eta haien artean politologoak, giza eskubideen adituak eta historialariak daude, besteak beste. Horiek «garai hartako Espainiaren» diagnostiko bat egin beharko dute, Memoria Demokratikorako Ministerioaren arabera, eta hura txosten batean jaso beharko dute, baita gomendioak egin ere.