Goizean goizetik, oposizioko alderdien galderak erantzuten jardun dute Espainiako Gobernuko ministroek, Madrilen egin duten gobernuaren kontrolerako saioan. Eguneko puntu nagusia saioa amaitutakoan egingo den bozketa da: gaur bozkatu eta onartuko dute duela pare bat aste iragarritako dekretua, bizitzeko gutxieneko diru sarreren ingurukoa. Alderdi ia guztiek alde bozkatuko dute —baita PPk ere—, Voxek izan ezik. Ministroen Kontseiluak maiatzaren 29an onartu zuen neurria.
Gobernuaren kontrolerako saioan hautsak harrotu dituzte Espainiako alderdi nagusiek. Hori da azkenaldiko joera; igaro dira aste batzuk PPk alarma egoera babesteari utzi zionetik, eta gobernuaren aurkako jarrera gogorra hartu du ordutik. Gaur, adibidez, Pablo Casado PPko liderrak elkarren aurka jardutearen ardura egotzi dio Pedro Sanchez presidenteari, «PPk eskainitako dozena bat akordio» ez onartzeagatik.
Sanchezek «eskuin muturraren bidea» hartzea aurpegiratu dio Casadori, eta goraipatu egin du gobernuaren kudeaketa: «Ikerketa independente baten arabera, alarma egoerak 450.000 bizitza salbatu ditu. Gaur bizitzeko gutxieneko diru sarrera onartuko dugu, eta hor daude aldi baterako erregulazioak eta autonomoei emandako laguntzak ere. Zuk zer egin duzu aste honetan? Fronte bateratu bat osatu eskuin muturrarekin, gobernua bere lekutik kentzen saiatzeko».
Murrizketak eta eskubideak
Tartean, alderdi independentistak erabili dituzte elkarri erasotzeko. Besteak beste, Casadok «autodeterminaziorako mahaia berreskuratu eta Bildurekin eta ERCrekin akordioak adostea» egotzi dio PSOEren buruari. Hitza hartu du jarraian EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak, baina ez da eztabaidan sartu. Galdera zuzena egin dio Sanchezi: «Murrizketarik ez egitea hitzematen duzu?». Ez dio horren argi erantzun gobernuko presidenteak, eta «politika antiziklikoak» egin behar direla esan du.
EAJko Mikel Legardak, berriz, gobernuak krisian herritarren oinarrizko eskubideak errespetatu ote dituen galdetu dio Juan Carlos Campo Justizia ministroari. Hark baietz erantzun dio, alarma egoerak horretarako balio izan duela; Legardaren iritziz, ez da errespetatu herritarrek «galdetzeko eta jakiteko duten eskubidea».