Gizartea

Espainiako Kongresuak "osasun arreta unibertsala" onartu du

Egoera irregularrean dauden migratzaile atzerritarrek osasun txartela berreskuratuko dute. Alderdi popularra izan da Kongresuan aurka bozkatu duen bakarra.  

Migratzaileak Irungo kaleetan, abuztuan. GORKA RUBIO / FOKU
itziar ugarte irizar
2018ko irailaren 6a
07:59
Entzun

Espainiako estatuan erroldatuta dauden pertsona guztiek osasun arreta publikoa jaso ahalko dute berriz. Baita erroldatuta ez daudenek ere. Gaur goizean onartu du Kongresuak "osasun arreta unibertsala" bermatzen duen neurria, eta, modu horretan, bertan behera geratu da Mariano Rajoyren gobernuak 2012an egindako murrizketa. Ordutik hona, hainbat pertsonek ez dute izan osasun sistema publikorako sarbiderik: egoera irregularrean zeuden migratzaile atzerritarrak —adingabeak eta haurdun zeuden emakumeak izan ezik— eta gizarte segurantzan gutxiengo bat kotizatu gabe zutenak, besteak beste.

Carmen Monton Espainiako Osasun ministroak adierazi duenez, aurreko gobernuarentzat eskubideen murrizketa "presazko eginkizuna" izan zen, eta galdutako eskubide horiek berreskuratzea bilakatu da orain "presazko eginkizuna" gobernu berriarentzat.

EH Bilduren proposamena

Migrazio politikei lotutako proposamen berri bat aurkeztu du gaur goizean EH Bilduk. Azken asteetan Euskal Herrira heldu diren pertsona migratzaileen egoera ikusita, "Kultur Aniztasun eta Migrazio Zuzendaritza" sortzea proposatu du koalizioak. Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian egin dute agerraldia, eta Jasone Agirre legebiltzarkideak azaldu du proposamena: "Zuzendaritza hori izango da migraziorako politika horren liderra, koordinazio lana egingo duena, baliabideak eskuratu eta antolatuko duena, eta beste erakunde eta esparruetan egiten diren politikei koherentzia emango diena".

Agirreren ustez, udan jazo diren gertakarien aurrean erakundeak "inprobisatzen" aritu dira, eta "sistemaren gabeziak" agerian geratu dira. “Harrera integral, ordenatu eta kalitatezko bat eskaintzeko modu bakarra gizarte sistemaren barruan da", nabarmendu du legebiltzarkideak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.