Espainiako Kongresuan Voxen ekinbide bat onartu dute gaztelera «bazterrean ez uzteko»

Lurralde Politikako Batzordean onartu duten legez besteko proposamenak gobernuari eskatzen dio «hizkuntza bazterkeria saihesteko». Voxen eta PPren botoekin egin du aurrera, EH Bilduk, ERCk eta JxCk ez baitute bozketan parte hartu.

Euskararen aurkako erasoaldi judiziala salatzeko manifestaldia, iazko azaroan Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskararen aurkako erasoaldi judiziala salatzeko manifestaldia, iazko azaroan Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko apirilaren 10a
10:26
Entzun

Espainiako Kongresuko Lurralde Politikako Batzordeak atzo onartu zuen «gaztelera erabiltzeko eskubidea bermatzeko» legez besteko proposamena. Izan ere, Vox alderdi ultraeskuindarrak abiaturiko ekinbidearen arabera, «alderdi politiko separatistak hizkuntza koofizialak modu bidegabean erabiltzen ari dira, horrela gaztelera bigarren planoan utzi eta Espainiaren batasunari kalte egiteko». Halere, proposamena legez bestekoa izanik, ez da loteslea; soilik, Espainiako Gobernuari gai konkretu baten inguruan ganberak duen ikuspegia jakinarazteko balio du.

Kasu honetan, ordea, ez du, zehazki, Diputatuen Kongresuaren ikuspegi bateratua islatzen. Proposamenak aurrera egin zuen, baina bozketan aldeko zein kontrako boto kopuru bera jasota. Atzoko bilkuran parte hartu zuten alderdien artean, Voxek eta PP Alderdi Popularrak babestu zuten ekinbidea. Eta, berez, gehiengoa osatzen ez badute ere, atzokoan ez ziren bertaratu EH Bilduko, ERC Esquerra Republicanako eta JxC Junts Per Catalunyako ordezkariak. Hiru horien botorik gabe, berdinketa egon zen; eta, berdinketa hausteko, diputatu gehien batzen dituen aldea nagusitzen da, atzokoan Vox eta PPrena —bien artean 170 diputatu dituzte—.

Proposamenak gobernuari eskatzen dio «hizkuntza bazterkeria saihesteko» eta «hizkuntza koofizialak gazteleraren gainetik jartzen duen neurri oro indargabetzeko». Voxek proposamena justifikatzeko erabiltzen dituen adibide guztietan aipatzen du euskara. Alderdi ultraeskuindarrak hizpide du EAE Euskal Autonomia Erkidegoko udal legea euskararen arloan garatzen duen 179/2019 dekretua —euskararen erabilera sustatzeko hainbat bide ematen ditu—; eta dio dekretuko zenbait artikuluk «vascuencea-ren lehentasunezko erabilera inposatzen» dutela, gazteleraren «kalterako».

Horregatik, Voxek goraipatu egin ditu iaz EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiak —tartean, urriaren 17koa eta 19koa—. Auzitegiak dekretuko zenbait artikulu indargabetu zituen, udal administrazioek beren jardunean euskara lehenestea galaraziz. Atzo onartutako legez besteko proposamenarekin epai horiek betearazteko eskatu diote Voxek eta PPk Pedro Sanchezen gobernuari.

Sanchezen alderdiko senatari Maria Luisa Garciak, berriz, atzoko proposamenari buruz esan du «asper-asper eginda» daudela azaltzeaz gaztelera mehatxatuta dagoen ideia «kontraesankorra» dela. Izan ere, PSOEkoaren ustez, «750.000 pertsona inguruk» erabiltzen duten hizkuntza «minoritario» bat [euskarari erreferentzia eginez] ez da mehatxu gaztelera bezalako hizkuntza «global eta prestigiotsuarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.