Gizartea

Espainiako militarrak eta guardia zibilak oldartu egin zitzaizkien Bardeetako tiro eremuaren kontrako lagunei

Lehengo igandeko ibilaldian bi lagun atxilotu zituzten, eta Erriberako Gazteen Asanbladak jakinarazi du hainbat gazte jo ere egin zituztela.

2008ko ekainaren 3a
14:59
Entzun
Aurten ere egin dute Erriberan (Nafarroa) Bardeetako tiro eremuaren kontrako ibilaldia -ekainaren 1ean-, baina aurten Espainiako armadako militarrak eta guardia zibilak oldartu egin zaizkie parte-hartzaileei, Erriberako Gazteen Asanbladak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez.

"Ibilaldia bukatzear zela -modu baketsuan egin zen-, tiro eremuaren egoitzaren aurrean ia jenderik ez zegoenean, militarrek eta guardia zibilek jo egin zituzten hainbat gazte, egoitza barruan eduki zituzten ordubete inguruan...", dio aipoatutako asanbladak.

Mutil eta neska gazte bat Valtierrako (Nafarroa) Guardia Zibilaren kuartelera eraman eta bost orduz eduki zituzten.

"Soldatapean dauden torturatzaile horiek baztertu egiten ditugu. Gure kaleak amorruz, gorrotoz eta errepresioz betetzen dituzte, eta edozein adierazpenen kontra egiten dute", dio Erriberako Gazteen Asanbladak. "Militarrak Bardeetatik kanpora!".

Aurten bukatuko zaio Espainiako armadari bertan egoteko kontratua. Dena dela, Espainiako Gobernuak kontratua berritu egin nahi duela esana du.

Askatasunaren salaketa

Askatasuna erakundeak salatu egin du espainiar indar armatuek izandako jarrera. "Okupazio indarren areagotzea eta euren jarrera oraindik eta bortitzagoa izaten ari da azkenaldian Euskal Herriko eskualde askotan. Benetako salbuespen egoera bizi du Euskal Herriak. Inpunitatea, inposaketa, tortura eta sufrimendua baino ez dute ekarri eta haiek aldegitea eskatzen dugu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.