Espainiako Ministroen Kontseiluak adimen artifizialaren lege proiektua onartu du

Adimen artifiziala «modu desegokian» erabiltzen dutenek 35 milioi eurorainoko isunak jasotzen ahalko dituzte.

 Sakelakoen Munduko Kongresua, 2024an, Bartzelonan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Sakelakoen Munduko Kongresua, 2024an, Bartzelonan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Isabel Jaurena.
2026ko maiatzaren 26a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adimen artifizialaren erabilera arautzeko bertze pauso bat eman du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak: onartu egin dute Adimen Artifizialaren Erabilera Egokirako eta Gobernantzarako Lege proiektua. Bertzeak bertze, teknologia hori «modu desegokian» erabiltzen duten horiendako zigorrak zehaztu dituzte, 35 milioi eurorainoko isunak tartean direla. Indarrean jarri asmo duten lege hori adimen artifizialaren inguruko Europako araudiaren egokitzapen bat da, eta teknologia hori «modu etiko, inklusibo eta onuragarrian» erabiliko dela bermatzea du xede; halaber, haren bidez modua egin nahi dute erabiltzaileek eduki birtualak eta errealak errazago desberdintzeko. 

Gaur onartu den proiektuak duela urtebete hasi zuen bidea, eta orain Gorteetara bideratuko dute, tramitatze parlamentarioekin hasi eta abuztuaren 2rako prest egon dadin. Oscar Lopez Espainiako Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko ministroak kontseilu osteko agerraldian erran duenez, arau-hauste motak zehaztu dituzte eta horiei lotutako isunen zenbatekoak ere bai: 6.000 eurotik hasi, eta 35 milioi eurorainokoak izan daitezke. Horri lotuta, zehaztu dute teknologia hori zertarako ezin den erabili: bertzeak bertze, baimenik gabe herritarren erabakiak manipulatzeko teknikak erabiltzea, eta txatbotak erabiltzea jokoaren mendeko direnak identifikatu eta joko plataformetara bideratzeko, edo adinagatik, desgaitasunen bat izateagatik edo egoera sozioekonomikoagatik zaurgarriak direnez baliatzeko. 

Horrez gain, arauak debekatuko du adimen artifizialarekin irudi sexual faltsuak sortzea —deepfake deiturikoak—. Neurri hori ez zuten sartu lehenbiziko aurreproiektuan, hilabete honetan bertan sartu baitute Europako araudian. Erabaki hori hartu zuten X sare sozialean emakume eta adingabe biluzien irudiak publikatu zituztelako, sare horren laguntzaile birtualak sortutakoak. Halere, kutsu sexualik ez badute, adimen artifizialarekin sortutako irudiak legezkoak izanen dira hemendik aitzinera ere, baina «argi» egon beharko du ez dutela halakorik —ministerioak ez du adierazi, baina, nola zehaztu beharko den hori—. 

Kritikak ere badaude. Aurreproiektuaren berri eman zutenetik, zenbait elkartek eta zuzenbide digitalean adituak direnek erran dute arau horrek ez duela aurreikusten administrazioei isunak jartzea, baizik eta soilik enpresa pribatuei. 

Arriskuen araberako sailkapena

2024ko martxoan onartu zuen Europako Batasunak adimen artifiziala arautzeko legea. Arau horrek arriskuen arabera sailkatzen ditu teknologia hori erabiltzen duten sistemak. Pertsonei arriskurik handiena eragiten dieten sistemak debekatuko dituzte. Bertze sistema batzuei, berriz, baldintza batzuk ezarriko dizkiete.

Are, sailkapen hori eguneratu egin beharko da noizean behin, eta, horrela, tresnak sortu ahala, kategoria jakin batean sartuko dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA