POLIZIA OPERAZIOA. ATXILOKETAK. ETA

Espainiako Poliziak 16 lagun atxilotu ditu Garzonen aginduz

«ETAren azpiegituran partaide» direla argudiatuta egin dute polizia operazioa Hego Euskal Herrian

Aitziber Laskibar Lizarribar.
BILBO
2004ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak 16 lagun atxilotu zituen atzo goizaldean Gipuzkoan, Nafarroan, Bizkaian eta Araban, ustez ETArekin zerikusirik dutela argudiatuta. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek agindu zuen polizia operazioa, haren esanetan, «ETAren azpiegiturako kide» direlakoan. Berri agentziek zabaldu zutenaren arabera, atzo goizean bertan eraman zituzten guztiak Poliziak Madrilen duen egoitzara, inkomunikatuta. Hamazazpigarren bat atxilotzera joan ziren poliziak, baina, gaixotasun larria duela frogatu ondoren, aske utzi zuten.

Gipuzkoan sei lagun atxilotu zituzten poliziek, goizaldeko ordubatetik hirurak bitartean. Zestoan, Margari Eizagirre atxilotu zuten 01:30ean, haren etxean. Etxea miatu eta, «paper gutxi batzuk» besterik ez zituzten eraman poliziek, Askatasunak jakinarazi zuenez. Ordizian Ibon Urrestarazu eta Alaitz Iturrioz atxilotu zituzten. Bikotea dira biak eta, gainontzekoak bezala, etxean atxilotu zituzten. Beste bikote bat atxilotu zuten Antzuolan, ordu txikietan: Agustin Cabo eta Amaia Mundiñano. Mundiñano etxarritarra da baina Antzuolan bizi da mutil-lagunarekin.Zumaian, Aitziber Igoa eta Aritz Romanelli atxilotzera joan zen Espainiako Polizia. Romanellik, baina, gaixotasun larria du eta, osasun egoera hartan atxilotzea arriskutsu izan zitekeela ziurtatzeko erietxera eraman ondoren, aske utzi zuten.

Ordenagailuak, liburuak, bideoak eta sakelakoak

Nafarroan 23 eta 29 urte arteko bost gazte detenitu zituen Espainiako Poliziak, guztiak Iruñean: Lorea Azpilikueta Alde Zaharrean, Berriozarren Iban Medina eta Izaskun Villanueva, Errotxapean Igor Astibia leitzarra eta, Txantrean, Gorka Jaunarena. Jaunarenaren pisukideen esanak bilduta Askatasunak jakinarazi zuenez, 02:00etatik 03:45etara egon ziren poliziak etxea miatzen. Aldizkariak, euskarazko bideoak, mugikorra eta atxilotuarena ez den ordenagailua eraman zituzten poliziek, lekukoek adierazi zutenez. Hartarako, etxea «hankaz gora» utzi zuten, pisukideen esanetan.

Hiru lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak Bizkaian. Maider Viso Bilboko Santutxu auzoan detenitu zuten, gurasoen etxean. Harriet Iragi presoaren emaztea da Viso, eta haur txikia du bikoteak. Bilboko Zazpikaleetan Ruben Nieto santutxuarra atxilotu zuten poliziek. Haren neska-lagunak Berriari adierazi zionez, modu bortitzean sartu ziren poliziak bikotearen bizilekura. Biak portaleko eskilaretara atera zituzten eta bertan izan zituzten esposatuta, lurrean buruz behera etzanda, metrailetak buruan zituztela. Ondoren, Nieto etxeko miaketara eraman zuten, neska-laguna sukaldean izan zuten bitartean. Ordenagailua, disketeak, liburuak, Nietoren zein neska-lagunaren telefono agendak eta neskaren telefono mugikorra eraman zituzten. Bizkaian atxilotutako hirugarren laguna Jon Duque portugaletearra da.Araban beste bi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, operazio beraren barruan: 38 urteko Gustavo Fernandez, Zalduondon, eta 23 urteko Koldo Lekuona Gasteizen.Berri agentziek zabaldu zutenez, 18 etxebizitza miatu zituzten poliziek guztira, eta bost ordenadore eta «dokumentazio ugari» atzeman. Hartarako, 150 poliziatik gora aritu ziren Baltasar Garzonek agindutako operazioan.

Polizia iturriek aditzera eman zutenez, «orain arte bildutako hainbat informazio eta jarraipenen ondorio» da atzoko operazioa, bai eta 2002. urtean Ibon Fernandez Iradi ustezko etakideari poliziek atzeman omen zien zerrendaren «ikerketa sakonaren ondorio».«Bildutako informazioaren» haritik, atzo atxilotutakoak ETAren azpiegitura prestatzeko lanetan aritzen zirela ondorioztatu du Garzon epaileak, poliziak zabaldu zuenez. Iturri berberen arabera, erakunde armatuari babes ematen zien detenituek, eta ETAk burutu beharreko ekintzen inguruko informazioa biltzen zuten. Talde armatuari pisuak utzi izana, etakideak garraiatzen lagundu izana, informazioa bildu izana eta etakide berriak atzemateko lanetan aritu izana ere aipatu zuten berri agentziek, atxiloketen arrazoi gisa.

«ETAren 'Arrantza' azpisaila»

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegiak egindako atxiloketa eta miaketa aginduak erakutsi zituzten poliziek atzoko miaketak egiteko. Bertan jasotzen denez, «erakunde terroristako kide» izatea egozten die atxilotuei. Berriak eskuratu ahal izan duen autoak dioenez, Ibon Fernandez Iradi eta Lorena Somozari atzemandako dokumentuetatik ondoriozta daiteke «Arrantza deituriko azpisaila» duela ETAk.

Baltasar Garzon epailearen atxilotze autoaren arabera, «azpisail» horretan, etakide berriak atzemateko lanetan aritzen dira batzuk. Erakundeko partaide izatea onartzen duten lagunak ere talde berean kokatzen ditu epaileak eta ETAk Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan duen azpiegitura dela ondorioztatzen du. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileren arabera, atzo atxilotutako guztiak «ETAren azpiegitura» horretako partaideak lirateke.

-

ESPAINIAKO BARNE MINISTROA



 

«Erakunde terroristaren begi eta belarriak dira»





Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak esaldi bitxiaz laburbildu zuenatxilotutakoek haren ustez ETAn duten betebeharra: «Erakunde terroristaren barruan, sarearen begi eta belarriak dira». ETArentzat «informazioa, materiala, kotxeak, azpiegitura ahalbidetzen dutenak dira», gehitu zuen.

Nolanahi ere, polizia indarrek ETA «ahultzeko prozesuan» jarraitzen duten arren, talde armatuak oraindik ahalmen operatiboa duela adierazi zuen; «ETAk ez du inolako etorkizun politiko ez sozialik, baina ahalmen operatiboa mantentzen du», ohartarazi zuen.Espainiako Gobernuko presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak, bestalde, polizia operazioa «berri ona» dela esan eta, ETAren aurkako ekinbideen «eraginkortasuna» azpimarratu zuen. Areago esan zuen presidenteordeak, norengana zuzentzen zen zehazki aipatu gabe: «Indarkeria espreski kondenatzen ez den artean, terrorismoaren aurkako borrokan ez da ezertan aldatuko».Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Vicente Ripa, poliziak Iruñean egindako operazioaz mintzatu zen. Atxiloketak «azken hileetan egindako jarraipen zehatzaren emaitza» direla adierazi zuen.Beste informazio bat ere eman zuen Ripak: Iruñean detenitutako batek 2001. urtean Jose Javier Mugica Astibia Leitzako zinegotziaren heriotza eragin zuen ekintzan zerikusirik ote duen aztertzen ari dela Polizia. Hartarako, «hainbat egoera» argitu behar direla esan zuen. Atxilotuak eta duela hiru urte hildakoak abizen bera dutela jarri zuen adibidetzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.