atxiloketak

Espainiako Poliziak Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Rafa Diez atxilotu ditu, LABen Donostiako egoitzan

"Batasuneko Mahai Nazional berriaren kontrako operazioa" izan da, eta Baltasar Garzonek agindu du. 18:30ean atzeman ditu. Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zabaleta, Ainara Oiz eta Mañel Serra ere atxilotu ditu. Otegi 2008ko abuztuan irten zen kartzelatik eta Etxeberria duela hilabete baino ez.

2009ko urriaren 13a
09:30
Entzun
Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto atxilotu ditu gaur 18:30ak aldera Espainiako Poliziak, Donostian, LABen egoitzan. Amaia Esnal ere atxilotu dute Hernanin (Gipuzkoa), baita Txelui Moreno, Miren Zabaleta eta Ainara Oiz Iruñean ere. "Batasuneko Mahai Nazional berriaren kontrako operazioa" izan dela diote polizia iturriek. Lehenago, Hernanin Mañel Serra atxilotu dute. EITBren arabera, beste lagun bat balegoke Poliziaren esku.

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du operazioa. LABen egoitza ingurua itxita izan du Poliziak eta atxilotuak 21:15ak aldera atera ditu handik. Atxilotuen etxeak miatzen ere aritu da, berri agentzien arabera.

Horiek aipatu dute LABen bilduta zeudela Otegi-eta, Igara auzoan, eta hilabete batzuk zeramatzela batzarrak egiten zenbait tokitan, Bateragune taldeko kide gisa. Poliziak jazarpen zehatzak egiten zizkien, berri agentziek diotenez.

Otegi iazko abuztuan irten zen kartzelatik eta Etxeberria duela hilabete inguru baino ez. Aurrenak hamabost hilabete egin zituen Martutenen (Donostia) preso, "terrorismoa goratzea" delitua leporatuta; hain zuzen, Jose Miguel Beñaran Argala ETAko militanteari egindako omenaldi batean parte hartzeagatik. Etxeberria Batasuneko auziekin lotuta eraman zuten espetxera. Sonia Jacintok irailaren hasieran Garzonengana joan behar izan zuen, EHAK-ko diruzain gisa, baina epaileak ez zuen haren aurkako neurririk hartu.

Lehengo astean jakin zen Otegi bera, Permach eta Joseva Alvarezekin batera, epaitu egingo dituela Auzitegi Nazionalak, 2004ko azaroko Donostiako Belodromoko ekitaldiagatik. Bake prozesurako proposamena egin zuen ezker abertzaleak orduan. Eloy Velasco epaileak hartu du neurria.

Rafa Diez LABeko idazkari nagusia izan da urteetan, iaz arte, eta sindikatuko zuzendaritza bihar bilduko da, egoera aztertzeko.

Aurreko operazioa

Espainiako Poliziak berak 2007ko udazkenean eta 2008 hasieran operazio zabala egin eta hainbat lagun atxilotu zituen, Batasunaren Mahai Nazional berria osatzen zutelakoan. Besteak beste, Joseba Permach, Juan Joxe Petrikorena, Rufi Etxeberria bera, Anjel Mari Elkano, Ane Lizarralde, Juan Cruz Aldasoro, Asier Arraiz, Ibon Arbulu, Mikel Zubimendi, Marije Fullaondo, Karmelo Landa eta Pernando Barrena atzeman zituen -Etxeberria ez ezik, aipatutako denek kartzelan jarraitzen dute-.

Espainiako Justiziak legez kanpoko alderdi politikotzat jo zuen 2003an Batasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.