Segi gazte erakundeko kide izatea leporatuta Espainiako Poliziak hiru gazte atxilotu ditu bart goizaldean Iruñerrian, bi Iruñeko Arrosadia auzoan eta hirugarrena Zizur Nagusian. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak baieztatu duenez, Irati Mujika, Mikel Beuntza eta Oihan Ataun dira atxilotuak; lehena Amezketakoa (Gipuzkoa), eta beste biak Arrosadia auzokoak. Efe albiste agentziak polizia iturrietan oinarrituta zabaldu duenez, Mujika eta Beuntza Arrosadian atxilotu dituzte eta Ataun Zizur Nagusian. Halaber, miaketak egiten ari da Polizia; besteak beste, atxilotuen etxeak miatu dituzte eta baita Arrosadiako auzo elkartea ere. Jaione Karrera atxilotutakoen abokatuak adierazi duenez, "tratu txarrak jasotzeko arriskua" dute hiru gazteek.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak agindu du sarekada. Legez kanporatutako Segi erakundeko kide izatea egozten die atxilotuei, eta Efe-k zabaldu duenez, baita duela egun batzuk ustez Iruñean bertan desegin zuten Nafarroa komandoari babesa ematea ere.
Azken hilabeteetan Nafarroan gazteen kontrako hainbat sarekada egin dituzte, Segiko kide izatea egotzita. Azkena urriaren 6an egin zuten, eta zortzi gazte atxilotu. Inkomunikazio aldian tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten horietako hainbatek.
Atxiloketak
Espainiako Poliziak hiru gazte atxilotu ditu Iruñerrian Segiko kide izatea egotzita
Irati Mujika, Mikel Beuntza eta Oihan Ataun lirateke Amnistiaren Aldeko Mugimenduak agertu duenez. Grande Marlaska epaileak agindu du operazioa. Miaketak egiten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu