Tortura

Espejoren teniente jeneral izendapena babestu du Grande-Marlaskak

Geroa Baik eta EAJk Mikel Zabalzaren familia «berriro biktimizatzea» leporatu dio Barne ministroari.

Grande Marlaska, gaur, Espainiako Senatuan. MARISCAL / EFE
2023ko apirilaren 18a
20:00
Entzun

EAJk eta Geroa Baik Espainiako Senatuko kontrol saioa baliatu dute Fernando Grande-Marlaskari aurpegiratzeko Arturo Espejo Guardia Zibilaren teniente jeneral eta Sostengu Agintaritzako buru izendatu izana: «Torturatzaile bat saritu duzue». Grande-Marlaskak, ordea, Barne Ministerioaren jarrera babestu du, esanez Espejo ez dutela «inoiz inputatu» Zabalzaren heriotzagatik.

Grande-Marlaskaren arabera, «inolako kritikarik gabe» egin du Espejok gorantz Guardia Zibilaren barruan. Hala, Almudena Otaola jeltzaleari eta Geroa Baiko Koldo Martinezi txarretsi die «baieztatu gabeko» gertaera larriak leporatu dizkiotela Espejori, haren ibilbidea kontuan hartu gabe: «Adierazi zein ebazpen zehatzetan egon zen edo dagoen inputatuta formalki Espejo jauna». Are gehiago, defendatu du Espainiako zuzenbide estatuak «gerra zikina» erabili zutenen kontra egin izan duela, eta horren adibide dela, besteak beste, zenbait goi kargudunek kartzela zigorrak jaso izana. Ez du adierazi, ordea, zenbat denbora egin zuten horiek espetxean.

Oso bestelako ikuspegia azaldu dute Otaolak eta Martinezek. Jeltzaleak Mikel Zabalzaren familia «berriro biktimizatzea» egotzi dio ministroari, eta haren aurkako torturei eta hilketari «inolako garrantzirik» ez ematea txarretsi dio: «Iraina da, Espainia demokratikoaren historiako gertakari beltz hura gertatu zenetik ia 38 urte igaro direnean. Ez da bidezkoa eta immorala da». Era berean, aferaren inguruko dokumentuak desklasifikatzeko eskatu dio Barne ministroari.

Bide beretik, Martinezek kritikatu du Espainiako Barne Ministerioak 1985ean gertatu zena ezkutatu nahi duela, Zabalzaren familia «mespretxatuta» eta egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubidearen kontra eginda. Senatariak Grande-Marlaskari eskatu dio adierazi dezala ea PSOEk nolabaiteko «zorrik» ote duen Espejorekin, hark halako izendapen bat jasotzeko: «Agian beldur zarete testifikatu ote dezakeen Felipez Gonzalezen gobernuko PSOEko kargudunak beharrezko lankide izan zirela duela 38 urte egindako krimen bat estaltzeko?».

1985. urtean atxilotu zuen Guardia Zibilak Zabalza. Bertsio ofizialaren arabera, bere kasa hil zen, Bidasoa ibaira salto egin ostean, Donostiako Intxaurrondoko kuarteleko bi guardia zibilekin batera zulo baten bila ari zela. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak bizitzeko eskubidearen urraketen biktimatzat jo zuen duela urtebete pasatxo, eta CESID Espainiako zerbitzu sekretuetako audio batzuk azaleratu dute torturen eraginez hil zutela.

Mikel Zabalza Gogoan plataformak oraintsu gogoratu du Espejok zuzendu zituela Zabalzaren atxiloketa eta galdeketa saioak. Hil arte torturatu zuten gaztea Intxaurrondoko kuartelean, eta, hori estaltzeko, Espejok berak antolatu zuen gorpua Bidasora botatzeko operazioa, Madrilgo hedabideetan zabaldu zutenez. Espejok deklaratu egin behar izan zuen Donostian, akusatu gisa, baina afera 1988. urtean artxibatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.