Iragan larunbateko Bilboko manifestazioan «egindako urratsa» mugarritzat jo zuten atzo manifestazioaren deitzaile Egin Dezagun Urratsa ekimenekoek eta euskal presoen senideen ordezkariek Bilbon egin zuten agerraldian.
Ordezkari horiek esan zutenez, aspaldiko jendetza handiena mobilizatu izanak frogatzen du «herri honetako gehiengo zabal eta esanguratsu batek irmoki eta era aktiboan aldarrikatzen duela euskal preso politikoei ezartzen zaien egoera berehala gainditu behar dela». Manifestazioaren arrakasta «ukaezina» izan dela esan zuten, baita «kartzela politika hau indarrean mantentzen dutenentzat» ere. Horregatik, azaldu zuten, «berehalakoa» izan beharko du kartzela politikaren «erabateko aldaketak», «konfrontazio eta errepresio irizpideetatik» atera eta «konponbide demokratikoen irizpideetara» mugituta.
Azken ostiraletarako deia
Hileroko azken ostiraleko mobilizazioetan gizarte osoak inplikatu behar duela ere esan zuten atzo, eta «pausoa ematetik bidea egitera» deitu zuten, eta herriz herri presoen eskubideen alde «era aktiboan» inplikatzeko eskatu. «Azken ostirala ez dadila inoiz gehiago presoen gertuko eta familiakoen ekimena izan, herri honetako gehiengoen konpromiso eta borondatearen agertokia baizik», esan zuten.
Espetxe politika «irtenbide demokratikoen irizpideetara mugitzeko» eskatu dute
Bilboko manifestazioa mugarri izan dela diote, eta «pausoa ematetik bidea egitera» igarotzeko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu