Espetxe politika

Espetxe zigor iraunkor berrikusgarriaren aurka agertu da Espainiako Kongresua

Zigor hori bertan behera uzteko lege proposamen bat izan dute aztergai gaur goizean, EAJk proposatuta. PP eta Ciudadanos haren tramitazioa blokatzen saiatu dira osoko zuzenketen bidez, baina Kongresuko diputatu gehienek ez dituzte zuzenketok onartu.

Aitor Esteban Kongresuko EAJren bozeramailea, saioan. MARISCAL, EFE
Samara Velte.
2018ko martxoaren 15a
16:40
Entzun

Espetxe zigor iraunkor berrikusgarria bertan behera uzteko prozesuak beste langa bat gainditu du gaur goizean Espainiko Kongresuan: lege proposamenari egindako osoko zuzenketak ez dira aurrera atera, eta, beraz, egitasmoak tramitazioa jarraituko du batzordeetan. EAJk proposatu du ekinbidea, eta, besteak beste, PSOE, Unidos Podemos eta EH Bildu alderdien babesa jaso du. Aurka, aldiz, PP eta Ciudadanos agertu dira: biek aurkeztu dituzte legearekiko osoko zuzenketak. Azken bozketan, ordea, hamar botoko aldearekin gaitzetsi ditu biak Kongresuak.

Espetxe zigor iraunkor berrikusgarria 2015etik dago indarrean, eta behin bakarrik aplikatu da. Neurriaren aldekoek argudiatzen dute "delitu larrienetarako ezohiko zigorra" dela, esate baterako, haurrak hiltzen direnerako edota sexu delituen ostean egindako hilketetarako. Praktikan, bizi osoko espetxe zigor baten efektuak ditu, baina epe jakin bat igaro ostean —20 edo 25 urtera, delituen arabera— zigorra berrikusteko aukera ematen du; presoak jarrera ona erakutsi duela frogatzen duen txosten bat lor badezake, bederen. Legearen aurkakoek argudiatzen dute hori, praktikan, ezinezkoa dela hainbeste urte espetxean igarotzeko perspektiba duten pertsonen kasuan, eta legeak berrikuspenari bezainbeste ate zabaltzen dizkiola bizi osoko espetxealdiari.

Gaur goizeko eztabaida parlamentarioan, akademiko, fiskal eta aditu asko neuriraren aurka daudela ekarri du gogora Mikel Legarda EAJko diputatuak: "Delitu larrienen kopurua apaltzen doa urtez urte, eta, gainera, inguruko zigor gogorrenetako batzuk dauzkagu, kasu askotan osorik bete beharrekoak". Kriminalitate tasa apala izan arren, preso dauden herritarren kopurua handia da Espainiako Estatuan: "Horietako asko oso helduak dira, 70 urtera ere heltzen da adina". Nabarmendu du, halaber, Europan antzerako neurriak dauzkaten herrialdeetan 15 urte bete aurretik  berrikus daitezkeela zigorrak.

Eztabaida, ordea, tentsio sozial handi baten erdian etorri da, Almerian (Espainia) hil berri duten haur baten kasuak hauspotuta. Ez da kasualitatea izan gaia orain Kongresura iristea, EAJk salatu duenez: PPk eta Ciudadanosek "blokeatuta" eduki dute tramitazioa, eta orain erabaki dute zuzenketak osoko bilkuran eztabaidatzea. Bi alderdiek erruz baliatu dituzte azken urteotako delitu mediatikoenetako batzuk euren diskurtsoetan, eta hainbat erreferentzia egin dizkiote espetxe zigor iraunkor berrikusgarriak gizartean omen daukan babesari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.