Espetxean heriotza ez dadin «berezkoa» izan

Urtea hasi zenetik lau preso hil dira Euskal Herriko espetxeetan, eritasunen baten ondorioz edo beren buruaz beste eginda. Kartzeletako arreta txarra dela salatu dute zenbait eragilek, eta «presoen osasun eskubideak urratzea» egotzi diete erakundeei.

Iruñeko kartzela, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Iruñeko kartzela, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Ion Orzaiz.
2026ko ekainaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihotz-biriketako gelditze bat. Mediku txostenean irakur daitekeenez, hori izan da heriotzaren kausa. Pazientea —80 urtetik gorako gizonezko bat— Iruñeko espetxean zegoen preso, eta han eman dio bihotzekoak. Kartzelan bizkortu dute, anbulantzian ospitaleko larrialdietara eramateko adina, baina «oso larri» iritsi da erietxera. Han hil da, kalapita handirik gabe. Soilik telefono dei bat hildakoaren senideei, eta zenbaki bat —berezko heriotzak epigrafearen pean—, administrazioek urte bukaeran argitaratuko duten txostenean.

Salhaketak eta presoen eskubideen alde lan egiten duten beste erakunde batzuek eginiko zenbaketen arabera, lau heriotza erregistratu dira Euskal Herriko espetxeetan urtea hasi zenetik. Kezka eragin du kopuruak, presoek jasotako tratuarengatik, baina baita arazo orokorrago eta larriago baten sintoma izan daitekeelako ere: «Kasu hauek zera frogatzen dute, espetxe erakundeek urratu egiten dituztela presoen arta eta osasun eskubideak», esan du Andoni Burguetek, Salhaketa elkarteak Nafarroan duen bozeramaileetako batek.

Aurtengo otsailak bost egun baino ez zituela, Zaballako espetxean (Araba) 35 urteko gizon bat hilotz topatu zuten. Haren senideek salatu zuten ez ziotela arta egokia eman. Ordutik hilabete eskas batera, Iruñeko kartzelan preso zegoen adineko gizon bat ospitalean hil zen, bihotzekoak jota; eta, egutegitik martxoko orria kendu gabe oraindik, 23 urteko preso batek bere buruaz beste egin zuen Baionako presondegian. Bakarkako ziega batean zeukaten, arazo psikiatrikoak ei zituelako, eta telefono kable batekin urkatu zuen bere burua. Apirilaren 11n jakinarazi zuten Euskal Herriko espetxeetan gertatutako azken heriotza; Zaballan, berriro ere. Lau hildako, beste horrenbeste hilabetetan.

«Kartzelan hil direnei buruzko informazioa eskatzen dugun aldiro, labirinto burokratiko batean sarrarazten gaituzte, eta horrek badu helburu argi bat: amore ematea eta gehiago ez galdetzea» 

ANDONI BURGUETE Salhaketako kidea

Ezbehar horien berri eman zutenak ez ziren izan Espainiako edo Frantziako espetxe agintariak, ezta Euskal Herriko administrazioetako arduradunak ere. Hedabideek, eragile sozialek eta senideek beraiek salatu zuten gertatutakoa, jakin ahala —batzuetan, heriotza gertatu eta zenbait egunera—. Burgueteren ustez, horrek agerian uzten du espetxearen inguruan nagusi den opakutasuna: «Oso-oso zaila da barruan gertatzen denari buruzko informazioa lortzea. Heriotza baten berri dugun aldiro, izugarri konplikatua da jakitea non gertatu den, nola, gertatutakoaren erregistrorik dagoen ala ez...». Isiltasun laino horrek zaildu egiten du «instituzioak fiskalizatzeko eta kontu hartzeko» lana, Salhaketako kideen irudiko: «Kartzelan hil direnei buruzko informazioa eskatzen dugun bakoitzean, labirinto burokratiko batean sarrarazten gaituzte, eta horrek badu helburu argi bat: herritarrek amore ematea eta gehiago ez galdetzea».

Hiru hilabete tratamenduaren zain

Gardentasun faltaz harago, baina, zera kritikatzen dute Salhaketako arduradunek: Euskal Herriko kartzeletan, oro har, presoei ez zaiela «behar bezalako arta» ematen, eta «segurtasun irizpideak» gailentzen zaizkiela «pertsonen osasun eskubideei».

Elkarte horretako kide da Leyre Pueyo ere, eta «osasun protokoloen gabeziak» nabarmendu ditu, adibide bat jarrita: Iruñeko espetxean preso egonda tratamendu onkologikoa jaso behar izan zuen emakume baten kasua, hain zuzen. «Andre hori bakartze erregimenean eduki zuten hiru hilabetez, koskor bat kentzeko ebakuntza baten zain zegoela. Azkenerako, Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten tumorea kentzeko, eta ebakuntza osteko aldian, zaintza berezia behar zuen unean, bakartze erregimenera itzularazi zuten».

«Askotan, espetxeak berak trabatzen du osatze prozesua. Espetxe instituzioek gaixotu egiten dituzte presoak, eta batzuetan, baita hil ere» 

LEYRE PUEYO Salhaketako kidea

Pueyok nabarmendu du presoak Nafarroako osasun sisteman jasotako arreta egokia izan zela une oro, baina espetxera itzultzen zen aldiro hango arduradunek «zigor eta kontrol irizpideak» jartzen zituztela osasun irizpideen gainetik: «Kasu horretan, espetxeak berak trabatu zuen osatze prozesua. Izan ere, espetxe instituzioek gaixotu egiten dituzte bertan preso daudenak, eta batzuetan, baita hil ere».

Buru osasunean ere egin dute azpimarra, eta galdegin dute «zorrotz bete daitezela» suizidioen aurkako protokoloak eta familiei eta gizarteari informazioa emateko bideak. Apirilean eginiko elkarretaratze batean, «patologia duala» duten presoen egoeraz hitz egin zuten Salhaketak eta Katearen Loturak elkarteek. Buru osasuneko arazoak eta droga menpekotasuna batera nozitzen dituztenak dira horiek, eta, elkarteen arabera, espetxean okerrera egiten du haien egoerak. Suizidio arriskuak, berriz, gora.

Baionako espetxean hilik agertutako gazteak, esaterako, bere buruaz beste egin zuen, bakartze ziega batean zeukatela. Lau hilabeteko zigorra betetzen ari zen otsailetik, jabetza pribatu batean kalteak eragiteagatik; eta zaintza psikiatrikoan zeukaten, «ahotsak entzuten» zituelakoan. Oraingoz, Euskal Herriko espetxeetan aurten erregistratutako suizidio bakarra da Baionakoa, baina horrek ez du esan nahi beste preso batzuk saiatu ez direnik: apirilean, EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan salatu zuen «gutxienez zortzi suizidio saialdi» izan direla azken hilabeteetan Iruñeko espetxean, eta, gainera, beren buruaz beste egiten saiatu diren guztiak kolektibo berekoak direla: gazte magrebtar migratzaileak.

Ardura eskutik eskura

Espetxeen eskuduntza partez baino ez dago eskualdatua Hego Euskal Herrian. 2021. urteaz geroztik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kudeaketa bereganatua du Eusko Jaurlaritzak; Nafarroan, berriz, Iruñeko espetxeko osasun arta soilik kudeatzen du Maria Txibiteren gobernuak, eta gainerako guztia Espainiako Gobernuaren esku dago.

Eskumena batzuen edo besteen gain egon, baina, presoen alde diharduten kolektiboek uste dute egoera ez dela sobera aldatu azken urteetan, ez kartzeletako baliabideei eta arretari dagokienez, ezta gardentasunari dagokionez ere. «Eusko Jaurlaritzak espetxe eskuduntza bereganatu zuenetik, hamarretik gora preso hil dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan; eta Nafarroan ere, askotxo dira azken urteetan hildakoak: 2011n Iruñeko kartzela berria zabaldu zutenetik, hamarretik gora heriotza erregistratu dituzte bertan», esplikatu du Burguetek.

«415 pertsona daude Iruñeko espetxean preso, eta lau mediku eta lau erizain dira horiek artatzeko lanean. Iruñeko edozein osasun zentrotan, mediku bakoitzak 1.500 paziente inguru ditu» 

ANA PUIG Iruñerriko Lehen Arretako zuzendariordea

Bestelako iritzia du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak. Bost urte dira Iruñeko espetxeko osasun lantaldea Iruñerriko Lehen Arreta zerbitzuaren parte denetik, eta aldaketa horrek presoei ematen zaien osasun arta «homogeneizatu» duela uste dute Susana Miranda Osasunbideko Lehen Arretako kudeatzaile ohiak —aste honetan eman du dimisioa, BERRIArekin erreportaje honetarako mintzatu ostean—  eta Ana Puig zuzendariordeak.

«2021ean eskuduntza Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasatu zenetik, nabarmen handitu ditugu baliabideak», laburbildu du Mirandak. Haren esanetan, lau medikuk, lau erizainek, bi erizain laguntzailek, administrari batek, farmazialari batek eta farmaziako teknikari batek osatzen dute espetxeko lehen arretako lantalde finkoa; eta horiez gain, tarteka joaten dira psikiatra bat, psikologo bat, dentista bat eta hezitzaile bat, «beharren arabera».

«Normalean, espetxeko pazienteek zita eskatzen dute familia medikuarekin; hark egiten du lehen diagnostikoa, eta erabakitzen du gaixoari tratamendu bat eman behar zaion edo espezialista batengana bidali behar den. Buru osasuneko patologiek beste bide bat dute, halakoak psikiatrak edo psikologoak artatzen baitituzte zuzenean», azaldu du Lehen Arretako arduradun izandakoak.

Puigek ere «egokitzat» jo du espetxe barruko osasun arta: «415 pertsona daude Iruñeko espetxean, eta lau mediku eta lau erizain daude horiek artatzeko. Ratioa askoz handiagoa da Iruñeko edozein osasun zentrotan: 1.500 paziente inguru mediku bakoitzeko».

«Gerta liteke gaitza atzeraezina izatea edo ezin buelta ematea bihotz-biriketako geldialdi bati, baina, oro har, prozedura iguala da kartzela barruan eta kanpoan» 

SUSANA MIRANDA Iruñerriko Lehen Arretako kudeatzaile ohia

Azkenaldian hildako presoei buruz, Lehen Arretako buruek uste dute ez dagoela asaldatzeko motiborik, eta espetxeetan aplikatzen diren irizpideak eta prozedurak «gainerako herritarrekin aplikatzen diren berberak» direla. Hala ere, aitortu dute larrialdietara deitzeko prozesua luzatu egin daitekeela kartzela barruan: «Barne koordinazio bat dago espetxean. Preso bati bihotzekoak ematen badio, presoek beraiek funtzionarioari eman behar diote abisua, hark osasun zerbitzuei dei diezaien. Eta gero, osasun langileek ikusten badute arazoa larria dela eta pazientea espetxetik kanpo artatu behar dela, 112ra deituko dute», esplikatu du Mirandak. «Gerta liteke gaitza atzeraezina izatea edo ezin buelta ematea bihotz-biriketako geldialdi bati, baina, oro har, prozedura iguala da kartzela barruan eta kanpoan».

Arartekoaren txostena

Salhaketa ez da espetxe barruko osasun arretan gabeziak antzeman dituen erakunde bakarra. Iazko ekainean, esate baterako, Iruñeko espetxea bisitatu zuen Espainiako Arartekoaren Torturaren Prebentziorako Mekanismoak, eta aurtengo txostenean argitaratu zituen ikerketa horren ondorioak. Espainiako Arartekoak onartu du «hobekuntzak eta aurrerabideak» izan direla presoen osasun artan eskumena Nafarroara eskualdatu zenetik: txalotu egin du, besteak beste, osasun mentaleko lantalde egonkor bat sortu izana eta espetxeko osasun zerbitzua Osasunbideko sare orokorrean barneratu izana.

Hala ere, «egiturazko antolaketa defizitak» ere antzeman zituen Arartekoak iaz eginiko bisitan, eta, txostenean nabarmendu duenez, halakoek eragotzi egiten dute «espetxetik kanpoko arreta asistentzialaren pareko estandar bat» bermatzea kartzela barruan. «Presoak kexu dira, kontsultarako apuntatuta egon arren medikuak ez dituelako artatzen», jartzen du txostenean. Salhaketa elkartearen ustez, kritika hori ez da anekdota hutsa, baizik «egiturazko arreta falta baten zantzua».

Nafarroako Osasun Departamentuko Lehen Arretako buruek onartu dute Espainiako Arartekoak «gomendio batzuk» egin zizkiela, baina esan dute lanean ari direla gabeziak konponbidean jartzeko: «Gomendioetako batzuei erantzuna eman genien, eta beste batzuk konpontzeko bidean gara. Osasunbidearen, espetxeko osasun zerbitzuen eta kartzelako zuzendaritzaren arteko koordinazioa hobetzea izan zen gomendioetako bat, eta horretan ari gara orain», esan du Puigek. Eskertu ditu Espainiako Arartekoak eginiko kritikak: «Hari esker ikusi dugu non dauden gabeziak, eta non eragin behar dugun».

Eredua jomugan

Hobekuntza puntualak gorabehera, ordea, arazoaren erroa «espetxe ereduan» dagoela uste dute aditu askok. Izan ere, eskubide urraketak berdin-berdin gertatzen dira espetxe handietan eta txikietan, iragan mendeko eraikin zaharretan eta makrokartzela berrietan. Baionako espetxeko langileek, sindikatuek eta eragile sozialek, adibidez, behin baino gehiagotan salatu dituzte presondegi horretako baldintza kaskarrak. Eraikina oso zaharra da —1891koa—, baina, horrez gain, har ditzakeen baino askoz preso gehiago ditu: 70 presorentzako lekua du, eta 163 ditu oraintxe, 68 ziegatan. %230ean dago betea. «Gainpopulazioak elkarbizitzarako arazoak sortzen ditu, baita kudeaketarako arazoak ere», azaldu zuen Christophe Dadon Ufap-Unsa sindikatuko bozeramaileak iragan apirilean, kartzelaren baldintza txarrak salatzeko elkarretaratzean. «Batzuetan, hiru edo lau dira zelda bakar batean, eta tentsioak igaiten dira... Bederatzi metro koadrokoak dira zeldak; zinez ez dira baldintza duinak».

Hegoaldean, jardunean dauden espetxeak ez dira hain zaharrak, baina antzeko arazoak dituzte. Iruñeko kasua nabarmendu du Andoni Burguetek: «Iruñeko kartzela makroespetxe bat da, baina ez da modu egokian erabiltzen. Hamahiru modulu ditu, baina zabalik dituztenak sei baino ez. Hortaz, preso gehienak pilatuta daude berdin-berdin». Baldintza horietan, eskubide urraketak eta zaurgarritasun egoerak «ugariagoak» direla gaineratu du Salhaketako kideak: «Eta okerrena zera da, horren inguruan ez dagoela barne gogoetarik, ezta esku hartze txikiena ere. Espetxeak berekin dakarren ondorio huts gisa onartzen dira halakoak». Preso bat hiltzen den bakoitzean, espetxeen baldintzak hizketagai bihurtzen dira bi edo hiru egunez, baina hortik aurrera auzia ahaztu egiten dela gaineratu du Burguetek: «Gizarteak berak onartzen du espetxeak berezko dituela heriotza horiek. Tamalez, naturalizatuak ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA