Angela Davis

"Espetxeen aurkako borroka beste gizarte eredu baten aldekoarekin lotu behar da"

Emakumeen eta kartzelaren inguruko jardunaldi batzuetan izan da Angela Davis ekintzailea. Espetxeak "demokrazia liberal burgesaren" tresna direla azaldu du. [Youtube]http://youtu.be/xN6v-xCFJR0[/Youtube]

Ibai Maruri Bilbao.
2016ko otsailaren 6a
07:53
Entzun

Angela Davis ekintzaile estatubatuarrak (Birmingham, Alabama, AEB, 1944) mezu argia zabaldu du: «Espetxeen aurkako borroka beste gizarte eredu baten aldeko borrokarekin lotu behar da; arrazakeriaren aurkako borrokarekin, antikapitalismoarekin eta feminismoarekin». Argi dauka preso politikoen askatasuna eskatzea ez dela nahikoa, ezta konponbidea ere. Estrategia globalagoak behar direla esan du. «Presoen kopurua gutxitzeak ez du ekarriko oso sakon errotuta dauden gizarte arazoak desagertzea». Espetxeen kontrako mugimenduak, «derrigor, begirada askoz zabalagoa» izan behar duela deritzo. Dioenez, preso politikoak ere horren jakitun dira.

Euskal Herrian dabil Davis. Atzo Bilboko Bidebarrieta liburutegian izan zen, GITE Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak antolatutako Kartzela kalera! Emakumea eta kartzela izeneko jardunaldietan. Prison Activist Resource Center erakundearen Aholkularitza Batzordeko kidea da. Gertutik ezagutzen du AEBetan, Herbehereetan eta Kuban espetxeratuta dauden andreen errealitatea. AEBetako Alderdi Komunistako kidea eta filosofia irakaslea da. Beltzen eta andreen eskubide zibilen aldeko borrokan ibili da. Bera ere preso politiko izandakoa da.

Aitortu du kartzelatua izan aurretik preso politikoen askatasunaren alde egin zuela lan, baina bera barrura sartu zuten arte ez zela ohartu preso dauden andreek arreta berezia behar dutela. «Gizonek baino indarkeria eta gehiegikeria larriagoak sufritzen dituzte, erabateko inpunitatez: bortxatu egiten dituzte, sexu erasoak egiten». Estatuak oro har presoen aurka eta, bereziki, emakume presoen kontra darabilen indarkeria salatu du.

Azaldu du espetxeak AEBetan sortu zirela, eta demokrazia liberal-burgesaren asmakuntza direla. «Demokrazian baino ezin dira espetxeak egon, zeren, askatasuna eta eskubideak kenduko badizkizute, aurretik aitortu egin behar baitizkizute». Gizonentzat diseinatu ziren hasieran. «Haiek ziren eskubideak zituzten bakarrak. Andreak ez ziren erabateko herritartzat hartzen. Gainera, uste zen gizonak gizarteratu egin zitezkeela, baina emakumeak, ez. Preso zeuden andreak hain txartzat zituzten, natura kontrakotzat jotzen baitzituzten, eta haiekin ez zegoen zer eginik».

1870eko hamarkadan hasi ziren emakumeen lehen espetxeak eraikitzen. «Preso zuri eta goi mailakoei ama onak izaten irakasten zieten; beltz eta pobreek, ostera, neskame onena zelan izan ikasten zuten. Alegia, sistema kapitalistan, arrazistan eta sexistan sakontzeko balio zuen kartzelak». Bereziki nabarmendu du gizonen eta andreen espetxeak egoteak genero bereizketa indartzen duela. Eta galdetu du banaketa horrek non uzten dituen transexualak. «Espetxeetan indarkeria gogorrena sufritzen dutenak dira. Hil egiten dituzte, erabateko inpunitatez».

AEBetan espetxeen inguruko sektore ekonomiko indartsu bat dagoela azaldu du Davisek. Irabaziak dituela azpimarratu du. Bere sorterrian 2,5 milioi preso daude. Horietatik 200.000 dira emakumeak. «Gutxi direla dirudi, baina, gaur egun, emakume presoak duela 40 urte preso zeuden gizon eta andreak batuta beste dira. Izugarria da zenbat hazi den espetxeratuta dagoen populazioa». Beste zazpi milioi estatubatuar zaintzapean bizi dira; bereziki, beltzak, latinoamerikarrak eta indio amerikarrak dira. Dioenez, presoen kopuruen gorakada oso lotuta dago arrazismoaren hazkundearekin. Mundu osoko presoen %25 estatubatuarrak dira, nahiz eta herrialdeak munduko populazioaren %5 baino ez duen ordezkatzen. «AEBak ez dira mundu librearen liderra. Kartzela nazio bat dira, eta beren eredua zabaltzen ari dira mundu osora».

Gizarte enpatikoa

Haren ustez, espetxeak desagertu egin behar dira, bai, baina ez da nahikoa. «Segurtasuna nahi dugu denok. Baina zer da segurtasuna? Polizia eta kartzelak? Ez. Enplegua da, etxebizitza, osasun eta buru-osasun arreta. Hori guztia bermatuta lortuko dugu segurtasuna». Sinetsita dago gizarte eredua aldatuta desagertuko direla espetxeak. «Indarkeriari ezin diogu zigorrarekin erantzun, indarkeria gehiago sortzeko. Gizarte enpatikoa eta indarkeriarik gabea sortu behar dugu». Eta hor ikusi du mugimendu antikapitalista, antiarrazista eta feministen aurrera begirako erronka.

Gaur Donostian egongo da Davis, Herri, klase eta feminista izaeradun borrokaren ikuspegia egun izeneko ikastaroa eskaintzen. Bihar, Bilboko Guggenheim museoaren areto nagusian, jendaurrean elkarrizketatuko dute. Ondoren, Logroñoko (Espainia) espetxera ere joango da, Arnaldo Otegi bisitatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.