atxiloketak

Espetxeratu egin dituzte Lapurdin atzo atxilotutako lau gazteak

Iazko urria amaieran Segiren kontrako operazioaz geroztik haien bila zebilen Espainiako Polizia. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Ziburun gaur 19:00etan egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du.

2010eko maiatzaren 7a
18:55
Entzun
Olatz Izagirre, Carlos Renedo, Asier Coloma eta Gaizka Likona atxilotu zituen atzo Frantziako Poliziak Lapurdin, eta gaur espetxeratzeko agindua eman du Paueko fiskalak (Frantzia), www.askatu.org webguneak jakinarazi duenez. Espainiako Polizia eta Guardia Zibila lau gazteak atxilotzen saiatu zen iazko urriaren amaieran, Segiren kontrako operazioan -34 gazte atxilotu zituzten-, eta orduz geroztik Lapurdin bizi dira. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur 19:00etan Ziburun egingo den mobilizaziora deitu du.

Laurak Muret Seysses espetxean (Frantzia) sartu dituzte. Heldu den asteartean eginen diete Espainiaratzeko euroaginduaren epaiketa, AAMk jakinarazi duenez.

Izagirre eta Renedo Ziburun atzeman zituzten, Coloma Hendaian, eta Likona, berriz, Kanbon.

AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, operazio hori egin zutenetik Lapurdin bizi ziren lau gazteak, «iheslari politiko gisa». Bizitza erabat normala egiten zutela azpimarratu du AAMk, eta, besteak beste, euren izenean zituzten sakeleko telefonoak, etxeko alokairu kontratuak eta abar. Hori hala zela jakin arren, gazte horiek etakidetzat jo eta zerrenda batean argitaratzea leporatu dio AAMk Espainiako Barne Ministerioari.

«Espainiar errepresiotik ihesi» joan ziren Lapurdira bizitzera laurak, AAMk salatu duenez. Gainera, gogora ekarri du polizia operazio horretan atxiloturiko gazteak «torturatuak eta sexualki jazarriak izan zirela, eta ondoren espetxeratuak eta sakabanatuak».

Hainbat komunikabidek emandako bertsioa salatu du AAMk, kaleratutako oharrean. Izan ere, lau gazteak ETAko kidetzat jo zituzten hainbat tokitan. «Rubalcabaren gerra propagandaren atal berri bat da», salatu dute oharrean, «albistea, modu erabat manipulatuan, lau haizetara zabaldu baitute».

Frantziaren jarrera salatu du, eta «espainiar errepresio estrategiari» men egitea egotzi dio, «ideia politikoen sorgin ehizan bi gazte independentista» atxilotu dituztelako. Haiek orain Espainiaren esku utziko dituztela ohartarazi du, gainera, AAMk. Hala, mobilizatzeko deia egin du, eta gaur, 19:00etan, Ziburun egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.

Josune Arriaga ere atxilotua

Bestalde, Josune Arriaga iheslaria ere atxilotu du Frantziako Poliziak, Irisarrin, eta Espainiaren esku utzi dute. AAMk jakinarazi duenez, 2007ko abenduan atxilotu zuten Arrosan, 80ko hamarkadako auzi batekin lotuta. Arriaga Espainiaratzea erabaki zuten auzitegiek, eta atzo atxilotu zuten, Irisarriko polizia etxera sinatzera joan zenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.