Espetxeratu egin dute Gasteizen emaztea hiltzen saiatzea leporatuta atxilotutako gizona

Epaileak behin-behinean eta bermerik gabe espetxeratu du 84 urteko gizona. Emakundek ohartarazi du adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista «ikusezina» dela.

Atzo izandako eraso matxistaren aurkako elkarretaratzea egin du gaur Gasteizko Udalak. IÑIGO URIZ/ FOKU
Ostiralean izandako eraso matxistaren aurkako elkarretaratzea egin du gaur Gasteizko Udalak. IÑIGO URIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko irailaren 7a
16:16
Entzun

Guardiako epaileak espetxera bidali du atzo Gasteizen emaztea hiltzen saiatzea leporatuta atxilotutako 84 urteko gizona. Behin-behineko espetxealdi komunikatua ezarri dio gizonezkoari, bermerik gabe. Hemendik aurrera, emakumearen aurkako indarkeriaren kontrako Gasteizko epaitegiaren esku geratuko da eraso matxista horren inguruko instrukzioa.

Ostiraleko ordu txikietan gertatu zen eraso matxista, 04:00 aldera, senar-emazteen etxebizitzan, Gasteizko Pilar auzoan. Albiste agentziek zabaldu zutenez, gizonak hiru labana ukaldi eman zizkion emazteari, horietako larriena ezkerreko saihetsean. Ertzaintza iritsi zenean, 76 urteko emakumea oso larri zegoen, eta Txagorritxuko ospitalera eraman zuten. Han daukate oraindik, larri.

Ertzaintzak atxilo eraman zuen gizonezkoa ostiralean, eta kalabozoetan pasatu du gaua. Homizidio saiakera leporatu dio Poliziak, indarkeria matxistarekin lotuta.

Protesta jendetsua

Atzo, Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erasoa salatu zuen, eta herritarrak elkarretaratze batera deitu gaur 11:00etarako, Plaza Berrian. Bada, gaur goizean deialdiarekin bat egin dute udal talde guztietako ordezkariek eta hainbat herritarrak, Gasteiz eraso matxisten aurka lelopean. Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta eta Arabako Batzar Nagusietako ordezkaritza zabal bat ere protestara batu da, bai eta Ertzaintzaren, Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Udaltzaingoaren ordezkariak ere.

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak erabat gaitzetsi du erasoa. Indarkeria matxista «errealitate beldurgarria» dela adierazi du, eta babes osoa eskaini die biktimari eta haren senideei. Halaber, Etxebarriak arbuiatu egin du bortxa matxista ukatu edo ikusezin bilakatu nahi duten alderdi politikoen eta norbanakoen jarrera.

Bestalde, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak ohartarazi du adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista «ikusezina» dela eta «normalizatua» dagoela. Are, bortxa matxista horrek berezko ezaugarri batzuk dituela ere gogoratu du; hala, besteak beste, azpimarratu du andrazko askok autonomia ekonomiko eskasa dutela, senarren baimena behar izan dutela edozein erabaki hartzeko, ingurukoak zaintzeko zama haien esku dagoela, eta anitzek sufrimendua «naturalizatu» egin dutela. «Ezaugarri horiek denek, nolabait, ikusezin egiten dute indarkeria: salatzeko traba bilakatzen dira, eta biktimek indarkeria pairatzen dutela onartzeko oztopo», nabarmendu du.

Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du indarkeria matxistari «erantzun publikoa» ematea, eta gizarteak ozen esatea «aski» dela. Elgarrestak babes osoa agertu dio biktimari, eta erakundeek prebentzioan eta arretan lan egiten jarraituko dutela ziurtatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.