Gizon bat atxilotu zuten larunbatean Sarrigurenen (Nafarroa), 14 urteko neska bat bortxatzea egotzita. Atxilotua espetxeratzeko agindu du gaur Agoizko 2. Auzialdiko Epaitegiak. Behin-behineko eta bermerik gabeko espetxeratzea ezarri dio gizonari, 16 urte baino gutxiagoko pertsona bati sexu eraso bat egiteagatik. Biktimarekiko urruntze agindua ere ezarri dio.
Epaileak azaldu du akusatuak Euskal Herritik «ihes egiteko arriskua» dagoela, atxilotu zutenean maleta bat eskuan zuela ihes egiten ari zelako. Zigorren larritasuna ere kontuan izan du epaileak, delitu horren espetxe zigorra zortzi eta hamabi urte artekoa izaten baita.
Atxilotua neskaren familiaren etxean bizi zen, eta bertan gertatu zen bortxaketa. Autoaren arabera, gizonak bazekien neska adingabea zela, ukituak egin zizkion, eta bortxatu ere egin zuen. Erasoa jasan eta gero, neska bizilagun baten etxera joan zen laguntza eskatzera. Bizilagun horrek gizona etxetik irteten ikusi zuen, maleta eskuan zuela, eta Poliziari deitu zion.
Eguesibarko Udaleko (Nafarroa) Bozeramaileen Batzarrak adierazpen instituzionala egin du gaur bortxaketa arbuiatzeko. Alderdi guztiek haien «gaitzespen osoa» azaldu dute «emakumeen kontrako indarkeriaren forma guztiei»: «Indarkeria matxista eta sexu erasoak desagerrarazteko, segurtasuna hobetzeko eta emakumeen askatasun osoa bermatzeko lan egiteko konpromisoa daukagu».