Abenduaren 24an gizon bat atxilotu zuten Azkoitian, Gipuzkoan, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Andrazkoa oinez zihoan kalean, eta gizonezkoak, albotik bizikletan pasatu, eta lurrera bota zuen emakumea, «sexualki eraso egiteko asmoz», Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Epailearen aurrera eraman zuten atxilotua atzo arratsaldean, eta espetxeratzeko agindu zuen hark, Europa Press agentziak gaur jakinarazi duenez. Atxilotuak 60 urte ditu.
Erasoa gertatu zenean, emakumezkoa oihuka hasi zen, eta inguruan zeuden zenbait pertsona laguntzera joan zitzaizkion. Erasotzailea ihesean joan zen orduan, bizikletan, baina zenbait bizilagunek jarraitu egin zioten beren ibilgailuekin, eta Ertzaintza iritsi zen arte atxiki zuten. Poliziek atxilotuta eraman zuten.