Estanis Etxaburu Etxerat-eko buruak eta Jon Enparantza abokatuak asteartean jakinarazi zuten epaiketara beren borondatez ez zirela joango, beren eskubideak zein presoenak behin eta berriz urratzen direla iritzita. Ondorioz, biak atxilotzeko agindua eman zuen Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, asteazkenean epaiketa hasi eta segituan, eta gaur axilotu dituzte.
11Barri.info webguneak jakinarazi duenez, hiruak laurden gutxi aldean atzeman du Guardia Zibilak Etxaburu, Ondarroan (Bizkaia), bere gurasoen etxean. Informazio horren arabera, hiru guardia zibil joan zaizki bila. Enparantza, berriz, Donostian atxilotu du Espainiako Poliziak. Zuzenean Auzitegi Nazionalera eramango dituztela esan bide diete.
Gainerakoan, auzi berean auzipetatutako Arnaldo Otegi, Itziar Galardi eta Josune Irakulis akusatuen aulkian izan dira asteazkenean, atzo eta gaur. Fiskaltzak Arnaldo Otegiren aurkako zigor eskaera 18 hilabetetan mantendu du, eta Itziar Galardirena, berriz, 15 hilabetetik 18ra igo du. Hasiera batean, Otegiri delitua berriz egitea leporatzen zion Blanca Rodriguez fiskalak, baina astungarri hori kendu egin dio ezker abertzaleko buruzagiari eta Galardiri gehitu dio. 1984tik 2002ra arte preso egon zen "hilketa terrorista" egotzita, eta horregatik ezarri dio orain astungarria berriro ere delitua egin duelakoan. Josune Irakulisentzat absoluzioa eskatu du.
Gaurko saioan, auzipetuentzako azken hitza baliatu du Otegik ezker abertzalearen proposamena “bide politiko eta demokratikoetatik” garatuko dela berresteko. Era berean, komunikabideei hori ezkutatzea leporatu die.
Otegi, Galardi eta Irakulis Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira 2005ean Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoaren aldeko omenaldian parte hartzeagatik "terrorismoa goratzea" egotzita. Estanis Etxaburu eta Jon Enparantza ere arrazoi beragatik auzipetuta daude auzi berean, baina epaiketara ez direla agertuko adierazi zuten. Epaiketaren hirugarren eguna da gaurkoa.
Politika
Estanis Etxaburu eta Jon Enparantza atxilotu dituzte, epaiketara ez azaltzeagatik
Jose Mari Sagardui 'Gatza' presoaren aldeko ekitaldi batean "terrorismoa goratzea" egotzita daude auzipetuta, Arnaldo Otegi, Itziar Galardi eta Josune Irakulisekin batera. Epaiketara ez joatea erabaki zuten eta orain atxilotu egin dituzte. Fiskalak gaur jakinarazi du Otegiren aurkako zigor eskaera 18 hilabetean mantentzen duela eta Galardirena 15 hilabetetik 18ra igor duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu