Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu dute milaka lagunek Durangon (Bizkaia), Espainiak bere konstituzioa ospatu duen egun berean. Nahi dugulako, beharrezkoa dugulako, guk ere bai independentziari leloa hartuta, manifestazioa egin dute, Independentistak sarearen deiari erantzunez. Eta independentistak ez dira aldarrikapen soilean geratu. Eguerdian hausnarketa egiteko denbora ere hartu dute, Europan sezesiorako hainbat prozesu martxan daudela-eta garaia baliatu behar delakoan: «Euskal Herriak prest egon behar du», ohartarazi du Zelai Nikolas legelariak, Eskoziaren independentziarako prozesuari buruz Independentistak sareak kaleratu duen liburuaren aurkezpenean.
Datorren urtean Eskozian independentziari buruzko erreferenduma egingo dutela eta,hango egoeratik ikasi nahi du Independentistak sareak. Horretarako kaleratu du prozesuaren gakoak jasotzen dituen Eskozia. Independentziara bidaia XXI. mendeko Europan liburua. Eskoziako egoera aztertuta, gaur egun independentziarako dauden aukerei buruz aritu ziren atzo Durangoko Azokan egin zuten aurkezpenean Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kidea; Jule Goikoetxea, zeina liburuaren hitzaurrea idatzi duen; Txente Rekondo egileetako bat, eta Zelai Nikolas legelaria. Ondoren egindako mahai inguruan aritu ziren, halaber, Asier Blas eta Iñigo Urrutia irakasleak.
Independentzia «demokratizazio prozesu» gisa ulertzen dute guztiek. Herritarren nahia auziaren erdigunean jartzen duen bide gisa. Hain zuzen, egun, praktikoak dira sezesiorako erabiltzen diren argudio nagusiak, identitateen ingurukoak baino gehiago. «Zergatik dituzte baliabide gehiago nazio batzuek besteek baino?, galdetu du Goikoetxeak. Estaturik gabeko nazioek baliabide politiko eta sozioekonomiko gutxiago dituztela ohartarazi du; nazioek estatua «berdintasunaren» izenean nahi dutela azken garaiotan.
«Eztabaida errealera» jauzi egiteko deia egin du Ariznabarretak. «Ikusi dugu proiektu politikoek utopiatik eztabaida errealera igarotzen direnean handitu egiten dela independentismoa». Eta, independentzia lortuko bada, subjektu berria sortu behar dela dio: «independentziak ezin du izan abertzaleen aldarrikapena soilik; abertzale ez direnek ere defenda dezaten lortu behar dugu, nahiz eta arrazoi ekonomiko, sozial eta demokratikoengatik izan».
Blasek Euskal Herriko egoerara ekarri ditu Eskozian zein gainerako sezesio prozesuetan ikusi dituen gakoak. Subjektuak «existitzen diren erakundeen bitartez»bideratu direla azaldu du. Eskozian bertako instituzio nagusiak eskoziar eremu osoa hartzen duela azaldu du, eta gauzak asko errazten dituela horrek. Euskal Herrian, ordea, lurraldetasun arazoa dago. Eta erabakitzeko subjektu gisa EAE, Hego Euskal Herria zein Euskal Herri osoa hartuta ere, beste arazo bat gaineratzen dela dio: erabakitzeko aukeratzen den subjektua dena delakoa izanda ere, nazioen arazoa dagoela hiru aukeretan, bi nazio sentipen elkarrekin bizi direlako.
Azaldu du nazioarteko zuzenbideak ez dituela independentzia aldarrikapenak debekatzen: «Bortxa erabiltzea da debekatzen duena; bai independentziaren bila ari direnei, bai estatu matrizei». Hortaz, sezesiorako proposamenak herritarren babesa badu gainerakoek aitortu behar dutela dio, demokrazian oinarrituta.
Politikariak, konstituzioaz
Alderdi politikoak ere aritu dira konstituzioari eta erabakimenari buruz. Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak adierazi du Espainiako konstituzioa aldatu behar dela «Euskal Herriaren nazio izaera aitor dadin».
Sortuko Amaia Izko «eremu konstituzionalarekin lotzen gaituzten kateak apurtzearen alde» azaldu da, independentziarako bidea hasteko: «Hori egin behar dugu Euskal Herriaren onarpenaren eta erabakitzeko eskubidearen alde gauden indar guztiok».
Patxi Lopez PSEren idazkari nagusiak esan du sozialistek defendatzen duten konstituzioak «Espainia osatzen duten herrien» nortasuna bermatzen duela. «Itun konstituzionala, azken finean, guztion askatasuna bermatzen duen gunea da».
Unai Ziarreta EAko idazkari nagusiaren hitzetan, Espainiako konstituzioak erabakitzeko eskubidea ukatzen dio Euskal Herriari, eta Espainiako Gobernuak segurtasun indarrak erabiltzen ditu alderdi abertzaleen proiektu politikoaren aurka egiteko.
Gorka Maneiro UPDren legebiltzarkideak konstituzioaren «balioak» aldeztu ditu, eta gaineratu du «inoiz baino indar handiagoa» dutela. Arazoa abertzaletasuna dela uste du.
Estatu izateko bideari begira prestatzen
Independentistak sarearen deiari erantzunez, milaka lagunek aldarrikatu dute independentzia Espainiako Konstituzioaren Egunean. Eskoziako prozesuari buruz liburu bat ere aurkeztu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu