'Gerra zikina'. Euskal Memoria fundazioaren liburua

«Estatu operazio politikoa»

Gertaeren inguruko analisi sakona egin dute Euskal Memoriaren liburuan, elkarrizketetan adituen hitzak bilduta, besteak beste: gerra zikina estrategia «kontrolatua» izan dela diote.

Afolfo Suarez (UCD) eta Felipe Gonzalez (PSOE), Espainiako presidente izanak, frankismo ondorengo urteetan. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Nagusiki estatu operazio bat izan denez, Madrilgo Gobernuan funtsezko aldaketak gertatu diren heinean, aldaketak [gerra zikinean] ere nabarmenak izan dira. Hori gerra zikinaren izaera politikoa eta kontrolatua zela frogatzera dator». Mikel Aramendi kazetariaren hitzak dira, Euskal Memoria fundazioaren liburuko elkarrizketan esanak. Garairik garai, gertaeren analisi sakona egin du fundazioak igandean aurkeztuko duten liburuan; bai gertakariak azaltzeko orduan, bai hainbat adituren hitzen bidez.

Adituen analisi horietan, gaur egun ezagutzen den «gerra zikinaren» hasiera finkatzea izaten da helburuetakoa, nahiz eta, Iñaki Egañak azaldu duen gisan, beti dagoen aurrekari historiko bat. Ikuspuntu ezberdinak egon litezke, nondik begiratzen den.

Ahalegin horretan, Eugenio Etxebeste Antton-ek, esaterako, 1936ra darama begirada, Francoren «kolpe militar faxistara». Diktaduran, erregimenak «gerra aldebakarrekoa» egiten jarraitu zuela dio: «Hala eta guztiz ere, etorri zen erantzuna. (...) [Euskal Herriak] erresistentzia antolatu zuen borroka fronte guztietan». Horren ondoren, 70eko hamarkada hasieran, errepresio-ekintza espiralak «tamaina izugarria» hartu zuela-eta, Espainiako Estatuak ezin izan zuen hura kontrolatu, Etxebesteren hitzetan. Nahiz eta salbuespen egoera etengabeak ezarri. «Orduan erabaki zuten estatu nagusiko instantziek lo zegoen zomorroa esnaraztea, biolentzia irregular neurrigabearen makina piztea; hau da, estatu terrorismoa».

Aramendiren ustez ere, garai hartan kokatu behar da «gerra zikina, gaur egun ezagutzen dugun bezala, hasi zen unea». Horretan, inflexio puntua izan zen, kazetariaren esanetan, Luis Carrero Blanco gobernuburu frankistaren kontrako atentatua. «Arerio jakin batzuk akabatzea» eta «ekintza psikologikoari» ekitea orduan erabaki zutela dio.

Erregimen frankistaren eta haren ondoren etorriko zenaren arteko trantsizio garaia zen. Hurrengo urteetan, pisu berezia izango zuten horretan guztian, modu ezberdinetan izan arren, UCDren eta PSOEren gobernuek. Haiek egon ziren Espainiako presidentetzan: Adolfo Suarez zena, eta Felipe Gonzalez.

Hura baino lehenagokoa da, ordea —1969koa—, urteetan nahiko ezezaguna izan den Udaberri plana, Eduardo Fuentes Gomez de Salazar komandanteak idatzia. Liburuan kontatzen denez, ezkutuko egitura paralelo bat osatu zuten, «euskal arazoaz» arduratuko zena, Alfredo Sanchez Bella ministroaren erabakiz.

Sei urte geroago, 1975ean, Pancorbo plana ere egin zuten: Burgosko herri hartan, Euskal Herriko mugan, etxe bat jarri nahi izan zuten legez kanpo atxilotutakoak galdekatzeko. Planak ez zuen aurrera egin.

UCDren eta PSOEren aldiak

Hala, gainetik, hainbat fase bereizi ditu Aramendik. Gero hartuko zuen formaren aurretik, Carreroren atentatuaren aurreko garaia aipatu du, frankismoari lotuagoa: «Orduan, gerra zikina errepresio sistema orokorra zela esan daiteke». UCDren aldikoa izan zen beste bat, 1974tik —Carreroren heriotza— 1981eko udaberrira artekoa —otsailaren 23ko estatu- kolpe saioaren ondoren—. Aramendiren esanetan, «haren jatorri frankistarekiko zordun zen gerra zikina» izan zen hura. Ondoren legoke PSOEren eta GALen aldia.

Antzeko analisia egin du Iñigo Iruin abokatuak. 1995ean Tolosan emandako hitzaldi batean, zehatz azaldu zituen «estatu-terrorismoaren» aldiak eta erantzukizun mailak —liburuan osorik dago jasoa hitzartzea—. Oro har, bi belaunaldi bereizi zituen. Lehena, frankismoaren azkenetan sortu eta UCDren gobernupean garatu zena. Horren barruan, bi fase: «eskuindar espainiarrek eta militar frankistek bultzatua» (1975-1977); eta mertzenario taldeen antolamendu berria egin ondorengoa (1978-1981). Ezagunak dira garai hartan erabilitako siglak: BVE, AAA, ATE, ANE... «Izen guztiak egitura berberak egindakoak ziren», zioen Iruinek 90eko hamarkada erdialdean.

Eten bat, estrategiaren isla

PSOEren garaikoa da bigarren belaunaldia, «GALen aldia». Hura baino lehen, ordea, jardueren eten bat nabarmendu dute Aramendik eta Iruinek, haien esanetan, gerra zikinaren «izaera kontrolatua» erakusten duena. 1981ean Ignacio Iturbide Piti eta Ladislao Zabala atxilotu zituztenetik —garai hartan Andoain, Hernani eta Astigarraga artean egindako hainbat hilketa egozten zaizkie— GALen sorrera artekoa.

Besteak beste, 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saioari egozten diote biek eten hori. Aramendik honela azaldu du: «Estatuko goi kargudunek gerra zikinaren mekanismoak bigarren planora igaro zitezela erabaki baitzuten, haren protagonistetako batzuk elkarren aurkako barne gerratan sartuta zebiltzalako, besteak beste».

GALen garaia dator ondoren, gerra zikinaren aldirik ezagunena edo gehien ikertu dena. Eta ondoren ere izan dira halako ekintzak, bakanagoak izan arren. Garai horiek guztiak aztertzeko, lau erantzukizun maila aipatzen ditu Iruinek, goitik behera: erabaki politikoen maila, estrategiaren edo ekintzen egitasmoak erabakitzekoa, mertzenarioak hautatu eta kontratatzekoa, eta ekintza armatuak gauzatzekoa.

Etorkizunari begira, Iruinek zioen garrantzitsuena ez zela GALen X-a hori nor zen jakitea, «beherantz ikertzea» baizik; batez ere, estrategiak erabakitzeko maila «garbitu» garbitu behar zela, «era horretan oztopoak jartzeko Euskal Herrian terrorismo beltzik berriz sor ez dadin».

Atzera begiratuta, dena den, agerian geratzen da, aditu horiek aditzera ematen dutenez, edozein muga gaindi ditzakeela estatu arrazoiak. «Erabateko inpunitate garaiak bizi izan ditugu, ezer esan edo aurpegiratzea ezinezkoa zelakoan», dio Francisco Etxeberria auzi medikuak liburuko elkarrizketan. Antzera uste du Miguel Castells abokatuak ere: «Estatuko hainbat botereren laguntzarik ezean, haien artean elkarri lagundu gabe, ezinezkoa zatekeen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.