Urte eta erdi luze da Buenos Airesen bizi dela Asel Luzarraga (Bilbo, 1971). Handik erantzun die BERRIAren galderei, Los buenos no usan paraguas liburua aurkeztu ostean. Santiagon (Txile) egin zuten aurkezpena, asteartean, eta Luzarragak bideo konferentzia bidez parte hartu zuen.
Nolakoa da zure egoera orain Txileko Justiziarekin?
Erruduntzat jo ninduten, zigorra beteta daukat, eta, kanporaketa dekretu baten ondorioz, Txilen sartzea galarazita daukat. Baina Txileko Justiziaren bidea amaituta, nazioartera eraman dugu auzia, eta Ameriketako Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu genuen Txileko Estatuaren aurkako salaketa. Bide luzea da, baina hortik prozesu osoa atzera botatzea lor dezakegulakoan gaude.
Duela hiru urte, 220 eguneko kartzela zigorra jaso zenuen. Nola gogoratzen dituzu egun haiek?
Zorionez, zigor gehiena etxeko atxiloaldian bete nuen, eta, beraz, ez zen hain gogorra izan. Zaila da horrelako bidegabekeria baten aurrean zaudenean, leporatzen dizutena asmakizun hutsa dela jakinda, sentitzen dena hitzetara eramatea. Baina, batez ere, geratu zaidana bizi izan nuen elkartasun oldea da. Ni argi daukat egoera horretara eramateko arrazoia: Txileko Estatuarentzat pertsona deserosoa nintzen. Maputxe herriaren alde idazten nuen blogean, hango errepresioari buruzko informazioa zabaltzen nuen sare sozialetan, eta ideia okerrak neuzkan. Txilek tradizio luzea du atzerriko anarkistak zigortzen eta kanporatzen, XX. mende hasieratik datorren tradizioa. Beraz, ideien kriminalizazioa pairatu duen beste bat baino ez naiz izan.
Zer asmorekin idatzi duzu Los buenos no usan paraguas liburua?
Lehen asmoa elkartasuna adierazi zidaten guztiekin eta antzeko egoerak pairatzen dituztenekin nolabaiteko zorra kitatzea eta haiei guztiei esker ona adieraztea izan da. Jaime Madariaga abokatuak iradoki zidan halako liburu bat idatzi behar nuela, tresna ona izan zitekeela antzeko muntaketak eta bidegabekeriak pairatzen dituztenei laguntzeko. Beraz, errepresioaren aurkako tresna izan dadin ere idatzi dut. Hori oinarri hartuta, nire kasua ez da salbuespena. Estatu guztien politika orokorraren barruan kokatzen dela erakutsi eta estatuaren errepresio mekanismo guztiak biluzten ere saiatu naiz.
Nondik dator izenburua?
Epaiketa hasi zen eguneko pasadizo batetik. Egun oso euritsuan hasi zen. Neska-laguna, beste lagun bat eta hirurok euritakorik gabe abiatu ginen epaitegira. Ondoren, abokatuak iritsi ziren, hirurak ere aterkirik gabe. Azkenik, goiko leiho zabaletik, fiskaltzako taldea ikusi genuen beheko patioan, denak euritakoen pean babestuta. Gurekin zegoen lagunak bota zuen, umorez, «zintzoek ez darabilte aterkirik» delakoa, eta asko gustatu zitzaigun. Oso sinbolikoa da. Guk ez genuen gezurren aterkirik behar.
Aurkezpena Skype bidez egin behar izan zenuen, Txilen sartzeko debekua duzulako. Zer moduz joan zen?
Hunkigarria izan zen. Hango lagunek duten Volnitza etxe anarkistan egin zen, eta lagun artean sentitu nintzen. Quimantu argitaletxekoek ere hitz egin zuten, eta liburuari eta orduko gertakariei lotutako hainbat dimentsio jorratu genituen. Esan didatenez, joan zen jendea oso gustura geratu zen. Hitz batean, ederra. Madariagaren esanetan, epaiketa galdu arren, liburua Txilen aurkeztea garaipena izan da guretzat.
Noiz etorriko zara Euskal Herrira liburua aurkeztera?
Euskal Herrira abendu-urtarril aldera noa. Hor Hagin argitaletxe antiautoritarioaren eskuetan dago liburua. Asmoa udazken honetarako argitaratzea da; beraz, Euskal Herrian emango dudan hilabete hori baliatuko dugu aurkezpen bat edo beste egiteko.
Zertan da maputxeen egoera?
Azken urteotan errepresioak gora baino ez du egin. Gainera, gertaera bortitz susmagarri batzuk gertatu dira. Estatuak bide bakarra ulertzen du maputxeentzat eta herritar guztientzat: estatuan eta kapitalismoan kexurik gabe txertatzea. Maputxeek, 500 urte baino gehiago eusten eman ondoren, ez dute burua orain makurtuko.
Euskal Herrian elkartasun keinu ugari jaso zenituen bere garaian. Keinu horiek maputxeen alde jarraitzeko eskatuko al zenuke?
Zalantza barik. Herrien arteko elkartasunik gabe mundu honek ez dauka zentzurik. Herriaren kontzeptuak zapalduak batzeko baino ez dauka zentzurik.Gogoan izan behar dugu maputxeen zapaltzaileen artean euskal kolonizatzaileak ere ez direla gutxi izan, kontinente osoan bezala. Beraz, ia akabatu ditugun herri horiekiko guztiekiko zorra daukagu.
Argentinatik nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera?
Zail, mundu osoan bezala. Politikoki eta ekonomikoki labirinto edo amarru globalizatu berean harrapatuta gaude. Ez du ematen zabalduta dauden ereduak, balizko independentzia bati begira, haietatik aldentzen direnik. Jende askok independentziarako bide bakarra ulertzen du, inguruan porrot egin duten ereduen kopia: euskal estatua eta euskal kapitalismoa. Mugimendu itxaropentsu batzuk egon arren, ez dut uste gauzek onerako aldaketa handirik izango dutenik.
Asel Luzarraga. Idazlea
«Estatuaren errepresio mekanismoak biluzten saiatu naiz liburu berrian»
Txilen 2010ean jasan zuena kontatzeko ez ezik, «errepresioaren aurkako» tresna gisa erabili nahi du liburua. Gaztelaniaz idatzi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu