Memoriaren, justiziaren eta duintasunaren aldeko aldarri ozen batek hartu du gaur Gasteizko Europa jauregiko areto nagusia. Lehen lerroan, 1976ko martxoaren 3ko biktimak, haien senideak eta azken bost hamarkadetan biktimen elkartearekin elkarlanean aritu diren lagunak. Aretoa jendez lepo. Oholtza gainean ikur bat: memoria eta borroka irudikatzeko ukabil beltza.
Ekitaldia mugarria izan da Martxoaren 3ko Biktimen Elkartearentzat: 1999an sortu zenetik antolatutako lehen ekitaldi instituzionala izan da, eta 50. urteurreneko egitaraua antolatzeko Gasteizko Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker egin ahal izan da. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, «zor historiko bati erantzuteko» urratsa izan da.
1976ko gertakarien aurretik gertatutakoak gogoratuz ekin diote ekitaldiari, eta bideo batek testuinguruan jarri ditu garai hartako langileen mobilizazioak. Irudiek eta testigantzek duela mendi erdiko tentsioa ekarri dute gogora: beharginen batzarrak, greba orokorra, kaleetako mobilizazioak, Poliziaren errepresioa...
Nazioarteko elkartasuna ere izan da oholtzan. Tony Doherty Derryko Igande Odoltsuan britainiarrek hildako hamalau irlandarretako baten semeak hitz hunkigarriak esan ditu. Derryko familien maitasuna eta elkartasuna helarazi die bertaratutakoei, eta bereziki gogoratu ditu Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Peredaren senideak, baita Vicente Anton eta Juan Gabriel Rodrigoren familiak ere: «50 urtez baino gehiagoz egon dira egiaren zain».

Dohertyk azaldu du Derryko familiek urte luzez aurre egin behar izan ziotela estatuaren gezurrezko kontakizunari, harik eta 1990eko hamarkadan belaunaldi berriak altxatu ziren arte egia eta justizia exijitzeko eta «nahikoa» zela esateko. 2010ean egia aitortu eta barkamena eskatu zieten arren, justizia falta dutela ohartarazi du. Zigorgabetasunaren harresiak salatu ditu, eta hala ere «burua tente» dutela azpimarratu. Hala, amore ez emateko deia egin die Martxoaren 3ko familiei: «Egia nagusituko da».
Memoria, herriaren kronika
Hitzak, irudiak, isilune hunkigarriak, txaloak eta musika izan dira ekitaldian. Izareren poesia akustikoak eta Campanades a mort piezak dolua eta samina ekarri dituzte aretora; greba orokorrari eta asanbladari buruzko bideoek, berriz, sarraskiaren aurreko eta ondorengo egunen samina gogorarazi dute.
Biktimen eta haien sendien omenez mintzatu dira Nerea Martinez Aranburuzabala eta Leire Manzanos, Martxoak 3 elkarteko kideak. «Inoiz hil ezin izan zenuten langileen alabak gara. Hil zenituzten langileen alabak ere bagara», adierazi dute, hildakoen izenak banan-banan esanez. «50 urte igaro dira, baina ez dute lortu haien izenak historiatik ezabatzea. Zauria zabalik dago, baina duintasuna osorik».
M3moria, herriaren indarra leloa aukeratu dute 50. urteurrenerako. Izan ere, elkarteko kideek azaldu dutenez, errepresioz itzali nahi izan zituzten ametsak gaur egungo borroketan bizirik daude: elkartasuna, antifaxismoa, justizia soziala, feminismoa eta langileen eskubideen aldeko aldarria. «Martxoaren 3ko memoria gure herriaren kronika bat da», nabarmendu dute.
«50 urte igaro dira, baina ez dute lortu haien izenak historiatik ezabatzea. Zauria zabalik dago, baina duintasuna osorik»
NEREA MARTINEZMartxoak 3 elkartea
Salaketarako tartea ere izan da omenaldian. Espainiako «inpunitate» eredua gaitzetsi dute, eta estatuari eskatu erantzukizunak bere gain hartzeko. «Bertsio ofiziala munstro erraldoi bat da», ohartarazi dute, eta, Argentinako kereilaren bidea gogorarazita, «justizia bila ozeanoa» zeharkatu behar izan dutela nabarmendu. «Badakigu hiltzaileak nortzuk diren».
Oroimenaren bidean jasandako errepresioa ere gogora ekarri dute: hainbat urtemuga ekitalditan Poliziak egindako oldarraldiak—2006an Ertzaintza manifestarien aurka oldartu zenekoa bereziki—, eta elkarteko zenbait kideren aurka zabaldu izan dituzten auzibideak gaitzetsi dituzte. «Batzuentzat orbainak dira, baina beste batzuentzat zauri irekiak dira oraindik».

Instituzioen hamarkadetako abandonua arbuiatu dute, baina, hala ere, itxaropenari eta konpromisoari lotuta itxi dute ekitaldia. Azpimarratu dutenez, sarraskia izan zen elizan memoria gune bat sortzeko aukera baliatuko dute beren historia kontatzeko. «Gure memoria oraina da». Izan ere, mende erdiko duintasun ibilbideak erakutsi du oroimena ez dela atzera begiratzeko ariketa hutsa, ezpada etorkizuna eraikitzeko tresna. Ekitaldiaren amaieran publikoak bat egin zuen txalo artean oihu batekin: «Memoria da herriaren indarra. Gora Martxoaren 3a!».