"Ez ETAk, ez Batasunak, ez ezker abertzaleak, ez dute oztoporik jarri nahi", adierazi du Joseba Permach Batasuneko mahaikideak. Hain justu, Permach eta Joseba Alvarez izan dira ETAren azken agiriari buruzko Batasunaren gogoetaren berri eman dutenak.
Batasunak argi du nor ari diren konponbide prozesua oztopatzen: Frantziako eta Espainiako gobernuak eta PSOE. Izan ere, bi gobernuek, baina bereziki Espainiakoak, ezker abertzalearen aurkako "estrategia errepresiboa" jarri dutela abian uste du, eta PSOEk dinamika hori laguntzen duela. "Obstrukzionismoa" egotzi diete Alvarezek eta Permachek sozialistei. Nolanahi ere, gizartea horretaz guztiaz jabetzen dela ohartarazi die.
"Jarrera obstrukzionista horiek, prozesua dagoen lekura eraman duten baldintza horiek, lehenbailehen desagertu behar dute, horrela jarraituz gero argi dago gauzek okerrera egin dezaketela-eta", ohartaraiz du Permachek.
Batasunaren iduriko PSOE "alderdi interesak tarteko" ari da alderdien mahaiaren eraketa atzeratzen. Jokabide bera leporatu dio EAJrr, eta, gainera, ezker abertzalearen aurkako errepresioaren aurrean "epel" jokatzea.
Mahaikideek azpimarratu dute, atzo alderdi gehienek egin zuten irakurketaz bestera, ETAk azken agirian ez diola bakeari "prezio politikorik" ezartzen, baizik eta errepresioa bertan behera uzteko eta konponbidea bultzatzeko soilik eskatzen duela.
Politika