Eusko Legebiltzarra. Politika orokorrari buruzko eztabaida

Estatus politiko berria alderdiekin hitzartu nahi du lehendakariak

Autogobernuaren «eguneratzea» legealdi honetan eztabaidatzea eta «adostasunaren» bidetik hitzartzea proposatu du UrkullukBakegintzan «lau aldeko akordioa» behar dela eta foroa Bake lantaldea dela esan du

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Argibide gutxi eman ditu Iñigo Urkullu lehendakariak hurrengo hilabeteetan garatuko dituen neurri politiko, sozial eta ekonomikoen inguruan. Eusko Legebiltzarreko politika orokorrari buruzko eztabaidan apenas iragarri duen aurrera begirako neurririk eta ekinbiderik. Ez, behintzat, autogobernua berritzeko asmoetan. Azalean geratu da, proposamen zehatzik eta xehetasun nahikorik eman gabe, eta horixe bera leporatu diote oposizioko taldeek gero: estatus politiko berria zer den eta nola gauzatu nahi duen behar bezala ez azaltzea egotzi diote EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPDk.

Lehendakariaren hitzaldia ohi baino laburragoa izan da: ordubete eta erdi aritu da hizketan. Akordioa hitza errepikatu du gehienlehendakariak bere hitzaldian. Alor guztietan akordioa lortzeko deia egin die taldeei. Esan du, gobernua gutxiengoan egonda, elkarrizketa irekia sustatzea duela xede nagusia. Eta akordioa lortzeko foroa Legebiltzarra dela nabarmendu du. Hor adostu beharko da, haren ustez, estatus politiko berria, eta hor eztabaidatu beharko dute legebiltzar taldeek baketzeari buruz. Legebiltzarra da, haren esanetan, «ideia guztiak» defendatzeko tokia, eta hor eztabaidatu eta hitzartu beharko dute legebiltzar taldeek egungo esparru politiko juridikoa berritzeko eta beste estatus politiko bat lortzeko bidea.

Estatus politikoaren inguruan aritu denean, argi utzi du EAJko kide gisa erabakitzeko eskubidearen alde dagoela, eskubide hori «modu adostuan» gauzatzea defendatzen duela eta bere helburua «Euskadi nazio gisa» aitortua izatea dela. Ordea, lehendakaria den heinean, «aniztasunean oinarritutako akordioa» bultzatzea baino ez dagokiola azpimarratu du.

Hala, estatus berriari buruzko eztabaidari heltzeko, hiru printzipio proposatu ditu Urkulluk: «Aniztasuna», «zorroztasun juridikoa», eta «aukera legezko eta zilegizkoen garapenaren printzipioa». Aniztasuna, legebiltzar talde guztien parte hartzearekin bermatzen duela dio lehendakariak, eta zorroztasun juridikoarekin akordioa erraztuko dela. Aukera legezko eta zilegizkoei dagokienez, berriz, lehendakariak uste du egun gizarteak autogobernuarekin duen «atsekabearen» jatorrian ez dagoela Gernikako Estatutuaren edukia bera, itun horren garapenik eza baizik. 1979ko estatutuari esker EAEk «ibilbide luzea» egin duela azaldu du, baina aitortu du Espainiako estatuan autonomiatan egituratzeko «denentzako kafea» delakoaren politika amaitu dela. Eta, «etorkizunerako harreman eredu berria» beharrezkotzat jo du, kontzeptu berri bat erabiliz: «euskal moldaketa». Lehendakariak «Euskadirako estatus politiko berria» legebiltzarrean eta legealdi honetan adostu nahi du, alderdi guztien parte hartzearekin.

Alderdien akordioa bilatuko du, halaber, bakegintza alorrean. «Bakea eta bizikidetzarena aurrean dugun aukera historikoa da, ezin dugu huts egin». ETAren jardun armatuaren amaierak «garai berri bat» zabaldu duela eta bakea eta bizikidetza lortzea «guztien» erantzukizuna dela uste du, «ez bakarrik Jaurlaritzarena».Lehendakariak argi du alor horretan «lau aldeko akordioa» nahi duela, eta gutxieneko «oinarri etiko eta demokratikoak» alderdiek esku hartuta eraiki behar direla. Haren ustetan, hori lortzeko tresna Bake eta Bizikidetza Plana da, eta eztabaidatzeko foroa, Bake lantaldea.

Planak «lau tradizio politiko handien» arteko akordioa bilatzen duela adierazi du, hiru ardatzen gainean: batetik, memorian, egian eta justizian aurrera egiteagiza eskubideen urraketak parekatu eta baztertu gabe; bestetik, ETAren behin-betiko amaiera lortzea; eta azkenik, aniztasuna bermatzea eta proiektu politiko guztien gauzatzea ahalbidetzea. Alderdien ekarpenei irekita dago plana eta horiek txertatzen ahaleginduko da gobernua, lehendakariak azpimarratu duenez.

«Garai berriaz» mintzatu da lehendakaria EAJren eta PSEren arteko hitzarmena ahotan izan duenean. Itun horrekin «herrialdeen interesa lehenetsi» dutela nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkio PSEri. Akordio hori diputazioetara eta udaletara zabaltzeko ahalegina egingo duela agindu du, halaber.

Espainiarekiko harremanak ere hizpide izan ditu lehendakariak goizeko hitzaldian. Espainiako Gobernuarekin akordio «bilateralak» adostea beharrezkotzat jo du Urkulluk, «errespetu instituzionala berreskuratzeko». Harreman horiek, egun, «makal» daudela eta horiek berreskuratzeko lan asko dagoela egiteko aitortu du lehendakariak. Baina, haren hitzetatik ondorioztatu denez, Eusko Jaurlaritzak ez du konfrontaziorik izan nahi Rajoyren Gobernuarekin. Defizita malgutzearen inguruan Espainiarekin adostutako akordioa eredugarritzat jo du, esaterako: «Defizita arintzeko lortutako akordioak bidea erakusten du».

Elkarbizitzan ere, «konplizitate handiagoak» bilatzearen aldekoa da Urkullu. Haren ustez, ulergaitza dira Espainiako Gobernuak espetxe politikan erakusten duen «inmobilismoa» eta legez kanporatzeekin duen jarerra. Egoera hori bideratzeko foroa Segurtasun Batzordea dela argi utzi du lehendakariak. Hala, harremanak onera ekartzeko ez du bestelako ekinbiderik iragarri, elkarrizketa eta negoziaziotik harago.

Zerga Ituna eta Euskal Bidea

Arratsaldeko saioan, bi gaik bereganatu dute bereziki taldeen arreta: EAJk eta PSEk joan den astelehenean sinatutako zerga akordioak eta estatus politiko berriak. Horietxek ahotan izan ditu EH Bilduko eledun Laura Mintegik akordioaz mintzatu denean. «Euskal bidean» aurrera egiteko akordioak aldarrikatu ditu, «izan ideologiagatik edo izan interesengandik». Erabakiak Euskal Herrian bertan hartzea dela bidea uste du, eta Jaurlaritzari eskatu dio Madrilen politikak salatzen dituztenekin batera jotzeko, Madrilen politikei «eusteko pareta» izan beharrean. Bake Lantaldean lanean jarraitzearen alde egin du, halaber, eta bakearen bila esertzeko baldintza bakar bat dagoela gogoratu die lantaldean egoteari uko egin dioten PSE, PP eta UPDri: borondatea edukitzea.

PSEri, bestalde, ez zaio gustatu Urkulluk argibiderik ez ematea proposatzen duen autogobernu ereduari buruz, eta proposamen bat egin dio EAJri: «adiskidetzearen eta batasunaren» aldeko itun berri bat egitea, eta behin betiko baztertzea abertzaleen artekoa. Argi du Patxi Lopez idazkari nagusiak Espainia ez dela «Euskadiren arerioa», eta abertzaleak ez direla haren «aurkariak». Bake bidean ere beste eskari bat egin dio lehendakariari: «Irmotasun demokratikoari» eusteko.

Hala ere, EAJren eta PSEren arteko itunaren defentsa eta aldarrikapena izan da Lopezen mezu nagusia, lehendakariak berak gaiari eskainitako tartea baino dezente nabarmenago. Akordio hori «mugarria» izan da, haren esanetan, eta erakusten du politikak balio duela gizartearen zerbitzura jartzen denean. Harro agertu da Lopez akordioarekin, horri esker PSE «ezinbesteko alderdia» dela erakusten duelako eta «euskal politikaren erdigunean» jartzea lortu duelako.

UPDrentzat, ostera, «gauzak dauden bezala» uzten ditu EAJ-PSE itunak. Halaber, Gorka Maneirok berretsi du ez duela bake lantaldean parte hartuko, ETA garaitzeko ez duelako balio.

PPrentzat, berriz, zerga erreformarako ituna «oker» bat da, «egoerak eskatzen duenaren kontrakoa» delako. Hori beharrean, Arantza Quiroga legebiltzarkideak egonkortasun ekonomiko eta politikoa bermatuko duen akordioa eskaini die EAJri eta PSEri. Itun horrek bi alderdiek hitzartutakoa «hobetuko» lukeela uste du PPkoak. Bestalde, Espainiaren barruan jarraitzea defendatu du: «Nora goaz euskal herritarrak Espainiak ematen digun dimentsiorik eta eraginikgabe?».

Galdera horri erantzun dio, ostean, Joseba Egibar jeltzaleak: «Espainia marka zama dela diote enpresaburuek». EH Bilduri, berriz, adierazi dio EAJk «35 urte daramatzala» euskal bidearen alde, baina «beti bide politiko eta demokratikoak erabiliz, eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.