EH Baik 2026rako bide orria zehaztu du: estatus politiko berria eta hauteskundeak

Batera-ren gisako plataforma berri bat bultzatu nahi dute, instituzio bilakaera bultzatzeko. Herriko bozetan zerrenda zabalak babestuko dituzte, ahalik eta auzapez eta hautetsi gehienak lortzeko.

(ID_13396578) (Guillaume Fauveau) EH Bairen Biltzar Nagusia, Hazparne, 2023ko abenduaren 2an
EH Bairen biltzar nagusia, Hazparnen, larunbatean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Hazparne
2023ko abenduaren 4a
09:00
Entzun

EH Baiko ehun bat kide biltzar nagusian bildu ziren joan den larunbatean Hazparnen (Lapurdi), 2026ra bitarteko bide orria marrazteko helburuarekin. Ipar Euskal Herriaren instituzio bilakaera bultzatzea jarri zuten lehentasun gisa, eta ondoko urteetan izanen diren hauteskundeetarako irizpideak ere finkatu zituzten. «Eztabaida aberatsak izan dira, eta gai guziak gehiengo zabal batekin bozkatuak izan dira», adierazi zuen Mathilde Hary bozeramaileak biltzarraren bukaeran.

Biltzarrean batu ziren gehienak ados zeuden Ipar Euskal Herriak instituzio berri bat behar duela, eta hori izanen da ezkerreko abertzaleek ondoko urteetan izanen dituzten lan ardatz nagusietako bat. «Oraindik ez dugu erabaki nolako instituzioa izan behar duen. Barne gogoeta bat abiatu genuen udako eskoletan, eta hautetsien eta militanteen artean osatutako lantaldeekin segitzen du», zehaztu du Haryk. Heldu den urte hasierarako finkatu nahiko lukete proposamena. 

Izan ere, EH Bairen helburua da Ipar Euskal Herriko eremu politiko, sozial, sindikal eta kulturaleko eragile zerrenda zabal batekin adostasun batera iristea, eta Batera izan zenaren gisako plataforma bat sortzea, instituzioaren aldarria elkarrekin egiteko. «Hori litzateke proiektua; oraingoz ez da ezer finkorik, baina militanteak horren alde agertu dira», Haryren hitzetan.

Orain arteko hauteskundeetan bezala, ez dituzte EH Bairen etiketa izanen duten zerrendak osatuko, ezkerreko abertzaleek babestuko dituzten «zerrenda zabalak» baizik.

Estatus politiko berriak hartuko duen forma ere zehaztu beharko dute EH Baiko kideek. Bere garaian, Batera plataformaren barnean estatus bereziko lurralde kolektibitate baten alde egin zuten. Hary: «Hori da gaur egun ditugun pistetako bat, baina badira bestelako estatus politiko posible batzuk ere, hala nola departamendua. Aztertzen ari gara». 

2026ko bozetan, Ipar Euskal Herriaren instituzio bilakaeraren alde diren ahalik eta hautetsi eta auzapez gehien lortu nahi dute. Horrez gain, «sakoneko» lana abiatua dute EH Bairen programa politikoa idazteko. «Lantaldeetan banatu gara, Ipar Euskal Herri osoan, herritarren beharrei hobekien erantzunen dien programa definitzeko». Hortik zehaztuko dituzte herri bakoitzerako «berezitasunak». Orain arteko hauteskundeetan bezala, ez dituzte EH Bairen etiketa izanen duten zerrendak osatuko, ezkerreko abertzaleek babestuko dituzten «zerrenda zabalak» baizik. 

Hautu abertzalearen sendotasuna erakusten duten zantzuak ikusi dira urteotan. 2020ko ekainaren amaieran, adibidez, herriko bozetan; bigarren itzuliak ezkertiar eta abertzaleek bultzatutako zerrenden aitzinatze bat erakutsi zuen Lapurdi hegoaldean, eta herriko etxe ugaritan agintea lortu zuten. Hain justu ere, garaile izan ziren, besteak beste, Ziburun, Urruñan, Itsasun eta Uztaritzen. «Urtez urte, abertzaleen emaitzak etengabe indartuz doaz, lehen mailako indar politiko gisa kokatuz eta proiektua indartuz», nabarmendu zuten orduan EH Baiko eledunek. 

2021eko ekainaren amaieran izan zen departamendu eta eskualde bozen bigarren itzulia; hor ere argi ikusi zen abertzaleen indarra. EH Baik lehen aldiz Hendaiako kantonamendua irabazi zuen, eta lortu zuen bi kontseilari bidaltzea Paueko erakundera. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak berak «historikotzat» jo zuen EH Bairen emaitza, eta Europako joerekin lotu zuen: «Historiaren haizea alde daukagu, arrazoi sakon eta sinple batengatik: jendarteak komunitate sentimenduak ditu, eta komunitatean babesa jaso behar du. Jendeak gertutasunetik egiten die aurre arazoei».

Europako hauteskundeak

Heldu den urtean iragatekoak diren Europako hauteskundeak ere izan dituzte hizpide EH Bairen biltzar nagusian. Eskualde eta Herri Solidarioak (RPS) federazioan parte hartzen dute ezkerreko abertzaleek, eta hura osatzen dutenekin ari dira elkarrizketan, hauteskundeetako parte hartzea erabakitzeko. «Argi dagoena da babestuko dugun zerrenda estaturik gabeko nazioaren aitortzaren aldekoa izanen dela», azpimarratu du Haryk. Ondoko hilabeteetan zehaztuko dute EH Bairen parte hartzeak zer forma izanen duen. EH Bildurekin ere «proposamen komun bat» landuko dutela erran du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.