Sortuk belaunaldi errelebo bat irudikatu zuen joan den asteburuan, eta koordinatzaile nagusiaren karguan izandako aldaketa da horren lekuko. Xabi Iraolak (Donostia, 1993) bete du Arkaitz Rodriguezek utzitako lekua, eta jada martxan da, kongresu prozesutik ateratako gogoetak praktikan jartzeko asmoz. Alderdiak erronka berriak ezarri dizkio bere buruari, eta iragarri dute barrura begira ere aldaketak izango direla horiei heltzeko.
Behin kongresu prozesua igarota, zer analisi egiten duzu hartaz?
Egia esan, pozik gaude zer eman duen ikusita. Askotan, kongresuak oso formalak eta arautuak izaten dira, eta iruditzen zaigu haratago joan garela. Gogoeta prozesu metakor bat izan da: zuzendaritzak oinarrizko gogoeta bat egin, eta 2.000 kide baino gehiagoren parte hartzearekin osatuz joan da, 150 batzarretik gora eginda.
Nazio idazkaritzan aldaketak eginda, estrategia aldaketaren eta gatazka armatuaren osteko belaunaldi batek hartu du lekukoa. Horrek errealitateari erreparatzeko beste modu bat dakar?
Nabarmendu nahi nuke ezker abertzaleak, batetik, gaitasun handia erakutsi duela belaunaldi berriak askapen mugimendura erakartzeko eta, bestetik, modua egin duela belaunaldi horri konfiantza emateko ere. Horrez gain, iruditzen zaigu estrategia aldaketatik fase berri batera ekarri dugula askapen mugimendua, eta, beraz, gogoeta egin behar dugula fase politiko berri horrek belaunaldi gisa ekartzen dizkigun erronken inguruan ere.
Zein dira erronka horiek?
Belaunaldiari lotutako hiru erronka nagusi planteatu nituen. Lehenengoa: euskal proiektu nazionala eraberritzeko ardura daukagula. Mundua eta Euskal Herria astintzen dituzten belaunaldi erronka horiei —klima larrialdia, ezberdintasun sozial eta ekonomikoak, digitalizazioa, migrazioa, euskalduntzea— Euskal Herritik erantzun bat ematea. Bigarrena: sumatzen dugu klase politikoaren eta herritarren arteko deskonexio handia dagoela, eta politika, tresna eraldatzaile gisa, prestigioa galtzen ari dela. Horri aurre egiteko, politikaren benetako zentzu eraldatzailearekin konektatzeko beharra daukagu. Eta hirugarrenik: uste dugu fase politiko honetan euskal estatuaren oinarriak eraikitzen hasi behar dugula. Eremuz eremu, estatu gisa pentsatzen eta jarduten hasi behar dugu.
«Eskala handiko eraldaketa prozesuek nahi eta nahi ez uztartu behar dituzte herritarren bultzada eta egun indarrean diren instituzioak»
Bigarren puntuari lotuta, Sorturen alderdi-mugimendu izaera nabarmendu duzue, eta antolaketan aldaketa batzuk izango direla iragarri: herrietako talde egiturak utzi, eta militanteei eskatu diezue Sorturen egituratik kanpo ere militatzeko. Zergatik?
Planteatu dugun hori ez da berria ezker abertzalean. Herrigintzari emandako mugimendu bat izan gara, eta apustua da hori are gehiago indartzea. Gure herriaren taupada askatzailea eta eraikuntza prozesua Sortutik haratago doaz, eta iruditzen zaigu Sortuk egin dezakeen ekarpena dela bere onena, bere lan militantea, herriaren mesedetan jartzea.
Akaso, sumatu duzue instituzioen aldeko apustuaren eraginez ezker abertzaleak pisua galdu duela herri mugimendu horietan?
Aipatu izan dugu nazio bulkada berri bat behar duela gure herriak, eta eskala handiko bulkada horrek erdigunean herri nahia behar du nahitaez. Sorturen egiteko nagusia horixe da: herri gogo hori aktibatzea. Edozein kasutan, eskala handiko eraldaketa prozesuek nahi eta nahi ez uztartu behar dituzte herritarren bultzada komunitario eraldatzailea eta egun indarrean diren instituzioak, horiek herri eraikuntza prozesuaren mesedetan jarrita.
Instituzioen inguruko adarrari helduta, berretsi duzue ezker independentismoaren «bitarteko behinenak» EH Bildu eta EH Bai direla. Lehentasuna da horiek indartzen segitzea?
Uste dugu herri honen eraikuntzak gehiengo sozial eta politikoen artikulazioak behar dituela. Hori esparru politikora eramanda, egun EH Bildu eta EH Bai dira artikulazio horretarako tresna nagusiak. Asko hitz egiten da ezkerraren batasunaz, fronte zabalez, eta EH Bildu eta EH Bai badira familia abertzale ezberdinak batzen dituzten tresnak. Kapaz dira herritarren gehiengoarekin konektatzeko.

Esan duzuenez, gobernuetara iristear ikusten duzue ezker independentista. Hurrengo hauteskunde zikloan jauzi hori egiteko moduan ikusten duzue zeuen burua?
Aurreko hauteskunde zikloan ezker independentismoa izan zen goranzko joera izan zuen mugimendu politiko nagusia, eta iruditzen zaigu hurrengo zikloari begira joera hori berretsi edo indartu daitekeela. Ez daukagu gobernu jakin batzuetara iristeko obsesiorik, baina uste dugu gure eskaintza politikoa dela herritarren gehiengoarentzako onena. Lehenik, bizi baldintzak duintzeko mesedegarri izango litzatekeelako. Bigarrenik, iruditzen zaigu mesede egin ahal diola herri eraikuntzari, herri honek behar dituen politikak eginda. Eta hirugarrenik, uste dugu estatugintza prozesuari begira ere mesede egin dezakeela. Gu independentistak gara, euskal errepublika dugu helburu, eta uste dugu bide hori modu gradualean egin behar dela. Bide horretan, ezker independentismoak, fase batean behintzat, herri honetan indarrean diren instituzioak gobernatu behar ditu.
Kezka azaldu duzue testuinguru horretan ezker independentismoaren kontrako ofentsiba areagotuko ote den. Horri lotuta, iraganaren gainean egiten diren interpretazioek pisu handia dute oraindik ere?
Uste dut badagoela nahi bat ezker independentismoa hainbat gairekin etengabe lotzeko. Kontakizun bat egiten da hura posizio marjinaletan kokatzeko, eta ekintza biolentoekin lotzeko nahia ere badago. Baina gure aurkari politikoek posizio jakin batzuetan nahi bagaituzte, horrek esan nahi du egiten ari garen horrek egiten diela benetan min. Ezker independentismoak badauka egungo errealitateari eta etorkizunari erantzuteko proiektu bat.
Nazio auziari dagokionez, agendan leku nabarmena dute EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk beste estatus politiko bati bide emateko hasitako negoziazioak. Nola ikusten duzue hiruren arteko akordioa?
Euskal errepublika dugu helburu, eta bihar han egoteko bidea gaur eta hemen hasi behar dugu. Badakigu erdibideko agertokiak beharko direla, eta hurrengo urratsa da Euskal Herria nazio bat dela aitortzea eta Espainiako Estatuarekiko harreman ereduan aldaketa handi bat izatea. Ezker independentismoa bere esku dagoen guztia egiten ari da hori hala izan dadin. Betiere, kontuan hartuta hori urrats bat dela bidean.
«Euskal Herritik Euskal Herrira egin beharreko prozesu sozial horiek indartzea da eskuin muturrari aurre egiteko modurik eraginkorrena»
PSE-EEkoek berretsi dute betoa jarriko diotela erabakitzeko eskubideari. Onartu daiteke akordiorik hori gabe?
Iruditzen zait PSEk berak azaldu beharko duela ea bere burua demokratikotzat daukan alderdi batek zergatik ez dion erabakitzeko eskubidea onartzen nazio bati.
Akordioa egotekotan ere, Espainiako Gorteen onespena beharko luke. Aukera leiho batez mintzatu izan zarete, baina, gehiengoak lortzeko ezintasunak ikusita, leihoa ixten ari da?
Akordio bat egongo balitz, gure anbizioa da hura gauzatzeko bide hori guztia egitea. Bistakoa da agertokia ez dela erraza. Aukera leiho gisa identifikatu dugun horren egoera prekarioa da, eta jakina da denborak ere estuak izango direla. Baina, hemen hiru tradizio nagusien arteko akordioa lortuko balitz, hura balioetsiko nuke, ibilbidea bat edo beste izanda ere beste agertoki batean kokatuko gintuzkeelako. Adostasun horrek erakutsiko luke herri honen borondatearen parte bat zein den, eta oinarri bat izango genuke hurrengo urteei begira Espainiako Estatuarekin egin beharreko eztabaidetan.
Baliteke Espainian eta Frantzian eskuin muturrak modua izatea gobernura iristeko, eta Euskal Herrian ere nabari dira haren eraginak.
Egoeraz eta testuinguru globalaz kontziente izan behar dugu. Espainiako eta Frantziako estatuetan baditu bere sukurtsalak, baina internazional faxista berri baten aurrean gaude. Ez dira epelkeriatan aritzeko garaiak, eta erreakzio horri eremu guztietan buru egin behar zaio. Lehen urratsa da olatu faxista horri harresi bat jartzea, baina haratago ere jo behar da, Euskal Herriak bai baitauka horretarako potentziala. Eta modurik eraginkorrena da Euskal Herritik Euskal Herrira egin beharreko prozesu sozial horiek indartzea: mugimendu feminista, euskaltzalea, klima aldaketaren aurka neurri eraginkorrak hartzearen aldekoa, erabakitzeko eskubidearen aldekoa, ezkerreko politikena. Dauden indar bizi horiek artikulatzea eta jendarte eredu sozialista bat jartzea horren aurrean.