EBBko buruaren haserrea eragin dute Jaime Ignacio del Burgoren azken adierazpenek. Alderdi Poplarak estatutu berriaz eztabaidatzeko lantalderako aukeratutako adituak esan du ETAren ekintzez "baliatu" dela EAJ. Del Burgok Nafarroako egunkari bati emandako elkarrizketan egin ditu adierazpenok.
Ortuzarrek antzeko tonua erabili du hari erantzuteko, eta leporatu dio estatutu berria idazteko gai ez izatea. "Onartezina da Jaime Ignacio del Burgo bezalako ibilbide integrista eta sektarioa duen pertsona batek ETArekin nahastea EAJ".
Twitterreko bere kontuaren bidez zabaldutako mezuetan ohartarazi du Del Burgo ez dela baliagarri Parlamentuko erakundeetan aritzeko, eta adierazi du hark esandakoek argi uzten dutela zer asmo dituen PPk estatuturako: "Autonomiaren aurreko garaietara itzuli nahi dute, han Del Burgo eta haren lagunak nahierara ibili ahal izateko".
PPko EAErako idazkari nagusiak erantzun dio Ortuzarri. Amaya Fernandezek galdetu dio EH bilduk ba ote duen jeltzaleen onespenik lantaldean aritzeko. PPren "egonkortasunaren" eta haren eta gaur egun "kide" dituenen "muturreko jarreren artean" aukeratzeko eskatu dio Fernandezek buruzagi jeltzaleari, Kataluniako subiranistei eta EH BIilduri erreferentzia eginez.
Dena den, ez da lehen aldia Del Burgok antzeko adierazpenak egiten dituena. Irailaren hasieran esan zuen EH Bilduk eta EAJk estatutu berrirako adostutako oinarriak "ETAren eraberritze ideologikoa" zirela.