EAJk 131 urte beteko ditu ostiralean, eta urteurren hori Sabino Arana alderdiaren fundatzailearen estatuaren aurrean ospatu dute jeltzaleek. Eginiko ibilbideari erreparatzeko baliatu du ekitaldia Aitor Esteban EBBko presidenteak, baina baita aktualitateko zenbait auziri heltzeko ere. Besteak beste, hizpide izan du PSE-EEk «lehentasun nazionala» aplikatzea egotzi izana EAJri. «EAJn ez dugu inoiz lehentasunez hitz egin, eraikuntza nazionalaz eta sozialaz baizik. Bata eta bestea».
Estebanek adierazi du jeltzaleak «Euskadi adreiluz adreilu, hitzarmenez hitzarmen eta erakundez erakunde» eraikiz joan direla, eta «harro» daudela egindako bideaz. Izan ere, haren hitzetan, EAJ buru dela egin dira autogobernuan egindako aurrerapenak.
Horiek hala, adierazi du jeltzaleek badutela zer ospatu, eta ez soilik alderdiak 131 urte bete dituela. EBBko buruak nabarmendu du Gernikako Estatutuak «bizirik» dirauela, «eusten eta hazten». Eta ontzat jo ditu EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidurarako adostutako akordioaren emaitzak ere. Haren hitzetan, itun haren hiru laurden bete dira.
Halere, nabarmenak dira hura osatzeko korapilo nagusiari lotutako desadostasunak; hau da, Gernikako Estatutuan jasotako eskumenei dagozkienak. Horren inguruan, Estebanek adierazi du badutela «exijente» izateko arrazoirik, eta ez dutela etsiko estatutua osorik bete arte: «Ez gabiltza mesede eske. Eskatzen dugu, gobernatzen duenak gobernatzen duela ere, itundutakoa, dagokiguna bete dadila. Ez betetzea onartezina da». Izan ere, ez du uste eskumenen auzian arazoa «zailtasun teknikoak» direnik. Horren ordez, zenbait auzi negoziatzeko «borondate politiko falta» leporatu dio Moncloari.
Hura, baina, ez da jeltzaleek Alderdi Sozialistarekin duten desadostasun bakarra. PPk eta Voxek Espainiako zenbait erkidegotan egindako itunak gogora ekarrita, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak «lehentasun nazionala» aplikatzea egotzi die EAJri eta EH Bilduri. Bada, Estebanek jarrera hori kritikatu dio bazkideari, eta nabarmendu du «eraikuntza nazionala» zuzenean lotuta dagoela «ongizatearen eraikuntzarekin». Eta gehitu du autogobernua dela horretarako tresna: «Autogobernurik gabe ez dago ez Osakidetzarik, ez politika industrialik, ez azpiegiturarik. Hemen, ez daude bi lehentasun, bakarra dago: Euskadi eraikitzea bere jende guztiarekin».
Anduezak, zehazki, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen kontura jo zuen EAJren kontra. EAJren EBBko buruak adierazi du bere alderdiak ez duela euskara «apaingarri folklorikotzat» hartzen, eta «konplexurik gabe» defendatuko dutela euskara administrazio publikoan erabiltzeko eskubidea. «Herri batek bere hizkuntza galduz gero, bere burua ulertzeko eta munduari begiratzeko bere era berezia galtzen ditu», esan du.
Era berean, euskal selekzioaren ofizialtasuna ere defendatu du. Estebanek azaldu du Espainiako selekzioa babesten dutenak errespetatzen dituela, baina «Euskadi nazio bat» den heinean selekzio propio bat izateko eskubidea duela: «Ez dugu pribilegiorik eskatzen, normaltasuna baizik. Bere burua aitortzen duen herri batean normala den hori eskatzen dugu».
Agirre eta Lauaxeta
Agerraldian, baina, EH Bildurekin izandako ika-mika bati ere erreparatu dio. EH Bilduko zenbait ordezkari politikok Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakaria goraipatu dute azken asteetan, eta Loiuko aireportuari (Bizkaia) haren izena jartzeko aukera ere plazaratu dute. Horren aurrean, «kontuak kitatu» nahi izan ditu Estebanek.
Hura kritiko azaldu zen bilkideen jarrerarekin. Haren hitzetan, oraintsu arte jeltzaleen ibilbidea «iraintzen eta mespretxatzen» zutenak baitira Agirre edota Lauaxeta aipatzen dituztenak. Eta hala gehitu du: «Azkenean, Ajuriagerra eta Xabier Arzallus ere aipatuko dituzte». Baina, Estebanen hitzetan, horiek «EAJren ondarearen» parte dira, eta ez «beste inorena».