Estefana Irastorza, sortzez Iribarren, Molinaon sortu zen —Donostia; garai hartan Altza zen—, 1925ean, eta Hendaian bizi izan zen Xabola etxean. 1914ko gerran izan zen haren aita (Ganix Iribarren), eta desertore gisa nola epaitu zuten kontatu zion BERRIAri 2014ko azaroaren 30ean erantzun galderetan: “Gaiztagin handi bat bezala tratatu zuten, bi eskuak lotuak, bi soldadu armatu aldamenean. Interprete bat zuen, aitak ez zekielako frantsesez. Umiliazio handia izan zen. Gerran bezainbat sufritu zuen epaiketan. Berehala harrapatuz gero, heriotza zigorra ezarriko zioten”.
Irastorzak olerkiak idatzi zituen, eta Senpereko Hatsaren Poesia egunetan aurkeztu zituen horietarik batzuk. Bestalde, Hendaiako historiaren lekukotasunak eman zituen, izan eskolan euskaldun izateagatik bizi izan zuen bazterketa kontatuz edo Hitler eta Franco elkartu zireneko anekdotak aipatuz.