PRESOEN ESKUBIDEAK

Estrasburgok arrazoia eman dio jaioterritik urrundu zutelako helegitea aurkeztu zuen Ukrainako preso bati

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi du presoa jaioterritik 1.000 kilometro ingurura zegoen espetxe batera eramanda Giza Eskubideen Itunaren 8. artikulua urratu zuela Ukrainako Estatuak.

jon olano
2016ko urtarrilaren 15a
00:05
Entzun

Oleg Leonidovitx Rodzevillo presoari arrazoia eman dio auzitegiak. Ladizhinska espetxean dago preso, Vinnitsiako eskualdean, bere sorterritik —Simferopoldik (Krimea)— mila kilometro ingurura. Hark hainbat aldiz eskatu dio Ukrainako Gobernuari senideekiko gertuago dagoen kartzela batera lekualda dezatela, gurasoen eta semearen bisitak errazteko. Presoak argudiatu zuen gurasoak adinekoak zirela eta ezin zutela hain bidaia luzerik egin, ez osasun aldetik ezta ekonomikoki ere. Haren aitaordea 2014ko apirilean hil zen.

Ukrainak ez zituen eskari horiek aintzat hartu, eta Estrasburgoraino jo zuen Rodzevillok. Kexatu zen eskaerei uko eginda Ukrainak bidegabeki jokatu zuela eta ez zuela aintzat hartu bere egoera pertsonala; horrela, Giza Eskubideen Hitzarmeneko zortzigarren artikulua urratu zuela.

Artikulu horren arabera, pertsona orok du eskubidea bizitza pribatua errespetatua izateko, eta agintaritza publikoak ezin du esku hartu "segurtasun nazional edo publikoagatik beharrezkoa ez bada". Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gogorarazi du hitzarmenak ez diela presoei eskubidea ematen beren espetxea aukeratzeko eta "nolabaiteko" urruntzea "saihestezina" dela, baina erantsi du Ukrainak, bisitak "zaildu" edo "ezinezko" eginda, presoaren familia bizitzan "esku hartze neurrigabea" izan duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.