Estrasburgora eraman dute Beatriz Etxebarriaren tortura salaketa

Auzitegi Nazionaleko epaile batek boto partikularra eman zuen tortura ez ikertzegatik haren aurkako epaian

Erredakzioa
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
TAT Torturaren Aurkako Taldeak eta Giza Eskubideen Behatokiak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira eraman dute Beatriz Etxebarriaren tortura salaketa. 2011ko martxoan atxilotu zuen Guardia Zibilak, Bilbon, Iñigo Zapirain, Daniel Pastor eta Lorena Lopezekin. Laurek salatu zuten torturatu egin zituztela. Etxebarriak adierazi zuen inkomunikazio aldian mehatxatu, jo eta bortxatu egin zutela. «Salaketak argiak eta errepikatuak izan arren, Espainiako Estatuaren organo judizialek uko egin diote inolako ikerketarik egiteari, Auzitegi Konstituzionalaren onespenarekin», argudiatu duteTATek eta Behatokiak.

Goizaldeko lauretan atxilotu zuten Etxebarria. Azaldu zuenez, indarrez sartu ziren etxean. Madrilera bidean buruan poltsa jarri ziotela kontatu zuen, eta ia ito egin zutela; bidaian jo egin zutela, hilko zutela esan ziotela. Espainiako hiriburuan, erabat biluztu eta aulki batera igoarazi, eta makila batekin bortxatu zutela. Ama ere atxilotu eta bortxatuko zutela esan zioten. Inkomunikatuta eduki zuten bost egunetan, halaber, arropa indarrez behin eta berriz kendu ziotela kontatu zuen. Luzaro izan zutela biluzik, eta begiak estalita, eta biluzik zeukatela ur hotza bota ziotela. Elektrodoen soinua entzun zuela. Tortura horien berri eman zion auzi medikuari, baina salatu zuen hark jaramonik ez ziola egin.

Aurten epaitu dituzte Etxebarria, Zapirain eta Pastor. Bosna urteko espetxe zigorra ezarri die epaimahaiak, ETAko kide izatea egotzita. Ramon Saez Valcarcel epaileak, baina, boto partikularra eman zuen, tortura salaketak ez zirela ikertu argudiatuta eta gogora ekarriz inkomunikazio aldiko aitorpenek ez dutela balio konstituzionalik.

Urriaren 16an, Estrasburgoko Auzitegiak Martxelo Otamendiren kasuan Espainia zigortu zuen, haren tortura salaketa ikertzeko behar ziren baliabide guztiak ez jartzeagatik. Aurretik, Aritz Beristainen eta Mikel San Argimiroren tortura salaketen kasuetan ebazpen bera eman du Estrasburgoko Auzitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.