Estrasburgori muzin egin, eta Del Rio ez askatzearen alde dago Fiskaltza

Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia «adierazpenezkoa» dela nabarmendu du, eta irmoa izan arte estatuena dela erabakiaDel Rio aske uzteko eskumena duen bakarra Konstituzionala dela dio Fiskaltzak

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Eskubideak urratzen jarraitzeko eskatu du Espainiako Fiskaltzak. Ines del Rioren giza eskubideak urratzen ari da Espainia, harenak ez ezik, baita Parot doktrina izenez ezagutzen den 197/2006 doktrina aplikatuta espetxean dauzkan preso guztienak ere. Hala ohartarazi dio Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak, eta bide hori amaitzeko eskatu dio, Del Rio libre uztea galdeginda. Halakorik ez dela egin behar argudiatu du,ordea, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburu Javier Zaragozak.

Estrasburgoko Auzitegiak Parot doktrinaren kontrako ebazpena jakinarazi zuen egun berean —joan zen asteartean— eskatu zuen Amaia Izko abokatuak Del Rio aske uzteko. Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu zuen eskaera idatzia, hura izan zelako Del Riori eta gainerako presoei doktrina aplikatu zien auzitegia.

Fiskaltzak atzo aurkeztu zuen idatzian dioenez, ordea, ez dagokio Auzitegi Nazionalari Del Rioren zigorra atzera botatzea. Ez dago presoa aske uztearen alde, baina egitekotan ere, hori Espainiako Auzitegi Konstituzionalak egin beharko lukeela dio, hark bakarrik duelako zigorrak kentzea «agintzeko ahalmena».

Baina, nolanahi ere, Zaragozak argi dauka Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena ez dela bete behar. «Adierazpenezkoa» izateaz gain, ez dela irmoa ekarri du gogora, eta ez dela izango, harik eta Estrasburgoko Auzitegian helegiteen bidea agortu arte. Hiru hilabeteko epea dute aldeek helegitea jartzeko —Espainiako Gobernuak jarriko duela iragarri zuen—, eta gero, helegite hori onartu edo ez erabakiko dute Estrasburgoko Auzitegiko bost epailek. Onartuz gero, Areto Handiak landuko luke gaia. Hori guztia gertatzerako urteak pasa daitezke. Parot doktrina aplikatu gabe 2008tik egon behar luke libre Del Riok, eta aplikatuta, 2017ra luzatu diote zigorra.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak nabarmendu du, Estrasburgoko Areto Handiak Parot doktrinaren kontra egingo balu, orduan ere, Espainiakok ez duela zertan Del Rio aske utzi, hura preso edukita bere oinarrizko eskubideak urratzen ari dela jakin arren. Azpimarratu du, Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentziaren arabera, «eragiten dion estatuak» Ministroak kontseiluaren baimenarekin erabakitzen duela zein neurri hartu, betiere ebazpenaren norabidean joanda.

Gainera, Fiskaltzaren arabera,Estrasburgoko Auzitegiak «salbuespen gisa» agin dezake zein neurri jakin hartu behar duen Estatuak, eta batzuetan agindu hori «aukerarik uzten ez duen neurrikoa» izan daitekeela dio. Giza Eskubideen Auzitegiak Del Rio «ahalik eta azkarren» libre uzteko eskatu eta hari 30.000 euroko kalte-ordaina emateko agindu dio Espainiari. Libre uzteko ez zuela agindu, baizik eta eskatu egin zuela nabarmendu du Zaragozak, eta, beraz, espetxean edukitzearen alde agertu da.

«Atzerako eragina»

Estrasburgoko Auzitegiak ebazpenean dio «1973ko Zigor Kodearen arabera zigortutako presoen espetxe onurei balioa kendu» diela Espainiak aplikatzen duen doktrinak. 1973ko Zigor Kodearekin zigortu zuten Del Rio, baina 1995eko kodearen ondorengo «bira jurisdikzionala» —2006tik aurrera aplikatu zutena—ezarri ziotela, eta hori ez dagoela egiterik. Aurrerago, honako hau dio: «Tribunalak azpimarratzen du, auzitegi nazionalek ezin dituztela delitua egin osteko lege aldaketak aplikatu, atzerako eraginez eta pertsonen kalterako direnean». Onerako direnean bakarrik aplika daitezke. Hori bakarrik ez, honako hau era badio: «7. artikuluak debekatu egiten du zigor legeen interpretazio zabala egitea, auzipetuaren kalterako baldin bada. Gorenaren interpretazio berriak atzerako eraginez luzatu du zigorra, lana egiteagatik emandako espetxe onura kendu egin ziotelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.