Estrategia bat sortu dute diskurtso arrazisten kontra

Hainbat udal, erakunde eta gizarte eragilek bat egin dute Zurrumurruen Aurkako Sarearekin. Hedabide eta kazetarien arduran jarri dute arreta

ZAS izenpetu duten eragileak Donostian bildu ziren atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Zurrumurruen Aurkako Sarea (ZAS) sortu dute, «arrazismoaren eta xenofobiaren prebentziorako». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio publikoek eta gizarte eragileek egin dute bat ZASen, batekoek zein bestekoek egindako lanak bateratzearen «garrantziaz» jabetuta. Babes zabala jaso du, eta aurrerantzean eragile eta erakunde gehiagorena jasotzeko asmoa dute: 30 eragileren atxikimenduarekin abiatu dute ZAS, «gizartearen sentsibilizazioa lantzeko» baliatu nahi duten estrategia.

Donostiako udaletxean aurkeztu zuten sarea atzo. Han bildu ziren horrekin bat egin duten erakunde guztietako ordezkariak; besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkatea, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea, Imanol Landa Getxoko alkate eta Eudeleko presidentea, Maria Urbieta Bizkaiko Caritaseko ordezkaria, Silvana Luciani Gipuzkoako SOS Arrazakeria taldekoa eta Rosabel Argote CEAR Euskadiko kidea.

Immigranteen inguruko aurreiritzi eta zurrumurruak gezurtatzea du helburu ZASek: «Zoritxarrez, egia izan ez arren, pertsona immigranteen aurkako aurreiritzi eta zurrumurruak errotuta daude gure gizartean. Gainera, ziurgabetasun eta austeritate garai hauek erregaia dira kanpotik etorritako pertsonen gaineko falazietarako. Hala, txarto bideraturiko frustrazio askoren pagaburu bihurtzen dira».

Aurreiritzi eta zurrumurru horiek elkarbizitza «nahastu» eta «oztopatu» egiten dutela dioZASek, eta «diskriminazioa» sortzen dutela. Horri aurre egiteko beharretik sortu dute sarea, beraz. ZASen bidez, «sinergiak» sortu nahi dituzte, lankidetza gune hori finkatuz eta sendotuz: «Ezinbestekoa dela uste dugu, arlo hori lantegi eta kezkategi baitugu: xenofobiari eta arrazismoari aurrea hartzea, alegia».

Zurrumurruei aurre egiteko estrategiak egon badaude lehenagotik: ZASen bidez, «izendatzaile den identitate komun bat» eman nahi diete. «Beharrezkoa da parte hartzaile bakoitzaren autonomia, lan metodologien garapena eta lurralde bakoitzean aproposenak diren tresnak errespetatuta egitea». Hala, Espainiako eta nazioarteko antzeko proiektuekin «loturak eta lan gune antolatu eta sortzaileak» eratu nahi dituzte.

Hedabideen ardura hizpide

«Ezaguera eta praktika onak aztertzeko gunea» izatea nahi dute ZAS, «diskriminazioaren eta xenofobiaren aurka borrokatu eta prebentzioa» egiteko. Gainera, «lan esperientzia bateratu eta koordinatuak» sortu nahi dituzte: «arreta berezia» jarrita dokumentuak eta ezagutza materialak lantzeari. Horrekin batera, zurrumurruen aurkako ekintzen katalogo bat ere sortuko dute, gero sarearen bidez banatzeko. Alor horretan egiten direnen «inpaktu soziala hedatu eta biderkatzeko» kanal bat bideratu nahi dute.

Aurkezpenaz gain, solasaldia egin zuten CEAR Euskadiko Rosabel Argotek, Euskal Kazetarien Elkarteko Alex Silvak eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriako Anaitze Agirrek, Xabier Aierdi soziologoak gidatuta. Kazetari eta hedabideek eremu horretan duten ardura azpimarratu zuten guztiek. Gizartearen «kohesioa» landu behar dutela aipatu zuenSilvak: «Ardura handiko lana daukagu: ezin dugu errealitatea moldatu edo beste era batera kontatu». Egiazkotasunarekin duten konpromisoaren harira, sen onez jarduteko beharra nabarmendu zuen, «batik bat, diskriminatuak izan daitezkeen sektoreen informazioa lantzean».

2000. urtean hasi zuen bidea SOS Arrazakeriaren Komunikabideetan Aniztasunaren Behatokiak, Agirrek azaldu zuenez. Horrela konturatu ziren hedabideek «berebiziko garrantzia» dutela aniztasunari eta immigrazioari aurpegia jartzeko orduan. Agirreren esanetan, «gatazka eta kriminalizazioaren irudia» transmititzeko joera dute hedabideek, eta horren arriskuaz ohartarazi du: «Diskurtsoak jarrera bilaka daitezke, eta, azken finean, elkarbizitza erraztu edo oztopa dezakete».

Zenbait iritzi korronteren edo ordezkari politikoren bozgorailu gisa izan daitezke komunikabideak, Argoteren esanetan. Haren ustez, bi aukera dituzte hedabideek: mezu horiek ez argitaratu—«eta, beraz, zurrumurrurik ez sortu»—, edo argitaratu —zurrumurru horiek sortzearen «konplize bihurtuz»—. CEAReko kideen ustez, ezin zaizkio mugak jarri adierazpen askatasunari: «dilema» horren aurrean, informazioa tratatzeko bestelako moduak baliatu beharko lituzkete. Gainera, beharrezkoa litzateke eragile sozialen eta hedabideen arteko komunikazioa indartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.