Erakunde armatuaren hitzetan ez dagoela ekarpen berririk eta Gernikako adierazpena «eskasa» dela adierazi du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Lopez Txinako ekialdean dago bidaia ofizialean, eta handik egin ditu adierazpenak.
Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, ETAk «baldintzak jartzen jarraitzen du» su-eten iraunkor eta egiaztagarri bat emateko eta armak behin betiko uzteko. Hori «onartezina» dela dio, eta ETAk egin behar duen aldebakarreko urratsa behin betikoa desagertzea dela adierazi du. «Horretarako, ez dago demokratek bete behar dugun baldintzarik, eurena da erantzukizuna», esan du Lopezek.
Ezker abertzaleak, Aralarrek, eta beste hainbat eragilek Gernikan sinatutako adierazpenari dagokionez, hura ere «eskasa» dela adierazi du. «Ez dut ulertzen nola eragile horiek ez dioten eskatzen ETAri behin betiko desagertzeko».
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eleduna ere mintzatu da Gernikako adierazpenaren eta ETAren hitzen inguruan. Mendiak uste du adierazpenaren sinatzaileentzat ere ez direla nahikoak izan ETAren hitzak. «Haientzat oinarrizkoa dena eta erakunde terroristak ulertzen ez duena esan behar izan dute [adierazpenaren sinatzaileek]».
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak, berriz, ez du gaiaren inguruko adierazpenik egin nahi izan. Bai, ordea, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko eledunak. «Indarkeria amaitu arte ez dugu biderik irekiko», adierazi du. Leire Pajin PSOEko antolakuntza idazkariarentzat ere «ez dago ezer berririk» Gernikako adierazpenean eta ETAren hitzetan.
Gernikako adierazpenaren sinatzaileek su-eten iraunkor eta egiaztagarria eskatu diote erakunde armatuari, «armak behin betiko uzteko borondatearen erakusle» gisa. Adierazpenaren sinatzaileen arabera, bake biderako oinarriak finkatzen ditu agiriak, eta ETAri ez ezik Espainiako Gobernuari ere galdegin diote, beteak beste, alderdien legea bertan behera uzteko, amnistiaren bidean urratsak egiteko eta jazarpena eteteko.
Garak plazaratutako elkarrizketan, berriz, su-eten «iraunkor eta egiaztagarri» bat emateko prest agertu da erakunde armatua, eta baita «urrunago» joateko ere.
Urkullu, «bitartekari»
Buruzagi sozialistek egindako adierazpenen haritik jo du Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak ere. Erakunde armatuaren baliagarri den adierazpen bakarra armak behin betiko uztea dela aldarrikatu zuen herenegun Forondako zelaietan (Araba) eginiko Alderdi Egunean, eta, atzo, Onda Vasca irratiari emandako elkarrizketa batean eutsi egin zion iritzi horri. Urkulluren arabera, «antzezpenak» dira asteburuko gertakari politikoak. Hala, ezker abertzaleari zein ETAri eskatu die «antzerkia utzi, eta egiazko urratsei heltzeko». Urkulluk salatu du Gernikako adierazpenaren sinatzaileek ez dutela ETAren amaiera exijitu. Era berean, adierazi du EAJri ez diotela testu horretara atxikitzeko aukerarik eskaini. Azaldu duenez, horren harira izan diren elkarrizketetan bere alderdiak «aterki lanik» behar ote zen galdetu zuen; horren beharrik ez zutela erantzun zuten, Urkulluk esandakoaren arabera.
Gernikako adierazpenaren inguruan, buruzagi jeltzaleak esan du bakegintza eta normalizazio politikoan aurrera egiteko EAJk bide orri «propioa» duela: Ados proposamena, alegia. 2013ra arte alderdi horren bide orri politiko, ekonomiko eta soziala izan nahi duen agiria otsailean aurkeztu zuen alderdi jeltzaleak. Alderdi Egunaren karietara, proposamenaren horren gako politikoak azaldu zituen Urkulluk.
Buruzagi jeltzalearen irudiko, bake eta normalizazio prozesu bat abiatzeko lehen urratsa izan behar du ETAk behin betiko indarkeria uztea. Hori eginda, sektore politiko guztien arteko elkarrizketa eta negoziazioa prozesu baten alde azaldu da Urkullu. Horretarako, EAJk «mundu abertzalean zein ez-abertzalean duen hitz egiteko gaitasuna» erabiliko lukeela nabarmendu du.
Aukera hori ireki bitartean, EAJk egungo autogobernuan sakontzen jarraitu duela adierazi du Urkulluk. Buruzagi jeltzaleak nabarmendu du transferitu gabe dauden eskumenetan badaude la «Euskadiri ahalmenak emateko hainbat tresna»; Urkulluk adierazi duenez, Espainiako Gobernuaren 2011ko aurrekontuen negoziazioetan jorratuko dituzte gai horiek.
ETAri erantzun dio Aralarrek
Aralarrek uste du ETAk ez dituela aintzat hartu Gernikako adierazpenaren edukiak. «Eduki guztiak dira aintzat hartu beharrekoak bere osotasunean». Hala ere, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak nabarmendu du akordioak «blindatu» egiten dituela sinatzaileen artean sor daitezkeen kontraesanak, eta bakerako bidean «urrats sendoa» dela adierazi du.
Lokarrik ere txalotu du Gernikako adierazpena. Komunikabideei igorritako ohar batean dio «urratsa historikoa» izan dela eta ezker abertzaleak bide baketsu eta demokratikoen alde eginiko apustua argitzen duela. Hala, ezker abertzalea legeztatzeko eskatu du, legez kanpo izateko «aitzakiarik» ez dagoela nabarmenduz.
Eskaera bera egin dio Espainiako Gobernuari Mikel Arana Ezker Batuaren koordinatzaileak. Hala ere, ETAren jarrera kritikatu du, behin betiko amaiera iragarri ez duelako.
Hori bera kritikatu du Hamaikabatek ere. Gernikako adierazpena, berriz, txalotu egin du, baina harekin bat egingo ez duela nabarmendu du. «Guk ez dugu ezker abertzalearen eraberritze prozesu horretan -polo subiranistan- parte hartuko».
Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak, berriz, ETA eta ezker abertzalearen artean tirabirak daudela adierazi du. EAJren proposamenari dagokionez, adierazi du «ETAren ondorengo egoera batez» ari dela, eta hori ez dela iritsi gogorarazi du. «ETA desagertzean, aukera asko sortuko dira, baina horren aurretik ez».
Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak, berriz, esan du ez duela «mahai, negoziazio, bitartekari edo momentuko ergelik» onartuko eta, besteak beste,Arnaldo Otegi ezker abertzaleko eleduna espetxean jarraitzekoeskatu du.
EAJren 'Ados' proposamena
Otsailean aurkeztu zuen proposamena EAJk. Normalizazio politikorako lau puntu hauek zehaztu behar direla azaldu zuen herenegun Urkulluk:Bide politiko eta demokratikoak soilik. «Indarkeria behin betiko utzi behar du ETAk. Ez du balio indarkeriaren erabateko etena ekartzen ez duen su-etenik».
Aniztasuna. «Indar politiko guztiek parte hartu behar dute, bazterketarik gabe. Gizarte honek identitate anitz dituela eta agertoki demokratiko batean elkarrekin bizi daitezkeela partekatu behar dugu. Aniztasun hori politikoki ordezkatua egotea ere bada aniztasuna».
Akordioa. «Indar politiko guztien arteko elkarrizketa eta negoziazioa. Elkarrizketa, hitzarmen berri baterako, kontzertazio sisteman oinarritua, Euskal Herriaren eskubide historikoetan oinarrituta.
Errespetua. «Euskal gizarteak onartutako estatus politikoa errespetatu eta martxan jarri. Gure etorkizuna erabakitzeko gaitasuna eta eskubidea dugulako, euskal herriak agertutakoborondate demokratikoa errespetatu behar da».