Koldo Amezketa

Eta batzuk Francori bibaka oraindik

2025eko azaroaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Ez da aise ahaztekoa Franco hil zela jakinarazi ziguten eguna. Irunen egiten nuen lan garai hartan. Iruñeko lagun bat eta haren familia Hendaian bizi ziren, errefuxiatuak baitziren, eta, askotan bisitan joaten nintzaienez, harremana neukan beste herrialdeetako zenbait errefuxiaturekin. Oso ezaguna zitzaidan giro hura. Francoren hilberria zabaldu zen egunean, lagun hark deitu zidan, Hendaiatik, eta esan joateko etxean antolatzen ari ziren afari batera, ezagutzen nituen errefuxiatu gehiago bilduko zirela bertara.

Arratsaldean autoan abiatu, eta, esku hutsik ez joategatik, cava erosi nuen Irunen, bi kaxa. Guardia zibilek geldiarazi egin ninduten mugan. Kaxak zer ziren galdetu, eta esan nien afaria neukala, eta lagunek cava eramateko eskatu zidatela, xanpaina garestia zelako. Batere arazorik gabe pasatu nintzen. Hendaia erdialdean aparkatu nahian nenbilela, azken berria ospatzen hasitako gazte batzuk autoaren aurrean jarri zitzaizkidan; Nafarroako matrikula neukan, eta, beste batzuekin nahastuta, txakurra eta halakoak deitzen hasi zitzaizkidan. Bestelako bortizkeriarik ez zen izan, hitzak besterik ez, baina ez zen tarte goxoa izan. Ni autotik ateratzen hasi, eta, atzean justu, beste auto bat zegoen, nireak bidea trabatzen ziola, eta haren gidaria ere atera egin zen. Kasualitatez, ezagunak nituen, eta haiek ere afarira zihoazen, arrazoi berberagatik. Txillardegi zen beste autoaren gidaria. Jonerekin eta bion haurrekin zihoan. Lagundu egin zidan. Gazteekin hitz egin eta gaizki-ulertua argitu zien, eta aparkatzeko leku bila segitu genuen.

Afalondorako, ospakizun festatxo bat antolatu zuten hondartza aldeko taberna batean, eta, orduko irrati-gramola baten musikaz, ospatzen segitu genuen, jende mordoxka bilduta.

Jendeak hauxe zuen buruan: traba bat gutxiago. Tiranoa hila zen, eta beste zerbait sortuko zen aurrerantzean. Hasieran, hausturara jotzea izan zen asmoa, baina Alderdi Sozialistak erreformara jo zuen luze gabe, nahiz eta hasieran hausturaren alde egon zen. Nik halaxe ikusten dut kontua. Izan ere, 1974-1976ko Alderdi Sozialistak argi eta garbi hitz egiten zuen autodeterminazio eskubideaz, arazorik ez zuen euskal komunitatea bazela onartzeko eta, jakina, Nafarroa haren parte zela kontsideratzeko, baina hori guztia aldatuz joan zen, poliki-poliki. Eta aldaketa haietako bat zera izan zen, erreformarako bidea zabaltzea, hausturaren ordez. Beste kontu bat da haustura posible ote zen orduan, eta pentsatzen dut hori neurtuko zutela haiek.

Euskal Herrian, Xibertako solasaldiak izan ziren momenturik zailena. Orduan gertatutako guztia idatzita dago.

Gaurko egunetik ikusita, gobernura iritsi diren alderdi guztiek milaka trikimailu aurkitu dituzte hitzartutakoa ez betetzeko. Esaterako, Gernikako Estatutua, nire ustez, garrantzizkoa izan zen bere garaian. Abiapuntu bat izan zen, eta halakotzat hartu zuten batzuek eta besteek. Baina kontua da 46 urte igaro direla eta haren atal mamitsu batzuk bete gabe daudela oraindik, eta beste parte batzuk, berriz, murriztuta eta mugatuta aplikatu dituzte.

Onartu beharra dago gaurko egoera bestelakoa dela guztiz, baina gauza batzuetan atzera egin dugu, nire ustez. Gaur egun, eta Euskal Herriari dagokionez, mugimendu independentistak ez du zerikusi handirik ordukoarekin. Atzerakada handia izan da, nire iritziz, eta indar politiko nagusiek izan dute horren erantzukizuna. Baina garaira egokitu beharra nagusitu da, gauzen zentzu praktiko eta errealista, eta horrek guztiak ordezkatu egin ditu bihotzean eramaten diren idealismoak eta printzipioak. Galera handia da, nire ustez. Orduan, subiranismoa eta independentzia ziren masaren arnasa; gainera, masa horrek bizitasuna zuen, indarra, eta gizartea mugiarazten zuen. Orain, berriz, galdua du bere gaitasuna, neurri handi batean. Hala da, zoritxarrez, baina zer egingo diogu, ba.

Gogoan dut ilusio handiz bizi izan nuela 1974ko apirila, Portugalgoa. Ondorioa atera dut hura ona izan zela portugaldarrentzat, baina txarra guretzat. Madrilen, batzuek pentsatu zuten: kontuz, begira zer gertatu zaion aldamenekoari; hemen, har ditzagun gure esku giderrak, guri beste hainbeste ez gertatzeko. Orduan, gobernu frankistetan zeuden baina aldaketak behar zirela pentsatzen zuten haiek hariak mugitu zituzten Franco hil ondorengoa prestatzeko. Zer ondorio ekarri zuen horrek? Hauteskundeak egin, erreformak egin, beste gobernu batzuk, sistema demokratiko berria eta beste osatu eta gero ere, lehengo berak ziren funtsezko erakunde batzuk. Lehengo berak erakundeak, eta lehengo berak pertsonak. Magistratuak, fiskalak, poliziak, indar armatuak, unibertsitateak... nork bere postuan segitu zuen, eta guztiak demokrata bihurtu ziren egun batetik bestera. Horra hor daramagun zama handia, oraindik ordaintzen ari garena. Aginte toki horietan segitu zuten asko hilak dira jadanik, baina eskola sortu zuten. Hortxe daude oraindik.

Horren erakusgarri, oraingo eskuina. Espainiako Estatuan, eskuin hori isil-isilik egon zen 90eko urteen hasieran. Itzuli dira, bistan denez: haiei entzun besterik ez dago. Demokraziaren ukazioa dira, nik behintzat demokraziatzat daukadan horren ukazioa.

Uste dut orain dela 50 urte inork ez zuela pentsatuko orain Francori bibaka ariko zitzaizkionik ostera. 80ko urteetan ikusi genituen halakoak, Blas Piñar eta Fuerza Nueva tartean zirelako, baina ez zegoen Blas Piñar gobernura iristeko arriskurik. Oraingoak, ordea, autonomia batzuk gobernatzen ari dira, eta estatuko gobernuaren atarian daude.

 

Koldo Amezketa Diaz (Iruñea, 1944) 17 urterekin hasi zen politikan. EAJn egin zuen bidea lehenik, Xibertako elkarrizketetan parte hartu zuen, eta Napar Buru Batzarreko presidentea zela kanporatu zuten alderditik, 1986an. Eusko Alkartasuna sortu zuten ondoren, eta han osatu du bere ibilbide politikoa. 2007tik 2015era parlamentari izan zen Nafarroan. Abokatua da ogibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.